Ghouta ekialdea eskuratu du armadak, matxinoak azken eremutik egotzita

Siriako Gobernuaren aurka matxinatu ziren talde islamisten esku egon da sei urtez eskualdea. Douman ustez arma kimikoekin egindako erasoari erantzutea aztertzen ari dira hainbat estatu
Ghouta ekialdean dagoen Zamalka hiriko irudia. Herenegungoa da argazkia.
Ghouta ekialdean dagoen Zamalka hiriko irudia. Herenegungoa da argazkia. YOUSSEF BADAWI / EFE

Kristina Berasain Tristan -

2018ko apirilak 13
«Siriako historiako pasarte nabarmen bat gertatu da gaur. Doumako eraikin batean, estatuaren bandera altxatu dute, adierazteko kontrolpean dagoela gune hori eta, beraz, Ghouta ekialde osoa». Juri Jevtuxenko Errusiako armadako jeneralak atzo egindako iragarpenak zazpi urte dirauen gerra zibilaren statu quo-aren aldaketa dakar. Siriako armadak berreskuratu egin du azken sei urteetan talde matxino islamisten esku egon den eskualdea. Douma zen gobernuaren kontra matxinatu ziren talde suniten azken gotorlekua. Islamaren Armada talde salafistak, antza, igandean hitzartu zuen ebakuazioa, eta atzo talde horretako 4.000 kidek eta horien familiek utzi zuten hiria. Issam Buwaydani talde salafistako buruzagiek ere hiritik alde egin dute.

Baxar al-Assaden gobernuak, garaipen militar honekin, herrialdearen bi heren kontrolatzen ditu dagoeneko: matxinoak zokoratuta daude, iparraldean zabalago, eta erdialdeko eta hegoaldeko eremu txikietan hertsiago, eta armadak hiriak, kostaldea eta eremu estrategikoak dauzka menpean. Errusiaren eta Iranen babesa ezinbestekoa izan da, gerra hasi zenetik duela hiru urtera arte —aliatuen sostengua jaso zuen arte— bere burua kolokan ikusi zuen Al-Assadentzat. 2011tik, berriz, milioi erdi bat lagun hil dira gerran, eta populazioaren erdia desplazatuta dago, asko eta asko erbestean.

Douma Damasko hiriburutik kilometro gutxira dago, eta armadak setiatua zuen 2013az geroztik. Ghouta ekialdea berreskuratzeko azken erasoaldia joan den otsailean hasi zuen, eta, ordutik, 165.000 zibilek alde egin dute handik; horietako 41.000k, Doumatik. Atzo hirira itzultzen ari ziren hainbat zibil, eta giza laguntza eramatekotan da NBE —10.000 lagun hil dituzte sei urtean—.

Asteburuan hirian ustez izandako eraso kimikoen ostean etorri da talde islamisten erretiratzea. Orain gakoa da argitzea gobernuak benetan arma kimikoak erabili ote zituen. OPCW Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeko ordezkariak atzo eta gaur artean iritsiko dira herrialdera, eta larunbatean hasiko dira lanean gobernuak benetan arma kimikoak erabili ote zituen ikertzeko. Oposizioko iturriek salatu zuten armadak gai toxikoren batekin eraso ziela zibilei eta 40 lagun hil zituztela gutxienez. OME Osasunaren Munduko Erakundeak, berriz, herenegun adierazi zuen 500 herritarrek gai toxikoren batekin pozoitu izanaren «zantzuak eta sintomak» zituztela.

Nazioartearen erantzuna

Arma kimikoen erabileraren inguruko baieztapena edo ukapena iritsi bitartean, baina, mundu gerra txiki honetan, denek dute zeresana, eta batzuen eta besteen aliatuen bertsioak zeharo ezberdinak dira; batzuk erantzun militarra emateko moduko erasoa ikusten duten lekuan, besteek gobernua aldatzeko eta presidentea agintetik kentzeko aitzakia ikusten dute.

Al-Assaden iritziz, Mendebaldeko estatu batzuen «ahotsak eta mugimenduak eskualdea ezegonkortzeko eta gertaeren bilakaera aldatzeko xedea daukate.

Donald Trump AEBetako presidentea, berriz, irmo mintzatu da esku hartzeaz, nahiz eta atzo bezperan esandako hitzak leundu zituen. Erasoa «oso azkar edo ez horren azkar» egingo dutela zehaztu zuen, bezperan misilak prest zituela eta erabakia 24 orduren buruan hartuko zuela esan bazuen ere. Errusiarentzako mezua zen. Eta Pentagonoa «kontrolatu ezinezko» enfrentamendua «saihesteko» zuhurrago agertu da. James Mattis Defentsa idazkariak zehaztu zuen frogak «bilatzen» ari direla eta «oraindik» ez dela erabakirik hartu.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ere ez du zalantzarik: baieztatu zuen frogak dituztela baieztatzeko Siriako armadak eraso kimikoa egin zuela. Gobernuaren indarren aurka erasoaldi bat egitea aztertuko duela ere esan zuen —Herbehereak ere termino beretan mintzatu dira—. Eta Erresuma Batuko Gobernua ere prest agertu da erantzun bat emateko. Theresa May lehen ministroak uste du gobernuak agindu zuela eraso kimikoa, eta hori ezin dela geratu nazioartearen erantzunik gabe. Esku hartze baten aurrean, baina, laboristak kontra ditu. Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buru eta oposizioko lider nagusia erasoaldi bat egitearen aurka dago, eta lehen ministroari exijitu dio hori egitea erabakiz gero parlamentuari emateko azken hitza. Alemaniak, berriz, uko egin dio esku hartzeari.

Errusia eta AEBen arteko tentsioa, hala ere, gero eta handiagoa da. Vasili Nebenza NBErako Errusiako enbaxadorea «gerra arriskuaz» mintzatu zen, eta bihar bertan bilera egitea galdegin dio Segurtasun Kontseiluari. Tartus hirian zituen ontziak erretiratu egin dituela ere esan du Moskuk.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna