Iluntasunean barneratzen

Demirtasek epailearen aurrean deklaratu du lehen aldiz; Turkia HDP kriminalizatzen ari dela salatu du. Erdoganek ehunka lagun atxilotu ditu Afringo operazio militarra kritikatzeagatik

Selahattin Demirtasen aldeko elkarretaratzea, iragan urtarrilaren 12an, Istanbulen. SEDAT SUNA / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Selahattin Demirtasek hamabost hilabete darama preso, eta, atzo, lehen aldiz epailearen aurrean deklaratu ahal izan zuen, nazioarteko begiraleei sarrera ukatu bazieten ere. HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko presidente ohiak, haren kontrako epaiketako lehen saioan ez bezala, hitz egiteko aukera izan zuen atzo, iragan abenduaren 7ko saioan defentsarako eskubidea ere ukatu baitzioten. «Preso egon edo aske egon, borrokan jarraituko dugu, herrialde honen demokraziaren alde».Demirtasek, epaileari ere, propio duen erretorika xarmagarriz, bere hitzaldi, elkarrizketa eta poesietan etengabe jasotzen duen mezua helarazi zion, erresistentzian aritzekoa, aurreko igandean alderdiko buruzagitza berria izendatzeko kongresuan zabaldu zuen mezu bera; errepresioaren aurrean tinko eusteko asmoarena, alegia.

Demirtas HDPko buruzagitza hartu eta bi urtera atxilotu zuten, 2016ko azaroaren 4an, eta urtarrilean iragarri zuen uko egiten ziola alderdiko presidente karguari. Fiskaltzak 142 urte arteko kartzela zigorra eskatu du harentzat, «talde terrorista bateko» kide izatea leporatuta.

Epaiketa, baina, «injustua» eta «politikoa» dela adierazi zuen atzo buruzagi kurduak: «Parlamentua ikaratuta dago; sistema judizialak ausardia behar du». Bayram Arslan Demirtasen abokatua iritzi berekoa da: «Prozesu hau guztiz politikoa da. Horregatik pentsatzen dugu erabaki justurik hartu ezean jazarpen bidegabe hauek ez direla geratuko».

Turkiaren jazarpena aspaldikoa da, baina azken hilabeteotan areagotu egin da, alderdi kurduaren babesa indartzearekin batera. HPDk botoen %13,1 eskuratu zituen 2015eko ekainaren 7ko bozetan —emaitza historikoa—, eta handik bost hilabetera egindakoetan, azaroaren 1ean, errepresioa itzela bazen ere, %10eko langa gainditzea lortu zuen, parlamentuan 59 eserleku eskuratuz.

Recep Tayyip Erdoganen ametsak zapuztu zituen HDPk. Presidenteak konstituzioa aldatu nahi zuen sistema presidentzialista ezarri eta bere boterea handitzeko, eta helburu hori gerora lortu bazuen ere, iazko apirilaren 16an egindako erreferendumaren bidez, errepresio politikari eutsi zion.

«Autoritarismoa»

Datorren urteko azaroan egitekoak diren hauteskundeetan zer gertatuko den, hori da orain galdera. HDPk 21 eserleku galdu zituen bost hilabeteko tartean egindako bozetan, baina, dagoeneko, oposizioa egiten duen alderdi bakarra da, eta kurduak ez diren ezkerreko boto emaileak ere bereganatzen ari da. AKP Justizia eta Garapenerako Alderdiarengan ustezko estatu-kolpe saiakerak eta horren osteko giroak eraginik izango ote duen da beste zalantza. Erdoganek 50.000 lagun inguru atxilotu ditu 2016ko uztailaren 15az geroztik.

HDP ahultzea da, dena den, parametro islamikoetan agintzen duen presidentearen obsesioa. Demirtasek atzo epailearen aurrean jakinarazi zuenez, azken urte eta erdian alderdiko 3.000 kide atxilotu ditu Erdoganek. HDP «kriminalizatu» nahi izatea leporatu zion agintariari: «Autoritarismoa areagotzen ari da».

Azken asteetan alderdiko 31 kide atxilotu dituzte Turkian. Serpil Kemalbay izan da azkenetakoa; igandera arte HDPko jarduneko presidentea izan dena astelehenean kartzelatu zuten—atzo gose greba egiteari ekin zion—. Atzo, berriz, dozenaka lagun atxilotu zituzten Istanbulen, Adanan, Izmirren, Diyarbakirren, Batmanen, Sirnaken eta Vanen. Kurdistango 176 herri eta herrixketan, berriz, etxeratze agindua ezarri zuten.

Setio egoera ezarri, etxeak txikitu, lurrak erre, hiriak itxi, mendiak bonbardatu... Kurduen kontrako zigor kolektiboa sistematikoa da, eta, urtarrilaz geroztik, muga zeharkatu du errepresioak. Rojavako kurduen kontrako operazioa militarra abiatu zuen iragan urtarrilaren 20an Turkiak: Olibondo Adarra operazioa.Siriako Afrin kantonamenduaren kontrako erasoaldia salatzeak, baina, ondorio itzelak ditu. Turkiak 700 lagun inguru atxilotu ditu horregatik. Nurcan Baysa kazetaria da horietako bat; txio bat argitaratu eta hainbat ordura atxilotu zuten Diyarbakirren. Hauxe idatzi zuen: «Tankeek ez dute olibondo adarrik ekarriko, bonbak baizik. Eta erortzen direnean pertsonak hilko dituzte. Ahmed hiltzen ari da. Hassan hiltzen ari da. Rodi hiltzen ari da. Misgin hiltzen ari da».

Gerra krimenak

Afrinen, izan ere, dozenaka zibil hil dituzte operazioa hasi zenetik. Hainbat erakunderen arabera, gerra krimenak egiten ari dira han; izan ere, 180 zibil hil dituzte, eta hiru astean 833 familiak ihes egin dute. Erasoak kritika ugari eragin ditu. Pervin Buldan HDPko buruzagi berriak, esaterako, kargua hartzeko ekitaldian salatu zuen operazio militarra, eta, hura izendatua izan eta biharamunean bertan, hura ikertzeko agindua eman zuen Turkiak. «Utz itzazue samina eta suntsipena eragiten duten gerra politikak. Irtenbidea ez da gerra, baizik eta bakea. Irtenbidea ez da Afrinera joatea, Imralira joatea baizik». Horiexek izan ziren bere hitzak.

Abdullah Ocalan buruzagi kurdua atxilotuta dagoen kartzela da Imrali. Eta haren atxiloketaren 19. urtemugaren harira —gaurko egunez atxilotu zuten—, elkarrizketarako deia egin zuen Buldanek. «Bake prozesua amaitu zenean, Turkia iluntasunean barneratu zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.