Oihal atzeko orratz puntuak

Cristobal Balentziagak dantzarako, antzerkirako eta musikarako egindako jantziak jarri dituzte ikusgai Getariako museoan.Urriaren 18ra arte egongo da bilduma zabalik

Garai bateko egunkari zatien eta argazkien bidez, Balentziagak arte eszenikoetarako sortu zituen diseinuen berri ematen du erakusketak. ANDONI CANELLADA / ARP.
K Saioa Alkaiza(h)
Getaria
2015eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Cristobal Balentziaga eta arte eszenikoak. Itxuraz ez dira estuki lotutako terminoak, kontuan izanda modarekin erlazionatzen dela diseinatzaile getariarraren ondarea. Baina bada konexio bat. Dantzari, musikari eta antzerkigile ugarirentzako prestatu zituen-eta janzkiak maisuak, bai jendaurreko obretarako, bai eta kalean ibiltzeko ere. 1940eko hamarkadan hasi zen arlo hori lantzen, eta entzute handiko pentsalariak erakarri zituen. Albert Camusentzat, Jean Cocteaurentzat eta Jacinto Benaventerentzat diseinatu zituen jantziak, besteak beste. Orain, Getariako (Gipuzkoa) Balentziaga Museoan ikusgai daude arte eszenikoetarako prestatu zituen trajeen irudiak, obren eskuorriekin eta afixekin batera. Era berean, ez dira falta soinekoen marrazkiak eta garaiko prentsaren ebakinak. Eta janzkietako bakan batzuk ere egongo dira, datorren hilabetetik aurrera: uztailean, Maria Elena Arizmendi dantzariari Bolero emanaldirako egin ziona ipiniko dute; eta abuztuan, Donostiako Orfeoirako egin zituen diseinuak. Orotara, 80 bat objektuk eta piezak borobiltzen dute bilduma. Balentziaga eta arte eszenikoak erakusketa urriaren 18ra arte egongo da zabalik.

«Modaren eta arte eszenikoen harremana aspalditik dator. Bi mundu hauek influentzia partekatu dute», esan du Miren Vives Almandoz museoko zuzendariak. Harreman hori Balentziagaren kasuan gutxi azaleratu dela iruditzen zaio Pedro Usabiaga komisarioari: «Artista baten inguruan dena dakigula pentsatzen dugu beti, baina askotan lanbrotuta geratzen da haren lanaren parte bat». Iluntasunean datzan hori ekarri nahi dute argitara, hain zuzen, erakusketarekin. Horretarako, hogei bat argazki batu dituzte —jatorrikoak eta kopiak tartekatuz—, eta, ildo beretik, ibilbide historikoa osatu dute, piezaz pieza. «Sherlock Holmes bezala ibili naiz dena batzeko, han-hemenka bilatzen. Jendeak emandako laguntzari esker eta asko ikertuta osatu da bilduma», azaldu du komisarioak, prestaketa lanak gogoan. Izan ere, ez da makala egindakoa. Bi urte igaro ditu ia guztia atontzen. «Argazki batzuk sekula argitaratu gabekoak dira; batzuk barreiatuta zeuden etxeetan; besteak, erakusguneetan... Ez da erraza izan», gaineratu du. Nolanahi ere, lortu du helburua: arte eszenikoen eta Balentziagaren erlazioaren erradiografia moduko bat jostea.

Aretora sartu, eta antzeztoki batean sartu nahi izan dute ikuslea antolatzaileek. Hori dela eta, zenbait antzerki gunetan egin bezala, obretako eszenetako zirriborroak jarri dituzte paretetan, arropa elementu zentraltzat hartuta. Ondoko gelan ordenatu dituzte irudiak eta azalpenak.

Urtez urteko ibilbidea

1935. urtea. Mugarria ezarri zuen data; Balentziagak orduantxe sortu zuen Maria Elena Arizmendi dantzariarentzako lehen jantzia, Kursaal jauregian Bolero emanaldian parte har zezan. Diseinu «elegante eta soila» izan zen, Usabiagaren esanetan. Haatik, arte eszenikoetarako aurreneko trajea orduan josi bazuen ere, 1940ko hamarkadan ekin zion gogobeteago gisa horretako sorkuntzari.

Ordurako Parisen zegoen jada erbesteratua Balentziaga, eta ezinbestean lorratz nabarmena utzi zuen garaiko errealitatean. Esaterako, Jean Cocteauren Orphee eta Albert Camusen Les justesantezlanetarako egin zituen zenbait diseinu. Baina Espainiako antzerki eszenan ere eman zuen zeresana. Jacinto Benavente eta Alfonso Paso dramaturgoekin jardun zuen, batez ere, Isabel Garces antzezlearen jantziteriaren karietara. Baina luzeagoa da kolaboratzaileen zerrenda: adibidez, Agatha Christieren The Spider's Web eleberriaren egokitzapenerako ere prestatu zituen soineko batzuk.

Bada gorriz markatutako beste urte bat ere haren ibilbidean: 1945. II. Mundu Gerra bukatzeak eman zuen askatasuna medio, Le Teatre de la Mode (Modaren antzerkia edota Modaren antzerki txikia bezala ezaguna) antolatu zuten hainbat sortzaile frantziarrek, nazioartean hiria modaren erdigunetzat sustatzeko xedez. Txotxongiloak jantzi zituzten egile ezagunen diseinuekin —Coco Channel eta Lucien Lelong, kasurako—, eta han egon ziren Balentziagaren sorkuntzak ere. Hori da Balentziaga eta arte eszenikoak-en jasotako beste pasarteetako bat. Eta sortzailearen arte eszenikoetako azken diseinua ere bertan da: Garces Françoiseren antzezlan baterako egin zituen arropak. 1971n izan zen hori, eta handik urte exkaxera hil zen Balentziaga. Egindako ekarpena «kalitate handikoa» dela azpimarratu dute bildumaren sustatzaileek.

Erakusketarekin batera, ikusleen parte hartzea sustatzeko ekintzak iragarri dituzte museoan. Hala, joskintzan trebatzeko bi tailer izango dira nahi dutenen eskura. Lehenengoa, anatomia, gorputzaren modelatzea eta manikiak zein soingainekoak egiteko teknikak izango ditu ardatz, Berengere Ruffin irakasleak emango du, uztailaren 1etik 5era. Bigarrena, jantzi eszenikoak egitearen ingurukoa izango da,urrian —oraindik ez dituzte xehetasunak eman—. Erakusketak Donostia 2016ren babesa izan du, hiriburutza kulturalak Elkarrizketak programan sartu baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.