Batasuna gerraren hondarretan

Palestinako gobernu berria gaur elkartuko da lehenbiziko aldiz aurrez aurre, batasuneko ituna egin eta lau hilabetera.

Gaza berreraikitzea izango da premia handieneko gaia
Haur palestinarrak Gaza hiriko auzo batean. 50 eguneko gerrak birrinduta utzi du eskualdea, eta 100.000 lagun geratu dira etxerik gabe.
Haur palestinarrak Gaza hiriko auzo batean. 50 eguneko gerrak birrinduta utzi du eskualdea, eta 100.000 lagun geratu dira etxerik gabe. MOHAMMED SABER / EFE

Samara Velte -

2014ko urriak 9
Batasun nazionaleko ituna sinatu eta lau hilabetera, lehenbiziko bilera egitekoa da gaur Palestinako gobernu berria. Lehenengo aldiz, aurrez aurre elkartuko dira Rami Hamdallah lehen ministroa eta haren kabineteko kide guztiak. Premia handieneko gaiak izango dituzte hizpide; batez ere, nola aterako duten Gaza udako gerrak lagatako hondamenditik. Hala ere, esanahi berezia izango du batzarrak palestinarrak adiskidetzeko bidean.

Gazan elkartuko dira, leku esanguratsuan, gainera: Mahmud Abbasen etxean. 2007tik hutsik egon dira PAN Palestinako Aginte Nazionalaren Gazako egoitzak, Palestinako legebiltzarrarenak Zisjordanian bezalaxe. Hamas eta Al-Fatah etsaituta egon diren urteotan guztiotan, etenda egon dira politika nazionalerako organo nagusiak; nork bere lurraldea gobernatu du, elkarri traizioa egotzi diote, eta ez dute hauteskunde orokorrik egin zortzi urtean.

Orain, horiek guztiak berriz martxan jartzea da asmoa. Palestinar askok aspalditik eskatzen zieten bi alderdi politiko nagusiei etsaikeriak gainditzeko, baina adiskidetzeko saioek huts egiten zuten behin eta berriz, batez ere alderdi bakoitza bere aginte eremuarekin konforme zegoen garaietan: Egipton Anaia Musulmanak agintera heldu zirenean, Kairoren babesean eroso zegoen Hamas; Al-Fatahi, berriz, Israelek onartutako eskumen apurrekin pozik egotea egozten zioten. Azken urtebetean, baina, biak etorri dira gain behera: Hamas ohiko kideen babesik gabe geratu da, eta PANi huts egin diote Israelekin abiatutako bake negoziazioek.

Azkenean, elkarrengana gerturatzea erabaki dute. Apirilaren 26an jakinarazi zuten batasun nazionaleko gobernua eratuko zutela, Palestinako alderdi nagusien oniritzia jasoko zuen kabinete teknokrata batekin; sei hilabeteren buruan hauteskundeetara deitu beharko zuen hark. Ekainean izendatu zituzten ministroak, eta Al-Fataheko Hamdallah ipini zuten gobernuburu.

Ordutik, baina, oztopoak baino ez dituzte izan; nagusia, 50 eguneko gerra Israelen aurka. Hegi babesgarria operazioak birrinduta utzi du Gaza; 100.000 lagun etxerik gabe geratu dira, eta senideenean edo behin-behineko modulutan bizi dira. Egoera larria da, eta hartarako irtenbide bat topatzea izango da, oraingoz, gobernu berriaren zeregin nagusia.

Tarte honetan guztian ezin izan dute aurrez aurreko bilerarik antolatu gaiaz hitz egiteko, Israelek ez zielako baimenik ematen Gazako muga igarotzeko. Al-Fataheko ministroei ongietorri beroa egiteko eskatu die Hamasek Gazako herritarrei. «Bisita hau bihurgune garrantzitsu eta onuragarria da batasunerako bidean, eta ezinbestekoa da Gaza berreraikitzeko», ohartarazi du Ahmed Jusef bozeramaileak.

Adiskideak, ez lagunak

Bi alderdiek elkarren beharra dute: Hamas gabe, PANek ez dauka Gazan esku hartzeko aukerarik, eta palestinar asko ditu aurka; Hamasi, berriz, ez diote aitorpen txikiena ere egingo nazioartetik Al-Fatah alboan ez badauka. Hala ere, iraganeko susmo txarrek irauten dute oraindik: Abbas, esaterako, ziur da Hamas bera hiltzen saiatu izan dela, eta esan izan du ez dela Gazara itzuliko erresistentzia islamikoko mugimenduak bertako agintea utzi arte. Azken hilabeteotan Al-Fatahek gogor egin dio Hamasi palestinarren bozeramaile nagusi izaten utz diezaion, eta ez dio onartzen Israelen aurkako gerra irabazi duela esatea, gazatar askok horregatik babesten duten arren.

Israeldik ere ohiko gerrak jarraitzen du. Tel Avivek nekez baino ez die ministroei baimena eman muga igarotzeko, eta orain arteko okupazio politikei eutsi die, palestinarren lurrak hartuz Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean. Aste honetan bertan, Europako Batasunaren eta AEBen gaitzespena eragin du Israelgo Gobernuak, jakinarazi baitu 2.600 etxebizitza berri egingo dituela Jerusalem ekialdeko Givat Hamatos kolonian. Nazioarteko araudien arabera, legez kanpokoak dira Israelek lurralde okupatuetan eraikitzen dituen etxeak, eta auzi horrengatik hainbat bake prozesuk egin dute huts. Palestinarren sektore batek Nazioarteko Justizia Auzitegira jotzeko eskatzen dio PANi, baina hark ez du, oraingoz, horretarako urratsik egin; itxura batean, AEBak eta Israelen nazioarteko aliatu nagusiak ez haserretzearren.

Datorren asteburuan Gaza berreraikitzeko nazioarteko emaileen konferentzia egingo dute Kairon. Mundu osoko gobernuetako ordezkariak bilduko dira han, baita Gazan eraikuntza kontratuak lortzeagatik lehiatuko diren dozenaka enpresa pribatu ere. AEBek 700 milioi dolarreko donazioa agindu dute —550 milioi euro inguru—; eta hori ekarpen handiegia da palestinarrentzat, ihes egiteko uzteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna