Ukrainako matxinoek salatu dute 400 gorpu topatu dituztela lurpean

Donetsken aurkitu dituztela adierazi dute, eta hildako gehienak zibilak direla.

Gorpuak identifikatzeko «laguntza» eskatu diote Moskuri.

Bederatzi soldaduren «hilketa» salatu du Kievek
Leninen estatua eraitsi zuten herenegun Kharkiv hirian. Ekintza babestu du Ukrainako Barne ministroak.
Leninen estatua eraitsi zuten herenegun Kharkiv hirian. Ekintza babestu du Ukrainako Barne ministroak. SERGEI KOZLOV / EFE

Oihan Vitoria -

2014ko irailak 30
Donetsk eskualdeko hobi komun batean 40 zibilen gorpuak aurkitu eta astebete eskasera, beste 400 hilotz topatu dituztela azaldu dute milizia errusiazaleek. Gaur-gaurkoz Ukrainako matxinoen kontrolpean dauden esparruetan agertu dira gorpuak. Esan dutenez, zibilenak dira gehienak; 350 inguru. Egoera «lazgarrian» daude, eta esan dute «ia ezinezkoa» dela zeinenak diren jakitea. Hori dela eta, «laguntza» galdegin diote Errusiako Gobernuari, identifikazioan eskarmentua duten adituak bidal ditzan berehala.

Matxinoek Donetskeko hainbat eremu beren gain hartu baino lehen, Kieveko armadak zeukan esparru horien kontrola. Armadako kideak Ukraina ekialdeko hiri nagusietan barru-barruraino sartu dira azkeneko hilabeteotan. Horiek horrela, milizia errusiazaleek uste dute «ekintzaileenak» izan daitezkeela aurkitu dituzten 400 hilotzak. Mosku laguntzeko prest badago, gorpuei «DNA probak» egitea da matxinoen helburua.

Kievek eta matxino errusiazaleek hil honen arestian adostu zuten Ukraina ekialdeko su-etena. Orduz geroztik, baina, behin baino gehiagotan egotzi diote elkarri indarrean den menia apurtu izana. Egunotan, kasurako, okerrera egin dute Ukraina ekialdeko milizien eta gobernuko tropen arteko erasoek. Bare ziruditela, berriro hasi dituzte borrokak Donetskeko aireportutik hurbil.

Bonbardaketen berri eman du Kieveko armadak, eta salatu bederatzi soldadu hil eta beste 27 zauritu dituztela matxinoek. Petro Poroxenko Ukrainako presidentearen aholkulari Juri Biriukoven arabera, bederatzi soldaduetatik zazpi obus batek jota zendu dira. Milizia errusiazaleek, berriz, erantzun dute soldaduak «gogor» oldartu zaizkiela azkeneko orduetan, eta bost matxino hil dituztela tankeak erabilita.

Ekintza armatuek Donetskeko inguruak hartu dituztela baieztatu du hiriko alkateak, eta «gutxienez» hiru zibil hil, eta bost zauritu direla igandeaz geroztik, kanoikada eta eztanden eraginez.

Maiatzean aldarrikatu zuten independentzia talde errusiazaleek. Horren ondoren ekin zion Kieveko gobernuak ekialdearen kontrako operazio militarrari. Luhansk eta Donetskeko eskualdeetan «Herri Errepublikak» aldarrikatu dituzten autodefentsa taldeek oraindik aginteari eusten diote eremu nagusietan, baina armadak min handia egin die. Azken boladan egoerak baretzera jo badu ere, berpiztekotan egon daitekeela dirudi; egunotako erasoak dira horren erakusgarri. Azkeneko hilabeteotan, 3.500 lagun baino gehiago hil eta 8.000 inguru zauritu dira, Nazio Batuen Erakundearen esanetan.

Leninen estatuak, eraitsita

Azken orduetan, gainera, Vladimir Leninen bi estatua bota dituzte dozenaka manifestarik. Ukrainako Barne ministro Arsen Avakovek babestu egin ditu ekintza horiek. «Idoloarena ez, soilik herritarren segurtasuna bermatzeko agindu diet poliziei. Jendeak sufritzen ez duen artean, eror daitezela estatuak, idolotzat jotzen duten odolzale horrek, behingoagatik, biktima gehiago eragin ez ditzan», adierazi du Avakovek.

Denetan jendetsuena, herenegun Kharkiven egindako ekintza izan zen. Svoboda enparantzan elkartutako manifestariek sokak, mailuak eta zerrak erabili zituzten, oroigarria apurtu, eta tiraka eraisteko. Lau ordu kosta zitzaien.

Sobietar Batasunaren garaietatik «tinko» segitzen zuen estatua handiena zen Kharkivekoa. Bestea, ordea, Dergatxi hirian eraitsi zuten nazionalistek, herenegun. Iragan urtearen amaieratik, Viktor Janukovitx Ukrainako presidente zenaren aurkako protestak hasi zirenetik ugariak izan dira Sobietar Batasunarekin loturiko ikurrak hondatzeko ekintzak. Denera, 160 inguru egin dituzte. Sinbolikoena, aurrenekoa: iazko abenduan, Leninen estatua eraitsi zuten Kieven erdigunean.

EBk, bestalde, agiri batean berretsi du 2016ra arte gibelatuko dela Ukrainarekin duen elkartze akordioa. Aurki indarrean sartuko bada ere, zati labainkorrena, arlo ekonomikoari dagokiona, atzeratuko dela oroitarazi du. Beraz, merkataritza askeko guneak itxaron beharko du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna