«Egoera inoiz baino ernegagarriagoa da»

Palestinako egoeraz ohartarazi dute gobernuz kanpoko hainbat erakundek: «Lurraldea gero eta zatikatuago dago, eta okupazioa gero eta errotuago». Netanyahu inputatzeko eskatu du Poliziak
Familia palestinar bat joan den urtarrilean, eskuak berotzen, Beit Hanunen, Gazan.
Familia palestinar bat joan den urtarrilean, eskuak berotzen, Beit Hanunen, Gazan. MOHAMMED SABER / EFE

Kristina Berasain Tristan -

2018ko otsailak 14
«Osloko Akordioen 25. urtemugan okupatutako lurralde palestinarrak gero eta zatikatuago daude, okupazioa gero eta errotuago, eta estatu palestinarra sortzeko itxaropena gero eta lausotuago». AIDA Palestinaren Garapenerako Nazioarteko Agentzien Elkartearen argazkia da. Israelen okupazioaren 50. urtemugaren harira txosten bat egin dute elkartea eratzen duten bertako eta nazioarteko gobernuz kanpoko 80 erakundek, eta, txostenaren ondorioak itzelak dira. «Egoera inoiz baino ernegagarriagoa da». 50 urteko okupazioa: ukapena, desjabetzea eta garapenaren atzeraldia izeneko txostenak ohartarazten du palestinarrak, ekonomikoki, gero eta pobreago direla, eta, giza eskubideen alorrean, gero eta indarkeria handiagoa pairatzen dutela, egiturazkoa izateraino.

Israelek duela mende erdi, 1967an, okupatu zuen Zisjordania, eta, Lerro Berdetik haratago, lurraldearen %60 bereganatua du jada. Ekonomiaren alorrean, bada, ondorio ugari ditu okupazioak, «dependentzia eta desoreka» areagotzen dituelako. Israelen esku daude landa eremu asko eta asko eta, hortaz, baita baliabide naturalak ere. Palestinarrak, horren eraginez, kokaguneetan lan egitera behartuta daude, bai eraikuntzan eta bai nekazaritzan, eta uraren banaketa ere israeldarren mesederako da, txostenaren arabera, «politika baztertzailea» egiten baita.

Giza eskubideen ikuspuntutik egoera ez da samurragoa. Jazarpena gero eta handiagoa dela dio txostenak, bereziki Hebronen eta Jerusalem Ekialdean. Militarren presentzia etengabea da, eta, horren ondorioz, palestinarrak «gau eta egun beldurrez eta estutasunez» bizi dira.

Palestinarren etxeen eraispena eta kokaguneen eraikuntza dira beste puntu beltzak. Israelek 1967an eraiki zuen lehen kokagunea, Gush Etzion. 51 urte geroago 200 kokagune baino gehiago daude. Egun, 400.000 judu bizi dira Zisjordanian. Eta Jerusalem ekialdean, beste 200.000. Palestinarrak, berriz, 2,93 milioi.

Datuok gerra demografikoa jartzen dute agerian. Populazio judua 6,3 milioikoa da —Israelen baino bi bider azkarrago handitu da lurralde okupatuetan juduen kopurua; izan ere, emakume kolonoek, batez beste, 7,7 haur dituzte—. Arabiarrak, berriz, 6,5 milioi inguru dira; Zisjordanian 2,93, Gazan 1,88 milioi, eta Israelen barruan beste 1,5.

Gazako egoera are latzagoa da, langabezia tasa handiagatik, osasun zerbitzuen eskasiagatik eta pobreziagatik. Ia bi milioi palestinar bizi dira han, erabat bakartuta.

Bada, panorama latz honetan, irtenbide bakarra okupazio militarra amaitzea dela uste dute gobernuz kanpoko erakundeek. «Estatu palestinar oparoa eta bizia sortzea da bidea».

Bost hamarkada, hainbat gerra, bi intifada eta milaka hildakoren ostean, baina, okupazioak aurrera jarraitzen du. Aste honetan bertan, kokagune batean beste 68 etxebizitza egiteko baimena eman du Israelek. Elazarren egingo dituzte etxebizitza berriak. Gobernuz kanpoko erakundeen arabera, «hutsalak» direlakoan, «asentamendu berriak» eraikitzen ari dira: «Trikimailu zaharra da kokagune berriak egiteko izena ez erabiltzearena».

«Difamazioa»

Benjamin Netanyahu lehen ministroaren kolonizazio politika dago errealitate horren atzean. Agintaria «Israelgo subiranotasuna» hedatzeko asmoa agertu du aste honetan; AEBekin horretaz aritu dela esan du agintariak. Baina Netanyahu ataka zailean dago barne kontuengatik. Atzo Poliziak hura inputatzeko gomendioa egingo zuela jakinarazi zuen, ustez eroskeria, iruzurra eta ustelkeria egiteagatik. Netanyahuk berak, telebistan egindako agerraldian, akusazioak «difamazioa» direla adierazi zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna