Urrutira bidaiatu behar

Hertha Berlin, Luhansk eta Oestersunds izango dira Athleticen aurkariak Europa ligako taldekako fasean; Realarenak, berriz, Zenit, Rosenborg eta Vardar. Donostiarren multzoa gogorragoa da

Hertha Berlin eta Zenit. Itxuraz, euskal taldeen aurkari zailenak. CLEMENS BILAN ETA ANATOLY MALTSEV / EFE.
Kerman Garralda Zubimendi.
2017ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Europa ligako taldekako faseko zozketak urrutira bidali ditu Athletic eta Reala. Zuri-gorriei J multzoan egokitu zaie, Hertha Berlin, Luhansk eta Oestersunds taldeekin. Txuri-urdinek, berriz, L multzoan jardungo dute Zenit, Rosenborg eta Vardar taldeen aurka. Urruneko taldeak dira denak, Europa ipar-ekialdekoak.

Txuri-urdinek Errusiara, Norvegiara eta Mazedoniara bidaiatu beharko dute, joan-etorrian; 15.000 bat kilometro, gutxi gorabehera. Zuri-gorriek ere beste horrenbeste egin beharko dituzte. Alemaniara eta Suediara joan behar izateaz gain, Ukraina ekialderaino, Lugansk hiriraino, joan beharko baitute. Marra zuzen bat eginez gero, 3.200 kilometro inguruk banatzen ditu San Mames eta Slavutych Arena.

Biek ala biek hotzari ere aurre egin beharko diote. Partidak iraila eta abendua bitartean jokatuko dira. Ez da giro izango, adibidez, urrian Suedian edo azaroan Norvegian.

Hotzak, distantziak eta aurkariak ahaztuta, Athleticek eta Realak badituzte hurrengo fasera sailkatzeko aukerak. Etxean jokatutako partidak erabakigarriak izango dira horretarako.

Printzipioz, Athletici bera baino aurkari ahulagoak egokitu zaizkio. «Zozketa ona izan da. Aurkariekiko errespetua galdu gabe, fasea gainditu beharko genuke», adierazi zuen zozketan Athleticen ordezkari lanak egin zituen Carlos Gurpegik. Bi kanporaketa-aurre gainditu behar izan dituzten arren, lehen otarrean ziren zuri-gorriak. Hau da, multzoburu ziren eta, hortaz, aurkaririk arriskutsuenekin ezin zuten topo egin.

Egokitutako aurkarien artean gogorrena Hertha Berlin da.Egun, Bundesligan laugarren postuan dago, eta, joan den denboraldian, seigarren amaitu zuen. Halere, gainerako aurkariekin ere adi ibili beharko du Athleticek: Oestersunds talde suediarrak hiru kanporaketa-aurre gainditu ditu, eta tartean Galatasaray eta PAOK taldeak menderatu ditu, besteak beste; eta Zorya Luhansk talde ukrainarra etxean menderatzea ez da lan erraza izango. Urruti egoteaz gain, Lugansk ingurua gerran murgilduta dago, eta ez da futbolean aritzeko girorik egokiena. «Talde bakoitzak bere zailtasunak ditu. Baina horiek ez daude gure esku, eta ez gara kexatzen ibiliko», nabarmendu du Jose Angel Ziganda Kuko Athleticeko entrenatzaileak.

Zenit, aurkaririk gaiztoena

Europa liga honetan multzo zailik badago, hori L multzoa da, Realarena. Europako Futbol Elkarteen Batasunak, UEFAk, aurreko urteetan Europako txapelketetan egindako lanaren eta jokatzen duten ligaren arabera, talde bakoitzari puntuak ematen dizkio. Arsenalen atzetik, Zenit zen punturik gehien zuen taldea: 72.556 puntu, zehazki. Zoriak Realaren bidean jarri du Roberto Manciniren taldea.

Beste aurkariak ez dira samurragoak: Rosenborg norvegiarra eta Vardar Skopje mazedoniarra. Europan talde ezaguna da Rosenborg. Azken bi ligak irabazi ditu. Gainera, Ajax, Europa ligako egungo txapeldunordea kanporatu berri du. Vardar, berriz, talde arriskutsua da. Txapeldunen Ligatik kanporatu zuten arren, Fenerbache gainditu du taldekako fasean egoteko.

Kontuak kontu, Anoetan lan ona eginda, Realak izango ditu aurrera egiteko aukerak. «Europara itzultzeko genuen gogoarekin, berdin dio nora bidaiatu. Lan txukuna egin nahi dugu, eta fase hau gainditu», azaldu du Carlos Martinezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.