«Milaka errefuxiaturen harrera ezin da arazo izan Italiarentzat soilik»

Italiako Barne ministroak uste du estatu kide guztiei dagokiela asilo eskatzaileak hartzea. Salvinirentzat, Dublingo Hitzarmenaren erreforma ez da aski. Tunisiako kostaldean 112 errefuxiatu hil dira
Immigrante bat asteburuan tiroz hildako beste baten irudiarekin, atzo, San Ferdinandon, Italian.
Immigrante bat asteburuan tiroz hildako beste baten irudiarekin, atzo, San Ferdinandon, Italian. MARCO CONSTANTINO / EFE

Kristina Berasain Tristan -

2018ko ekainak 5
Matteo Salvini promesak bete egiten dituzten politikari urrienen artean dago. Italiako Barne ministro eta presidenteorde izendatu eta hiru egunera, agerian utzi du asmo irmoa duela hauteskunde kanpainan esandakoak betetzeko. Iragarri du ez duela babestuko Europako Batasuneko Barne ministroek gaur aurkeztekoa duten dokumentua: «Italia zigortuko dute berriz ere, hegoaldeko beste herrialdeekin batera, iparraldeko eta ekialdeko herrialdeen mesedetan». Dublingo Hitzarmenaz ari zen ministroa. Zuzentarau horrek zehazten du errefuxiatuek iristen diren aurreneko estatuan egin behar dutela asilo eskaera, baina, ministroaren arabera, «erantzukizunaz eta elkartasunaz» aritzea ez da aski, eta itunaren erreformatik haratago joan behar da: «Milaka errefuxiaturen harrerak ezin du soilik arazo izan Italiarentzat. Edo Europak esku bat botatzen digu segurtasuna bermatzeko edo beste bide batzuk bilatu beharko ditugu». Europara iristen diren immigranteen birkokapenak «derrigorra eta automatikoa» izan behar duela adierazi izan du ministroak«parametro objektibo eta kuantifikatuekin».

Udal hauteskundeak

Pozzanon egin ditu adierazpenak Salvinik. Siziliako hiri horretan ere kanpaina egiten ari da, izan ere, heldu den igandean udal hauteskundeak dituzte herrialdean, eta hauteskunde orokorren formulari heldu dio oraingoan ere Lega Nordek. Errefuxiatuen krisiaren zero gunetik mezu xenofoboak helarazi ditu ministroak: «Siziliak ezin du Europako errefuxiatu gunea izan».

Italiara 13.521 errefuxiatu iritsi dira aurten, iaz epe berean baino %70 gutxiago. Lega Nordeko ministroaren hitzetan egoera «eutsiezina» da, eta «klandestinoei bizimodu ona amaitu» zaie. Horren aurrean neurri zorrotzak iragarri ditu. Bost urtetan milioi erdi bat iheslari kanporatuko ditu, errefuxiatuen harrerara bideratutako dirua murriztuko du, eta «kontrol eta kanporaketa politika eraginkorragoak» ezarriko ditu: «Euren etxeetara bidaltzea izango da gure lehentasuna». Afrikako herrialdeekin alde biko akordioak egingo dituela ere jakinarazi du. Egun Nigeria, Tunisia, Maroko eta Egiptorekin ditu sinatuta akordioak. Libiarekin berriz kostazainak trebatzeko akordio polemikoa egin zuen Italiak.

Errefuxiatuak Mediterraneoa zeharkatzea da, beraz, ministroak saihestu nahi duena, baina gerratik edo miseriatik ihes egiten duten pertsonek itsasoratzea beste itxaropenik ez dute, itsasbidean heriotza aurkitu dezaketela dakiten arren. Igandean zeharkaldi hori egiten ari ziren 112 errefuxiatu hil ziren. Tunisiatik 180 lagunekin abiatutako ontzi bat hondoratu zen —erreskate taldeek 68 erreskatatu zituzten—. Mediterraneoan jada 650 lagun baino gehiago hil dira aurten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna