Sarraskia, berriro autobusean

Trolebus geltoki bati eraso zioten atzo Donetsken, eta gutxienez 13 pertsona hil dituzte.

Ukrainako Gobernuak onartu du Donetskeko aireportuaren zati gehiena galdu duela
Donetskeko herritarrak, mortero batek suntsitutako trolebusari begira, atzo.
Donetskeko herritarrak, mortero batek suntsitutako trolebusari begira, atzo. ALEXANDER ERMOCHENKO / EFE

Araitz Muguruza -

2015eko urtarrilak 23
Bederatzi egunetan bi sarraski gertatu dira autobuseko bidaiarien aurka Ukrainan. Hilaren 13an, Donetsk eskualdeko Volnovakha hirian hamabi bidaiari hil ziren leherketa baten ondorioz. Atzo, Donetsk hiriburuan gertatu zen beste sarraski bat. Gutxienez hamahiru lagun hil ziren. Volnovakhako erasoan bezala, gobernuak eta matxinoek elkarri leporatu diote erasoa —matxinoen kontrolpeko eremuan izan da gertakaria—. Azken asteotan, borroka eremu nagusia Donetskeko aireportuan dago. Atzo, Ukrainako Gobernuak aitortu zuen aireportu gehiena matxinoen esku dagoela.

Diplomaziaren ahaleginek, berriz, fruiturik eman gabe jarraitu dute. Errusiako, Ukrainako, Alemaniako eta Frantziako Atzerri ministroak herenegun bildu ziren Berlinen. Akordio zehatzik lortu ez zuten arren, hainbat gai mahai gaineratu zituzten. Frank-Walter Steinmeier Alemaniako Atzerri ministroak jakinarazi zuenez, gatazka amaitzeko elkarrizketak berriro hasteko aukeraz aritu ziren, horretarako nazioarteko kontaktu talde bat erabilita. Horrez gain, «arma astunak nondik erretiratu ditzaketen eztabaidatzen» hasi direla esan zuen Steinmeierrek, bileraren ondoren egindako adierazpenetan. Balorazio positiboa egin zuen, eta adierazi zuen Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak «konpromisoa» hartu zuela Berlinen hitz egindakoak aurrera ateratzeko. Hala ere, «zuhur» jokatzeko eskaera egin zuen. Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak azaldu zuen bileran hitz egindakoak «bide onean» doazela: «Berlingo mahaian bi aldeek erakutsi dituzten jarrerak bide zuzenean doaz». Asteazkeneko bileraren aurrekaria duela hamar egun egin zuten, baina ez zuten aurrerabiderik egin.

Lehenengo bilera hura egin zuten indarkeria gogortu zen egunetan. Testuinguru horretan gertatu zen Volnovakhako erasoa. Matxinoen kontrol postu batetik gertu izan zen hura; atzo, mortero batek geltokian jo zuen trolebusa, Donetsken. Lavroven ustez, «gizateriaren aurkako krimen bat» izan da, «gatazka modu baketsuan amaitzeko esfortzuei kalte egiteko helburuz egindakoak». Ukrainako Defentsa Ministerioak, berriz, matxinoak egin ditu erasoaren erantzule, ohar bidez eman dituen azalpenetan. Dioenez, ez da armada izan, borroka frontea erasoa gertatu den tokitik hamabost kilometrora dagoelako.

Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak, berriro ere Errusiari leporatu dio soldaduak Ukrainara bidaltzea. Haren arabera, 2.000 militarrek eta hogei tankek gurutzatu dute muga. ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak, ordea, gezurtatu egin du. «ESLAko begiraleek ez dute garraio militarren mugimendurik atzeman; nabaritu dugun mugimendu bakarra mugak kontrolatzen ari direnen ohiko joan-etorriak izan dira».

Terminala, «suntsituta»

Borroka fronte nagusitik, berriz, informazio nahasia eman zuten atzo Ukrainako Gobernuak eta haren aldeko taldeek. Armadarekin batera borrokan ari den Azov batailoiko kideek sare sozialen bidez adierazi zuten armadak «behartuta» egin behar izan zuela alde. Kievek, ordea, gezurtatu egin zuen hori, eta esan zuen aireportuaren «zati batzuk» oraindik ere bere esku daudela: «Borrokak oraindik ez dira amaitu». Vladislav Selezniov Ukrainako armadako bozeramaileak aitortu du armadak aireportuko eremu estrategikoa utzi duela, baina mugimendu estrategiko bat dela azaldu du. «Terminal berria suntsituta geratu da. Erasoak alde guztietatik jasotzen dituen ingurua izaki, hura utzi eta alde egitea erabaki dugu, lurraldeko beste eremu batzuk guk hartzeko». Juri Butusov Ukrainako Censor.net hedabideko kazetariak ere armadak aireportua utzi duela esan du sare sozialetan. Azken asteetan borroka gogorrak izan dira aireportuan. Kieven arabera, atzo Ukrainako hamar soldadu hil ziren borroketan.

Donetsken bertan, Oleksandr Turtxinov presidenteordea eraso batetik onik atera zela jakinarazi du Anton Gerastxenko diputatuak. Azaldu duenez, borroka frontetik gertu zebilela, artilleria pieza bat haren autoaren ondoan lehertu da. Segurtasun Batzordeko burua da Turtxinov.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna