Israeli bizkarra, eta aurrera

Palestinarrek gero eta garbiago adierazten dute nazioartera jotzeko asmoa.

NBEren Segurtasun Batzordeak larrialdiko bilera egingo du gaur, kolonien auziaz eztabaidatzeko
Palestinarrak Jerusalem Ekialdeko meskita batean errezoan, Israelgo Poliziak kontrolatzen dituela. Hainbat istilu izan dira han azkenaldian.
Palestinarrak Jerusalem Ekialdeko meskita batean errezoan, Israelgo Poliziak kontrolatzen dituela. Hainbat istilu izan dira han azkenaldian. OLIVER WEIKEN / EFE

Samara Velte -

2014ko urriak 29
Palestinarrek eskatuta, larrialdiko bilera egingo du gaur Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordeak, lurralde okupatuetako kolonien auzia eztabaidatzeko. Israelgo Gobernutik heldutako probokazio zerrenda luzearen atal berrienak 1.000 etxebizitza gehiago eraikitzeko asmoa dakar, eta horixe baliatu dute palestinarrek New Yorkera jo eta Ekialde Hurbileko «krisi egoera» salatzeko. Jordaniak NBEn duen ordezkariaren ahotik egin dute eskaera: «Israel arinkeriaz aldendu da bakerako bidetik, eta [Segurtasun] Batzordeak eskatu behar dio gehiegikeriak behingoz amaitu eta bakearekin konprometitzeko».

PAN Palestinako Aginte Nazionalaren eta Israelgo Gobernuaren arteko bake negoziazioek huts egin zutenetik, gaiztotzera egin du Ekialde Hurbileko gatazkak. Azken asteotan, ia egunero heldu dira Israelgo sektore eskuindarrenek —besteak beste, kolonoek— arabiarren aurka egindako erasoen albisteak, eta gobernuaren errepresio eta kolonizazio politika berriak ere probokaziotzat jo dituzte palestinarrek. Al-Fatah alderdiko Jibril Rajubek ohartarazi duenez, «aldebakarreko ekintza horiek jarraitzen badute, egoera lehertu egingo da».

Otzanenen pazientziak ere mugak dituela erakusten ari da PAN, eta geroz eta sarriago saihesten du Tel Aviveko negoziazioen karta nazioartera heltzeko. Hainbat bider iradoki duenez, NBEri egutegi zehatz bat eskatzekotan da, Israelen okupazioa amaitzeko behin betiko data ezarri dezan, eta indarrean sar dadin duela 20 urte baino gehiago adostutako irtenbide politikoa. Bi aldeek 1993an sinatu zuten Osloko Ituna: bost urteren buruan bi estatu independente sortzeko agintzen zuen hark. Israeldarrek 1948ko gerran eskuratutako lurretan eraiki ahalko zuten estatu judua; eta behartuta leudeke palestinarrei Zisjordania, Gaza eta Jerusalem Ekialdea itzultzera.

Palestinan errezelo handia eragiten duen proposamena da, eta askok amarrutzat jotzen dute; besteak beste, ez diolako aipamenik egiten Israelek 1967az geroztik Zisjordanian eraiki dituen koloniei, eta ez duelako konpontzen 1948an euren lurretatik egotzi zituzten errefuxiatuen arazoa. Baina bi estatuena nazioarteak onartzen duen irtenbide bakarra da.

NBEk legez kanpokotzat jotzen ditu Israelek lurralde okupatuetan eraikitzen dituen koloniak, baina, orain arte, Mendebaldeak eta haren aliatu boteretsuenek arreta gutxi eskaini diote auzi horri. Koloniei buruzko eztabaidak negoziazio saio antzuetan disolbatzen ziren, Tel Avivek etxeak eta postu militarrak eraikitzeko denbora irabazten zuen bitartean. Orain, palestinarrak ziurtasun gehiagorekin jokatzen hasi dira. Zazpi urte banatuta igaro ostean, batasuneko gobernua osatu dute Zisjordaniako eta Gazako alderdi nagusiek; barruko kontraesan eta ezinikusi ugari dituzten arren, etsai komunak behintzat batzen dituela ematen du, eta horrek segurtasuna eman dio PANi nazioartera jotzeko.

Kolonoen erasoak

Israelentzat, presio bikoitza da. Batetik, palestinarrak euren kabuz antolatzen ari direla ikusten du; bestetik, aspaldiko mesfidantza keinu nabarmenenak jaso ditu nazioartetik. Gazako gerrak kalte handia eragin dio Israelen irudiari, eta haserrea eragin du bazter ugaritan. Orain arte posizio lausoak zituzten hainbat erakundek Israelen gerra politika kritikatu dute, eta batzuk palestinarren alde mintzatu dira: duela gutxi, Palestinako Estatua aitortzeko prest agertu zen Suediako lehen ministroa, eta Erresuma Batuko Parlamentuak ere horren aldeko mozio bat onartu zuen, aldeko 274 botorekin eta aurkako 12rekin —gobernuko diputatuek ez zuten bozkatu—. Europako Batasuna eta AEBak ere ohi baino zorrotzago mintzatu dira kolonien inguruan, eta Washingtonek ohartarazi du haiek ez direla «bateragarriak bakearekin». Keinu erabat sinbolikoak dira, eta oso urrun daude estatuok benetan egin lezaketenetik, baina Mendebaldearen haur mainatuak sekula egin ez dioten errieta aditu du azkenaldian.

Kanpora begira, ohiko zurruntasunean gotortu da Tel Aviv, eta jakinarazi du ez duela «Defentsa politika» aldatuko. Palestinan, amorru eta desesperazio keinua dirudien errepresio kanpaina gogorra abiatu du. Segurtasun indarrek hainbat sarekada egin dituzte azken asteotan Zisjordanian, eta gobernuak 35 etxebizitza desjabetzeko agindua eman du Jerusalem Ekialdean. Israelen lan egiteko baimena duten palestinarren aurkako neurri polemiko bat ere abiatu du Moshe Yaalon Defentsa ministroak: ezin izango dituzte juduen autobus berberak erabili etxera itzultzeko.

Egoerak hauspotuta, Zisjordaniako kolonoek hainbat eraso larri egin dituzte azken asteotan: besteak beste, olibondoak erre eta haietan lanean ari ziren palestinarrak jipoitu dituzte. Egoera are gehiago gaiztotu zen aurreko astean, palestinar batek hainbat lagun autoarekin harrapatu zituenean; haur israeldar bat eta Ekuadorgo emakume judu bat hil zituen.

Orain, Ekialde Hurbileko sua New Yorketik itzaltzeko eskatu diote NBEri. Errietaz harago, ordea, Israel norabidea aldatzera behartuko duten politikak ikusi nahi lituzkete palestinarrek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna