NBEk Turkiari eskatu dio muga irekitzeko Kobani lagundu nahi dutenei

Siriako kurduek «hornikuntzarako korridore bat» eskatu diote AEBek zuzendutako koalizioari.

Ankarak Estatu Islamikoaren aurka parte hartuko du soilik bere baldintzak onartzen badituzte
Kurdistan banatzen duen mugan dago Kobani. Irudian, jendea borrokak ikusten Turkiako aldetik, atzo.
Kurdistan banatzen duen mugan dago Kobani. Irudian, jendea borrokak ikusten Turkiako aldetik, atzo. TOLGA BOZOGLU / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko urriak 11
«Turkiako agintariei eskatu nahi diegu utz diezaietela boluntarioei eta tresneriari hirian sartzen, defentsan lagundu dezaten». NBE Nazio Batuen Erakundearen Siriarako mandatariak egin du eskaera, Ankarak utz diezaien Kurdistan banatzen duen muga gurutzatzen Kobani hiriaren defentsan lagundu nahi duten milaka kurduri. «[AEBek zuzendutako] Koalizioaren disuasio ekintzak babestu beharko lituzke Turkiak bere lurraldetik, edozein bitarteko erabiliz», adierazi du Staffan de Misturak. Kurduen eskariekin bat egin du, beraz, NBEren bitartekariak. Anwar Muslim Kobaneko administrazioaren buruak adierazi du hiriaren «%30-40 artean» kontrolpean hartu duela IS Estatu Islamikoak. Turkiak, ordea, ez du jarrera aldatzeko asmorik agertu. Tanke gehiago pilatu ditu mugan, eta Recep Tayyip Erdogan presidenteak oposizioari egotzi dio indarkeria sustatzea, azken egunotan Turkian eta haren mendeko Kurdistanen Ankararen jarrera salatzeko protestetan izan diren liskarrengatik —40 inguru dira hildakoak—. «Turkia da Kobani lagundu duen herrialde bakarra».

Kobaniko administrazioburu Muslimek jakinarazi du hiriaren «segurtasun eremua» hartu duela ISk. Hainbat eraikin ofizial daude bertan: gobernuaren egoitza, auzitegia, polizia etxea, espetxea... «Laguntza orain jasotzen ez badugu, Kobani ISren mende eror liteke», adierazi dio Arabiar Emirerri Batuetako Al-Aan kateari. Muslimek erran du miliziano kurduek behar dutena dela «airetik armak helaraztea, zibilak ebakuatzea eta aire eraso gehiago». Oraindik, ehunka zibil hirian harrapatuta daudela diote kurduen iturriek, eta jakinarazi dute atzoko aire erasoak ez zirela eraginkorrak izan.

Asya Abdullah PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiko (Siriako kurduen indar nagusiko) kopresidenteak, berriz, «hornikuntzarako korridore bat» bermatzeko eskatu dio ISren aurkako nazioarteko koalizioari, Firat agentziak jakinarazi duenez. Kobanin dago Abdullah, eta AEBek zuzendutako koalizioari ere eskatu dio ISk Siria barnetik hornikuntza bideak bonbardatzeko, muturreko islamistak «etengabe» jasotzen ari baitira laguntza Kobaniko frontean.

Abdullahek eta ordezkari kurdu gehiagok eskatutako korridore hori eratzeko, ordea, Turkia ezinbertzeko eragilea da, mugako zatia baita ISk Kobani inguratzeko falta duen eremua. Zaila dirudi, ordea, Erdoganek YPG Herriaren Babeserako Unitateei (Siriako kurduen miliziei) laguntza ematea, bere hitzaldietan ISren maila berean paratzen dituelako, bertzeak bertze, «terrorista» izendatuta. AEBek zuzendutako koalizioak ere ez du plan argi bat agertu Kobaniko kurduei laguntzeko —behar adina aire eraso ez egitea egotzi diete kurduen ordezkariek—. Turkia ISren aurka haiekin elkartzea nahi dute, baina Erdoganek berriz ere baldintzak zeintzuk diren erran du: Siriako mugan lurreko «babes eremu bat» eta aire eremuaren debekua ezartzea, eta Siriako «oposizio moderatuari» armak ematea. «Baldintza horiek betez gero, Turkiak parte hartuko du. bertzela, ez», adierazi du presidenteak Trabzon hirian egindako ekitaldi batean. Baldintza horiez gain, helburu anbiziosoagoa ere jendaurrean adierazia dute Erdoganek eta Turkiako Gobernuko kideek: Baxar al-Assad Siriako presidentea boteretik kentzea. Barack Obama AEBetako presidenteak ISren gatazkarako izendatutako arduraduna —John Allen jeneral ohia— Turkian izan da negoziatzen, baina konpromisorik gabe bukatu du bidaia. Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroak erran du «estrategia orokor bat» aurkezteko eskatu dietela AEBei. Heldu den astean bi herrialdeetako arduradun militarrak bilera bat egitekoak dira.

Erdogan, oposizioari gogor

Etxean sortu zaion sutea baretzeko asmorik, berriz, ez du agertu Erdoganek, eta ohi duen gogorkeriaz, oposizioko bi alderdi nagusiei —CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoari eta HDP Herriaren Alderdi Demokratikoari (Kurdistanen burujabetzaren aldekoa)— leporatu die indarkeria sustatzea. «Turkia ez dela Kobani laguntzen ari erratea esker txarrekoa da. [Sirian eta Iraken esku hartzeko] Parlamentuaren mozioaren aurka paratu zineten, eta indarkeriarako deia egin zenuten Turkiak Kobaniri ez diola laguntzen erranda». Gutxienez, 37 dira joan den asteartetik Turkian eta haren mendeko Kurdistanen izandako istiluetan hildakoak —gehienak poliziek, muturreko nazionalistek eta muturreko islamistek hildako burujabetzaren aldeko manifestari kurduak eta bertzelako ezkertiarrak—. Selahattin Demirtas HDPko kopresidenteak KCK Kurdistango Herrien Konfederazioari (Turkiaren mendeko Kurdistanen burujabetzaren aldeko eragileak biltzen dituen plataformari) eskatu dio «ahaleginak» egin ditzala «tentsioa baretzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna