«Milaka errefuxiaturen harrera ezin da arazo izan Italiarentzat soilik»

Italiako Barne ministroak uste du estatu kide guztiei dagokiela asilo eskatzaileak hartzea. Salvinirentzat, Dublingo Hitzarmenaren erreforma ez da aski. Tunisiako kostaldean 112 errefuxiatu hil dira

Immigrante bat asteburuan tiroz hildako beste baten irudiarekin, atzo, San Ferdinandon, Italian. MARCO CONSTANTINO / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Matteo Salvini promesak bete egiten dituzten politikari urrienen artean dago. Italiako Barne ministro eta presidenteorde izendatu eta hiru egunera, agerian utzi du asmo irmoa duela hauteskunde kanpainan esandakoak betetzeko. Iragarri du ez duela babestuko Europako Batasuneko Barne ministroek gaur aurkeztekoa duten dokumentua: «Italia zigortuko dute berriz ere, hegoaldeko beste herrialdeekin batera, iparraldeko eta ekialdeko herrialdeen mesedetan». Dublingo Hitzarmenaz ari zen ministroa. Zuzentarau horrek zehazten du errefuxiatuek iristen diren aurreneko estatuan egin behar dutela asilo eskaera, baina, ministroaren arabera, «erantzukizunaz eta elkartasunaz» aritzea ez da aski, eta itunaren erreformatik haratago joan behar da: «Milaka errefuxiaturen harrerak ezin du soilik arazo izan Italiarentzat. Edo Europak esku bat botatzen digu segurtasuna bermatzeko edo beste bide batzuk bilatu beharko ditugu». Europara iristen diren immigranteen birkokapenak «derrigorra eta automatikoa» izan behar duela adierazi izan du ministroak«parametro objektibo eta kuantifikatuekin».

Udal hauteskundeak

Pozzanon egin ditu adierazpenak Salvinik. Siziliako hiri horretan ere kanpaina egiten ari da, izan ere, heldu den igandean udal hauteskundeak dituzte herrialdean, eta hauteskunde orokorren formulari heldu dio oraingoan ere Lega Nordek.Errefuxiatuen krisiaren zero gunetik mezu xenofoboak helarazi ditu ministroak: «Siziliak ezin du Europako errefuxiatu gunea izan».

Italiara 13.521 errefuxiatu iritsi dira aurten, iaz epe berean baino %70 gutxiago. Lega Nordeko ministroaren hitzetan egoera «eutsiezina» da, eta «klandestinoei bizimodu ona amaitu» zaie. Horren aurrean neurri zorrotzak iragarri ditu.Bost urtetan milioi erdi bat iheslari kanporatuko ditu, errefuxiatuen harrerara bideratutako dirua murriztuko du, eta «kontrol eta kanporaketa politika eraginkorragoak» ezarriko ditu: «Euren etxeetara bidaltzea izango da gure lehentasuna». Afrikako herrialdeekin alde biko akordioak egingo dituela ere jakinarazi du. Egun Nigeria, Tunisia, Maroko eta Egiptorekin ditu sinatuta akordioak. Libiarekin berriz kostazainak trebatzeko akordio polemikoa egin zuen Italiak.

Errefuxiatuak Mediterraneoa zeharkatzea da, beraz, ministroak saihestu nahi duena, baina gerratik edo miseriatik ihes egiten duten pertsonek itsasoratzea beste itxaropenik ez dute, itsasbidean heriotza aurkitu dezaketela dakiten arren. Igandean zeharkaldi hori egiten ari ziren 112 errefuxiatu hil ziren. Tunisiatik 180 lagunekin abiatutako ontzi bat hondoratu zen —erreskate taldeek 68 erreskatatu zituzten—. Mediterraneoan jada 650 lagun baino gehiago hil dira aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.