Abbas boterean gotortu da, haren zilegitasuna kolokan dagoen arren

Abbas Palestina Askatzeko Erakundeko buruzagi izango da aurrerantzean. Hamasek, Jihad Islamikoak eta PAHFk uko egin diote erakundeari, legez kanpokoa dela eta zaharkituta dagoela iritzita

Kristina Berasain Tristan.
2018ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko eta PAE Palestina Askatzeko Erakundeko presidente izango da aurrerantzean ere, harena, dagoeneko, zilegitasunik gabeko hegemonia bada ere. Boterean gotortzeko zirrikitua aurkitu du aste honetan buruzagi palestinarrak. Baziren 22 urte ez zuela deitzen Palestinako Kontseilu Nazionalera. PAEko batzorde exekutiboa izendatzeko eskumena duen erakundeak, lau egun iraun duen bilkuraren ostean, atzo goizaldean berretsi zuen karguan Abbas.

Exekutiboa osatzen duten hemezortzi kideen artean zortzi izendapen berri egin dituzte, baina horien artean bakar bat ere ez da izen deserosoa Abbasentzat. Jasser Abed Rabo eta Ahmed Kurei ziren hura ordezkatzeko aukera zuten bakarrak, eta biak bazterrean geratu dira. Beste hiru eserleku hutsik geratu dira, ustez, saioa boikotatu duten fakzioetako ordezkariek bete ditzaten.

Hamas, Jihad Islamikoa eta PAHF Palestina Askatzeko Herri Frontea dira saioan parte hartzeari uko egin dioten alderdiak, erakundearen zilegitasuna bera zalantzan dagoela iritzita. Ismail Haniye Hamaseko buruzagiak erakundearen «ahulezia» salatu du, «legez kanpokoa» dela eta «zaharkitua» dagoela iritzita.

Abbasen izendapena bera bidezkoa izan ote den galdetzeko elementu gehiago ere badira. Saioa bozketarik gabe egin baita: kontsulten bidez egin da izendapena.

Barne zatiketa

Palestinako Kontseilu Nazionalak 1996an egin zuen azken bilera, barne hauteskundeak egiteko, eta ordutik saio bakar bat egin da, premiazkoa, 2009an, sei kide ordezkatzeko. Orotara 740 ordezkarik osatzen dute parlamentu baten izaera duen erakundea, baina aste honetako saioan soilik 605ek hartu dute parte. Hamasek 72 ordezkari ditu kontseiluan, baina denek boikotatu zuten saioa. Abbasentzat «txalo zaparrada» bat baino ez dela uste dute.

Abbasek, hala ere, bileraren aurretik agerian utzi nahi izan zuen fakzio guztiak zeudela gonbidatuta Kontseilu Nazionalera. Horretarako, ordea, bi baldintza jarri zituen: batasun nazionala onartzea eta erakundea bera aitortzea.

Bi alderdi palestinarren arteko zatiketa, baina, aspaldikoa da. Ramallahen, Mukatan, egin zen politikoki autoritate gorena den erakundearen bilkura, Zisjordanian. Al-Fatahen gotorlekua da lurralde hori 2007tik. Orduan zabaldu zen arrakala gero eta zabalagoa da. Al-Fatahek Zisjordanian agintzen du, eta Hamasek, Gazan.

Bi alderdiek jarrerak gerturatzeko urrats nabarmena egin zuten iazko urrian, hiru eguneko negoziazioen ostean, adiskidetze nazionalerako ituna sinatu baitzuten. Ordutik, baina, ez dute aurrerapausorik eman.

Al-Fatahen eta Hamasen arteko ezinikusiaren jatorria azaltzeko hamar urte egin behar da atzera. Alderdi islamista 2006ko bozetan nagusitu zen, eta, hasiera batean, batasun nazionaleko gobernua eratu bazuten ere, berehala korapilatu zen egoera. Al-Fatahek Haniyaren aginteari uko egin zion 2007an, eta ordutik fisikoki banatuta zegoen lurra politikoki ere zatituta geratu zen —orduan piztutako gerran 600 lagun hil ziren—.

Kontseilu Nazionalak, beraz, are ageriago utzi du barne zatiketa. Eta Abbasen babes maila ere eskasa da. Presidenteak 83 urte ditu, eta 2016ko azaroan berretsi zuen alderdiak karguan, aho batez, beste hautagairik ez baitzen aurkeztu. Orduan, baina, buruzagi aldaketa egongo zela espero zen. Alderdiko barne borrokak ere gero eta nabarmenagoak dira, eta horren erakusgarri da kargugabetu dituzten ordezkarien kopurua.

Nabil Xaathek, presidentearen gertuko gizonak, batasuna ezinbestekoa dela adierazi du egunotan, eta nabarmendu kontseilua etorkizuneko estrategia politikoa pentsatzeko markoa dela. Konferentziaren agendan, baina, baziren bestelako auzi batzuk, tartean AEBen enbaxadarena. Donald Trump hilabete honetan da enbaxada Tel Avivetik Jerusalemera mugitzekoa. Bake prozesua sustatzeko, errefuxiatuen auziari heltzeko eta okupazioari aurre egiteko ildoez ere aritu dira bilkuran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.