Euskarazko 31 film lehiatuko dira Lekeition, 40. Euskal Zine Bileran

Bihartik hilaren 21era egingo dute euskal zinemaren topaketa, eta Juanba Berasategi eta Benito Ansola omenduko dituzte. Zortzi film profesional eta 23 amateur daude aurten sariak lortzeko lehian
Alberto Fernandez Vegasen <em>Aroak</em> lanaren fotograma bat.
Alberto Fernandez Vegasen Aroak lanaren fotograma bat. EUSKAL ZINE BILERA

Ainhoa Sarasola

2017ko urriak 13
Filmak ikusi nahiz erakusteko ez ezik, zinemagileen arteko hartu-emanak sendotzeko, hasiberriek eta eskarmentu handiagoa dutenek elkar ezagutzeko, sortzaileek eta zaleek elkar elikatzeko, euskal zinemaren egoeraz gogoeta egiteko eta beste hamaika gauzatarako aukera izaten da urtero Euskal Zine Bileran. Zinema jaialdi bat baino gehiago baita Lekeitiokoa (Bizkaia), urtez urte erakutsi duenez. Euskal zinemagintzaren topaleku izateko jaio zen, hain zuzen. «Bilera izena ez dauka besterik gabe; guretzat oso aproposa da, giro bat sortu nahi dugulako. Hemen sortzen diren harremanak lagungarriak izaten dira jendea ezagutzeko, besteengandik ikasteko, gauza berriak ikusteko... guretzat garrantzitsua da bilera bat izatea», dio Joseba Zuberogoitiak, Zine Bilerako kideak. Lau hamarkadako ibilbidea beteko du aurten jaialdiak, eta proposamenez betetako egitaraua prestatu dute urteurrena ospatzeko. Bihar hasi eta hilaren 21era arte, euskal zinemagintzaren askotariko aleak ikusteko aukera izango da Lekeition.

Orotara, 38 film erakutsiko dituzte, eta horietatik 31k parte hartuko dute lehian: zortzik, profesionalen kategorian, eta beste 23k amateurrenean. Hastapenetatik egin duen moduan, bi arloetako lanak sarituko ditu jaialdiak: kategoria bakoitzeko film, zuzendaritza eta gidoi onenak hautatuko ditu epaimahaiak. Bost epaimahaikidek izango dute aurtengo lanen artean sariak banatzeko zeregina: Aitor Gametxo zinemagileak, Arantza Lauzirika artista eta EHUko irakasleak, Natxo Rodriguez artista eta EHUko irakasleak, Iratxe Urkiaga aktoreak, eta Kote Camacho zinemagileak.

Hasi eta buka, omenaldi banarekin egingo du jaialdiak. Hain zuzen, bere ibilbidean bultzatzaile izan diren bi laguni egingo diete aitortza. Biharko hasiera ekitaldian, Juanba Berasategi omenduko dute —joan den apirilean zendu zen zinemagilea—, «Zine Bileraren lagun izugarria, beti sinistu, lagundu eta bultzatu duena», Zuberogoitiaren esanetan. Hilaren 21eko sariak emateko eta amaierako ekitaldian, berriz, Benito Ansolarentzat izango da omenaldia, Zine Bileraren sortzaileetako bat dena, zinemagilea eta zinemazalea izateaz gain. Bi sortzaileen omenez, haien hainbat lan ere erakutsiko dituzte. Ansolaren Asarre eguna film laburra emango dute hilaren 18an, eta Ipuin bat hurrengo egunean. Berasategiren lanen artetik, berriz, bi hautatu dituzte, haurrei proiektatzeko: Txirri, Mirri eta Txiribitonen pelikula hilaren 17an emango dute, eta Barriola, San Adriango azeria, berriz, hilaren 19an.

Horiez gain, beste zenbait emanaldi izango dira lehiaz kanpoko lanen artean; esaterako, Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako Handia hilaren 20an erakutsiko dute — egun berean iritsiko da zinema aretoetara—, eta bihar emango dute Lekeitioko musika bandaren 150 urteak errepasatzen dituen dokumentala, urteurrena betetzen duen egun berean.

Lehiatuko diren lanen artean ere askotarikoa da eskaintza. Profesionalen arloan, Alex Telloren Azken muxua, Begoña Vicario Calvoren Jane, Tarzan ez zen horren guay, eta Irati Gorostidi eta Arantza Santestebanen Euritan lanak ikusi ahal izango dira, besteak beste. Amateurren arloan, berriz, Iñaki Tena eta Mikel Uralderen Portrait, Amaia San Sebastian Larzabalen Andante piú forte, eta Oier Fuentes Mendizabalen Kreba izango dira ikusgai, besteak beste, hiru adibide aipatzearren. «Denetarik apur bat dago», dio Zuberogoitiak. «Nahiko aukera zabala dagoela uste dugu, baina batez ere kalitatea nabarmenduko nuke. Gero eta kalitate handiagoa dago gure zineman, eta esango nuke profesionalen eta amateurren arteko marra hori jada ez dagoela hain definitua».

Hasiberriei bultzada

Euskal zinemagintza profesionalaren topagune izateaz gain, euskarazko lan amateurrei bidea egiten laguntzea hastapenetatik izan du helburu jaialdiak. «Hasi ginenean, amateurrak bultzatzea zen gure lana, orduan ez baitzegoen apenas profesionalik. Euskal Telebistarekin sorrerarekin hasi ziren profesionalak ere sortzen, eta horretara moldatu eta beste arlo bat sortu genuen». Ordutik, garapen oparoa izan du euskal zinemagintzak, eta horren lekuko da Zine Bilera ere, baina sortzaile hasiberriei «plaza bat eskaintzen» jarraitu nahi dute. Horren adibide da Lekeitioko Udalarekin eta Euskaltzaleen Topagunearekin batera sustatzen duen Benito Ansola beka, aurten ere deitu dutena. Topaguneak asmo berarekin antolatu ohi duen Kameratoia ekinbidea Zine Bileran izango da aurten.

Orain arteko ibilbideaz balorazio positiboa egiten du Zuberogoitiak: «Uste dugu ekarpen bat egin diogula behintzat bai euskal zinemari eta bai euskarari ». Ez dute, hala ere, atzera begira geratzeko asmorik, eta aurrera begirako bidea beste eragileekin elkarlana sakonduz egin nahi dute, zinema eskolekin eta unibertsitateekin, adibidez. Bide horretan, aurten, esaterako, mahai inguru bat antolatu dute emakumeen ikusgarritasuna bultzatzeko lan egiten duen (H)emen Her(e) elkartearekin —hilaren 21ean izango da—. «Gauza berriak egin nahi ditugu, eta egoera berrietara moldatu».

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

www.zinebilera.com

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna