Kolpean, hiru Pekinera

Munduko Atletismo Txapelketan ariko dira Naroa Agirre eta Adrian Valles, pertika jauzian, eta Trihas Gebre, 10.000 metrokoan

Naroa Agirre, jauzi bat egiten, Zurigoko (Suitza) iazko irekian. ENNIO LEANZA / EFE.
2015eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Euskal Herriko atletismoaren egoera zuzentzen ari da apurka. 2011n Mikel Odriozola Daegun (Hego Korea) aritu zenetik, ez da euskal atletarik izan Munduko Atletismo Txapelketan, baina aurtengoa desberdina izango da. Hiru euskal atleta ariko dira Pekinen: Naroa Agirre (Donostia, 1979) eta Adrian Valles (Iruñea, 1995) pertika jauzian, eta Trihas Gebre (Wokru, Etiopia, 1990), berriz, 10.000 metroko proban. Txapelketa hilaren 22an hasiko da, eta 30ean bukatu.

Agirre da horrelako lehia batean esperientzia duen bakarra. Bosgarrenez hartuko du parte Munduko Txapelketan. 2011n eta 2013an gertatu bezala, aurten ere ezin izan du 4,50 metroko gutxieneko marka lortu —4,46 m izan du markarik onena—, baina, zalantza egunak igarota, jakin du Pekinen izango dela azkenean. Izan ere, parte hartzaile gutxi zeudela eta, Nazioarteko Atletismo Federazioak gonbidatu egin du Donostiako atleta. Sei urte igaro dira azkenekoz Munduko Txapelketa batean izan zenetik —2009an, Berlinen—. Aurrez, Paris (2003), Helsinki (2005) eta Osakan (2007) ere lehiatu zen.

Adrian Valles, berriz, esperientzia horren faltan dago. Gazte mailako txapelketetan aritu da orain arte, eta, 20 urte eskasekin, bere lehen Munduko Txapelketa jokatuko du. Maiatzean bereganatu zuen Pekinen izateko aukera, 5,65 metro igarota. Connecticuten (AEB) egin zuen marka, hango unibertsitate batean. Urratsez urrats, edo Vallesen kasuan jauziz jauzi, goraka doan kirolaria da. Datorren urtean Rio de Janeiron jokatuko diren Olinpiar Jokoetarako aukerak pilatuz doa, eta han izateko gutxieneko altuera gertu du: 5,70 metroko jauzi batek emango lioke modua Brasilerako sailkatzeko.

10.000 metro 27.50ean

Bestelakoa da Trihas Gebreren egoera. Harentzat ere munduko lehen pista txapelketa da, 10.000 metroko proban aritzeko. Etiopian jaio bazen ere, Espainiako selekzioarekin ariko da. Historia berezia du Gebrek; bost urte Euskal Herrian igaro ditu, eta bertakotu egin da. 2010ean iritsi zen, Etiopia Utopia proiektuarekin, bi hilabetean hainbat lasterketatan parte hartzeko asmoz, tartean Behobia-Donostian. Harrezkero, Donostian bizitzen jarri eta han entrenatu du; bertan ezkondu da, gainera, eta hala lortu zuen Espainiako herritartasuna, iaz.

Txinara itzuliko da orain, oroitzapen gozoa utzi zion herrialdera. Martxoan izan zen han, Munduko Kros Txapelketan, eta, 10.000 metroak 27.50 markarekin eginda, munduko pista txapelketarako sailkatzea lortu zuen. Hilaren 24an lehiatuko da. Kros txapelketan hamabosgarren izan zen, eta zail izango du dominen lehian sartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.