Txinak «aro berri bati» ekin dio

Txinako sozialismoa garai berri baten atarian dagoela adierazi du Xi Jinping presidenteak alderdi Komunistaren Kongresu Nazionalean. Buruzagiaren figura sendotuta aterako da

Xi Jinping presidentea, atzo, Txinako Alderdi Komunistaren XIX. Kongresu Nazionalaren inagurazio ekitaldian, Pekinen. HOW HWEE YOUNG / EFE.
Olatz Urkia
Pekin
2017ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Xi Jinping presidentearen hitzetan Txinako sozialismoak «aro berri bati» ekin dio. Agintariak esaldi hanpatsu horrekin eman dio hasiera Alderdi Komunistaren Kongresu Nazionalari. Hitz handiak, gertaera handi batentzat; izan ere, Txinako Alderdi Komunistaren batzarra azken bost urteetan izan den gertaera politikorik garrantzitsuena da. Aste honetan aukeratuko dira herrialdeko buruzagi garrantzitsuenak, bai eta hurrengo urteetarako proiektu nagusiak ere.

Hiru ordu eta erdi iraun du haren hitzaldi triunfalistak, eta iraganari begiratzeko eta azken bost urteen errepasoa egiteko ere baliatu du agintariak. Adierazi du Txinak «aldaketa historikoak» izan dituela; 60 milioi lagun pobreziatik atera direla alderdiko idazkari nagusi izendatu zutenetik, 2012ko azaroan, eta handik gutxira, 2013ko martxoan, presidente kargua hartu zuenetik.

Pekingo Herriaren Jauregia inoiz baino dotoreago eta apainduago dago. Sobietar estiloko eraikin erraldoiaren barruan gorria da kolore nagusia: izar gorriak, alfonbra gorriak, gortina gorriak…

Xi Jinping iritsitakoan orkestra militarrak Txinako ereserkia jo du. Aretoan dauden guzti-guztiak, zutik jarri, eta abesten hasi dira; Politburuko Batzorde Iraunkorreko zazpi ordezkariak, presidente izandakoak, eta delegatuak, 2.300 orotara. Eserlekuen atzean, igitaia eta mailu erraldoien marrazkia.

Amets txinatarra

Jiang Zemin eta Hu Jintao alboan dituela mintzatu da Xi. Aurretik haren karguan egon direnean abaroan, batasun mezua irudikatu nahi du agintariak, alderdiaren barruan botere borrokak daudela ezkutatzearren, jakina bada ere zatiketak egon badaudela. Delegatuei, hala ere, elkarlanean aritzeko deia egin die.

Helburuak ere finkatu ditu. Txina herrialde handi sozialistabaina baita modernoa ere egitea: «Munduko nazio guztien gainetik nagusituko da». Bi etapatan egingo luke urratsa, 2020 eta 2015 bitartean «herrialde berritzaileen lehen lerroan» jarriko litzateke, 2050erako «nazio guztien artean zutitzeko».

Bide orria ere zehaztu du horretarako. Besteak beste, pobrezia, ustelkeria eta klima aldaketaren aurka borrokatzen jarraitzeko asmoei eutsi die Xik. Ekonomikoki ere ikur izango da Txina. Munduko bigarren potentzia ekonomikoa da gaur egun herensugea, bere barne produktu gordina zortzitik hamabi bilioi dolarretara pasatu baita.

Irekitasunaren aldeko joera ere nabarmendu du agintariak,eta ohartarazi «itxitasunak atzerapena» dakarrela. Eta amets txinatarraz ere mintzatu da buruzagi komunista: herritarren gero eta bizi kalitate hobeagoa posible egiten duen eredu sozialista defendatu du, herrialde sozialista indartsua sortzeko. Txinak, alderdiko ordezkariek etengabe errepikatzen duten moduan, ez du beste herrialdeetako modelo politikorik kopiatu nahi, eta agintariak berretsi bezala « bide propioa» sortuko du: «Atzerriko sistema politikoen ereduak ez ditugu mekanikoki gurean birplantatuko». Txinak, zehaztu duenez, ez du eredu hori, «diktadura demokratiko popularra», Mendebaldean inposatzerik behar: «Txinak sekula ez du hegemoniarekin amestuko, eta ez du espansionismoa praktikatuko».

Xi Jinpingen amets txinatarrean, hala ere, bakea dago ezeren gainetik, eta gainontzeko herrialdeekin ondo moldatzeko hitza eman du. Barne gatazkekin, baina, beste diskurtso bat egin du. Taiwani eta Hong Kongi buruz gogor mintzatu da, eta esan du ez dutela onartuko «herrialdearen batasunari» kalte egingo lioketen jarrerarik: «Taiwango independentzia sustatzen duten indar sezesionistei eraginkortasunez egin diegu aurre».

Ustelkeria

Eta, noski, ustelkeria ere ez du ahaztu. Horixe izango du hurrengo bost urteetarako bere beste erronka. Alderdi Komunistako goi kargudunen «praktika txarren» aurka izandako «borroka irmoa» azpimarratu du presidenteak, eta abian jarritako kanpainak «zorroztutako ezpata» bat izan direla; izan ere, 1,4 milioi funtzionario zigortu dituzte ustelkeriagatik.

Xi Jingpingen agintaldiaren ikur bilakatu da ustelkeriaren kontrako borroka, harekiko gurtza ulertzeko osagai ezinbestekoa baita, baina inork zalantzan jartzen ez badu ere benetan ezabatu nahi duen arazoa dela, agintariarekin kritiko diren ahotsek salatzen dute kanpaina hau ere lagungarri izan zaiola oharkabean bere etsai guztiak bidetik alboratzeko.

Orain, boterera iritsi eta bost urte eskasera, Xi Jinping Mao Zedongen garaitik Txinak izan duen agintaririk boteretsuena bihurtu da. Eta aditu gehienek aurreikusi dutenez, batzar honetan ikusiko dena da bere figura sendotuko duela, bere boterea indartuko duela, alderdiaren postu nagusietan gertukoak dituen politikariak jarriko dituelako.

Alderdiko 2.300 delegatuek, ia 90 miloi afiliatuen ordezkariak, babesa emango diote buruzagiari datorren asteazkenean, saioaren amaieran. Politburoko Batzorde Iraunkorreko zazpi ordezkariak aukeratzeko botoa ere emango dute. Hori bai, argi dagoena da, presidenteak boterean beste bost urtez edo agian gehiagoz jarraituko duela, eta, beste sei ordezkari nagusiak aukeratzeko orduan, haren hitzek beste 2.300 delegatuen botoek baino zeresan gehiago izango dutela.

Pekingo eguneroko bizimodua, bien bitartean, baldintzatua egongo da. Hilabetea hasi zenetik zentsura areagotu da Interneten. Kongresua hasi baino hiru bat aste lehenagotik, Whatsappa blokeatu egin zuten, eta orain ezin da libreki erabili, Twitter eta Facebook erabili ezin daitezkeen bezalaxe. Kaleak ixten ere hasi dira. Tiananmen plazaren inguruko jatetxe eta taberna guztiek ateak itxi behar izan dituzte azken egunotan. Hiriburuko plaza famatuenera kontrolak igaro gabe sartzea ezinezkoa da. Nonahi daude ikur gorriak. Alderdi Komunista benetan indartsua dela erakusteko ikur gorriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.