Egonkortasunari atea zabaltzeko akordioa lortu dute Ipar Irlandan

Datozen hamar urteetarako finantza plana hitzartu dute gobernua osatzen duten alderdiek.

Banderei eta desfileei buruz ez dira ados jarri, eta hurrengo bileretan jorratuko dute auzia

Oihan Vitoria -

2014ko abenduak 24
Askatu dute korapiloa. Bake prozesua desblokeatzeko elkarrizketak azkenera arte luzatu badituzte ere, hitzarmena lortu dute Ipar Irlandako Gobernua partekatzen duten bost indar politikoek. Ahalegina ez da antzua izan: 11 asteko negoziazio mardulen ostean, ados jarri dira bake prozesuaren garapenari «traba» egiten dioten zenbait auziren gainean, eta bide orri bat adostu dute. Orain, alderdi bakoitzaren baietza jaso beharko du itunak, barne prozesuetan. Hitzarmena, nolanahi ere, ez da erabat osoa. Banderen gerra auzian eta unionisten desfileek urtero sortutako gatazkaren gainean desadostasunak dituzte oraindik.

30 orduz luzatu da azken elkarrizketa sorta Stormonteko jauregian, eta urrunduak ziruditen jarrerak hurbildu dituzte alderdiek. Hitzarmena urtea bukatu aitzinetik erdietsi nahi zuten, eta horrela izan da. Eman ditu fruituak itxaroteak: akordioak Ipar Irlandaren egonkortasun politiko eta ekonomikoari atea ireki diezaioke, bake negoziazioei «bide» ematearekin bat. Besteak beste, epe luzerako finantza plan bat hitzartu dute.

Hain justu, Ipar Irlandako Gobernuak Erresuma Batukoari galdegindako finantzaketa baliabidea izan da elkarrizketen eztabaida iturri nagusia. Orain arte, Ipar Irlandako ordezkariek ez dute askitzat jo Londresen proposamen ekonomikoa. Azkenean, edonola ere, ados jarri, eta datozen hamar urteetarako finantza bideak zehaztu dituzte. 2,5 mila milioi euro inguru eskatu dituzte; Ipar Irlandaren «finantza ahalmena» luzerako «egonkortu» nahi dute hala. Lorturiko akordioak, gainera, ongizate sisteman erreformak ezartzen hastea ahalbidetuko du; Sinn Fein kontra agertu da orain arte. Erreformak, gutxi gora behera, 50.000tik 60.000ra arteko lanpostu berri eratzea ahalbidetuko luke, besteren artean. Ipar Irlandako enpresentzat, halaber, sozietate zerga propioa abian jartzea ontzat jo dute alderdiek. Theresa Villiers Ipar Irlandako Estatu idazkariak azaldu du %12,5en parekoa izango litzatekeela tasa; Irlandan dutenaren parekoa. Alderdiek ituna berresten badute, urtarrilean bertan parlamentura eraman dezaketela aurreratu du.

Ia 30 urtean 3.500 hildako eragin dituen iragana atzean uzteko «baliabide gehiago» ezartzea ere adostu dute Londres eta Dublingo gobernuburuek. «Bide berriak» hitzeman dituzte gatazkak eragin dituen heriotzak ikertzeko xedez; baita bake prozesuaren karietara zintzilik diren gaiak argitzeko ere. Azken bilera txandaren balorazio baikorra egin dute alderdiek; aurrerapausotzat daukate akordioa.

«Motz» geratu ote den ustea

Iraganari eta ongizateari lotutako zenbait auziri konponbidea emateko ekintza markoa hitzartzean ere bat egin dute. Izan ere, aspaldian ez aurrera ez atzera egon dira 1998an sinatutako bake prozesua «bururaino» eramatea trabatzen duten gaiak, errepublikanoen eta unionisten arteko tirabirengatik. Oztopo horiek gainditzeko asmoa du alderdiek lorturiko akordioak.

Motz geratu ote den sentsazioa du, ordea, Peter Robinson Ipar Irlandako lehen ministroak; hitzarmen «sakonago bat» espero zuen. Dena den, baikor mintzatu da, aurreko bileretan baino «askoz gehiago» eskuratu dutela iritzita. Esanguratsutzat jo du ituna bake prozesuan aurrera egiteko, baina onartu du oraindik ere «lan handia eta gogorra» dutela egiteko, lorturiko akordioa ez baitzaio nahi bezain emankorra iruditu.

Bide antzekotik jo du Erresuma Batuko lehen ministro David Cameronek. «Pozarren» agertu da, alderdiek «aurrera egin ahal izateko akordioa» lortu dutelakoan. Haren hitzetan, Erresuma Batuaren «gaitasunaren» erakusle da akordioa, Ipar Irlandaren egonkortasun ekonomikoari atea ireki diezaiokeen neurri sorta bat proposatu dutela eta. «Beste ikuspegi bat emango dio prozesuari. Finean, hasiera berri bat da etorkizunari irmo aurre egiteko; bidea eraikitzeko», adierazi du Ipar Irlandako lehen ministrorde Martin McGuinessek, eta ohartarazi oraino «zorrotz» jardun beharko dutela «promesa oro betetzeko».

Alor ekonomikoan politikoan baino arreta handiagoa jarri dute Ipar Irlandako alderdiek, jakinda batak besteari bide eman diezaiokeela. Finantzaketa «aproposa» edukitzeak bake prozesuari mesede egin diezaiokeela deritzote: McGuiness: «Airean diren gaiak argitzeko balioko du». Izan ere, George Osborne Erresuma Batuko Ekonomia ministroak hitzemana du Ipar Irlandan gatazkaz akordioa lortuz gero, Londresek eskumen fiskalak emango dizkiola Belfasti, finantza autonomia handiagoa eduki dezan. Cameronek ere xede hori berretsia dauka.

Gatazka politikoaren inguruko gaiak, ordea, hanka motz geratu dira akordioan. Eraikin publikoetako banderei eta unionisten desfileei buruz, adibidez, ez dute lortu ados jartzerik indar politikoek; lehen ere bistako desadostasunak agertu dituzte alderdiek auzi horren gaineko eztabaida guztietan. Negoziazioetan hitzarmen bat ixteko emaniko epea iraungita, hurrengo bileretarako utzi dute gaia, akordioa lortzearen mesederako. Zehazki, Sinn Feineko presidente Gerry Adamsek iragarri du hizketan segituko dutela 2015. urtean.

Gaelikoa, akordiotik kanpo

Data zehatzik ez dute jarri, Erresuma Batuan maiatzean egitekoak diren boz orokorretan jarriko baitituzte indarrak alderdi gehienek; akordiorik ezak Ipar Irlandako bozak arriskuan jar zitzakeen. Urtea hasterako espero dute hauteskunde kanpainari ekitea. Orduan, jarrerak gogortu eta aldendu daitezkeela uste du Adamsek.

Gaelikoa ingelesaren pare jarriko lukeen hizkuntzen lege berri bat nahi zuen Adams buru duen alderdiak Ipar Irlandarako. «Premiazko helburu» gisa zeukan gaelikoaren presentzia areagotzea, baina proposamenak ez du eskuratu gainerako alderdien babesik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna