EBko 27 agintariek onartu dituzte 'Brexit'-a negoziatzeko lerroak

Erresuma Batuak salbu, herrialde guztiek akordio ekonomiko «orekatua» eskatu dute. Mayk dio «herritarrak eta enpresak prestatzeko» balio duela 21 hileko trantsizio itunak

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak ontzat jo du EBko agintariek brexit-era egokitzeko trantsizioa onartu izana. JULIEN WARNAND / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko 27 estatuek Brexit-a negoziatzeko gidalerroak onartu dituzte. Erresuma Batuak ez beste guztiek hartu dute parte Europar Kontseiluak gaia lantzeko egin duen bileran; Donald Tusk kontseiluko presidentearen arabera, bileran EBk eta Erresuma Batuak etorkizunean izan beharreko «harremanak landu» dituzte; Irlandako mugak eta sektorekako akordioak sortu dituzte eztabaida handienak.

Estatuetako agintariek argi berdea eman diete gidalerroei; aurrez, Europako Parlamentuak eman zien oniritzia. Tuskek azaldu du erabaki horrekin EBko agintariek merkataritza askeko akordio «orekatu eta anbizioduna» lortzeko asmoa adierazi dutela. Halaber, Erresuma Batuaren «irteera ordenatu bat» bermatzeko, agintariek 2020. urteko abendura arteko trantsizio aldia onartu dute. Erresuma Batuak datorren urteko martxoaren 29an utziko du Europako Batasuna; Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroaren arabera, «herritarrak eta enpresak egoera berrira ohitzeko» balio izango du trantsizio aldiak. Mayk «atseginez» hartu du trantsizio aldia onartu izana: «Herritarrei etorkizuna prestatzea erraztuko die, eta aldaketa soil bat besterik ez dute egin beharko». Hasieran, Erresuma Batuak bi urteko trantsizio aldia proposatu zuen.

Horrez gain, 27 agintariek «ongi etorria» egin diote iragan astelehenean Michel Barnier EBk brexit-erako duen negoziatzaileak eta David Davis Erresuma Batuko negoziatzaileak lortutako akordioari. Egun hartan, bi aldeek sinatu beharreko akordioaren testu juridikoa adostu zuten; hiritarren eskubideak eta trantsizio aldiaren xehetasunak biltzen ditu.

Akordioari dagokionean, Europako Batasuneko agintariek baztertu egin dute Erresuma Batuak gainerako estatuen baldintza berdinak izatea batasuna utzi ostean: «Ezinezkoa da EBren barruan daudenen eskubide berdinak izatea». Bide horretan, Erresuma Batuari mezu bat helarazi diote agintariek, eta zehaztu dute Mayren gobernuak ezarritako «marra gorriek» baldintzatu egiten dutela orain artean bi aldeek proposatutako akordio mota. Erresuma Batuak merkatu bakarretik eta aduana batasunetik ateratzeko asmoa du; ohartarazi dute horrek «Erresuma Batuarentzat bereziki, ondorio ekonomiko kaltegarriak» izango dituela.

27 agintariek merkatu bakarraren «osotasuna» bermatzeko konpromisoa hartu dute: «Ezin da merkatuan sektoreka sartu-irtenak egiten ibili», ohartarazi dute. Halaber, esan dute «lau askatasunakzatiezinak» direla, eta konpromisoa hartu dute kapitalaren, pertsonen, ondasunen eta zerbitzuen zirkulazio askea bermatzeko. Bide horretan, jakinarazi dute bi aldeek aurrez hartutako konpromisoak osotasunean betetzea «beharrezko osagaia» dela negoziazioek aurrera egiteko.

Mayk uste du EBko agintarien jarrerak brexit-a negoziatzeko «dinamika berri bat» abiatuduela, eta gogoratu du bi aldeek dutela interesa segurtasunean eta ekonomian akordioa lortzeko.

Irlanda, gune garrantzitsua

Irlandako mugari dagokionez,EBko agintariek proposamen zehatza egin zioten atzo Mayren gobernuari: «Arau komunak behar dira bi aldeetan, ez itzultzeko muga gogorraren garaietara». Horregatik, agintariak aduana zergarik gabeko mugaren alde daude, eta zehaztu dute zera hobetsi dutela: Irlanda guztian «pertsonen ibilera askea» bermatzea. 27 agintarien ustez, Irlandako akordioak EBko «oreka finantzarioa eta batasuneko arauen osaera» bermatu behar dituzte. Mayk, berriz, «Ipar Irlandari eta bi eremuen arteko harremanei on egingo dien irtenbide bat» galdegin dio EBri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.