Munduko Kopari so

Gaur hasiko da Sei Nazioen Torneoa, Europako selekzioen arteko lehiaketa nagusia.Udazken honetan, Munduko Kopa jokatuko da Ingalaterran eta Galesen, eta txapelketa horren atariko gisara hartu dute selekzio guztiek.Faborito argirik ez dago torneoa irabazteko

Eneritz Zabaleta.
2015eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Iluntze honetan hasiko da Sei Nazioen Torneoa, Cardiffen. Ez dago faborito argirik, eta, gainera, udazkenean Ingalaterran eta Galesen jokatuko den Munduko Kopak baldintzatuko du lehiaketa. Selekzio batzuek azken ukituak emanen dituzte, eta besteek esperimentazio gune gisa erabiliko dute torneoa.

IRLANDA

Faboritoa delabarneratu beharra

Irlandak ezusteko txikia eman zuen iaz, torneoa irabazita. Geroztik, bere sasoi ona baieztatu du. Ekaineko eta azaroko partidetan oso ondo aritu da, eta emaitza onak lortu ditu. Argentina (17-29 eta 17-23), Hegoafrika (29-15) eta Australia (26-23) menderatu ditu.

Belaunaldien artean koherentzia lortu du Irlandak. O'Driscollek selekzioa utzi arren, Best, O'Connell, D'Arcy eta Kearney zaharrak bikain ari dira. Haien ondoan, belaunaldi berriak taldearen giderra hartu du. Horrela gertatu da O'Mahonny, Heaslip, Zebo edo Fitzgeraldekin. Oso kontuan hartzeko selekzioa da. Ikusteko dago nola eramango duen faborito izatearen presioa.

INGALATERRA

Ahulduta dago

Helburu garbi batekin ekingo dio torneoari Ingalaterrak. Etxean jokatuko du Munduko Kopa, eta bertan nagusi izan nahi du. Begi guztiak horri begira ditu. Iragan udazkenean itxura ona eman zuen, Zeelanda Berriari eta Hegoafrikari hortzak erakutsiz (21-24 eta 28-31). Gero, Australia menderatu zuen (26-17).

Torneo honetan, baina, jokalari anitz falta izanen zaizkio: Farrell, Ashton, Tuilagi, Wood, Burrell, Fodden... Orotara, 11 jokalari. Hori dela eta, Stuart Lancasterrek beste aukera bat eman die aspaldi deitu gabekoei. Easter beteranoa itzuli da, eta Ciprianik beste aukera bat izanen du.

GALES

Anbizioa du lagun

Galesek kolpea hartu zuen iaz, hirugarren izanda. Munduko Koparen urtea izanik, Warren Gatlanden selekzioak koroa berreskuratu nahi du. 2011ko Munduko Kopan agertu zen belaunaldi berriak agintea hartu du, eta Faletau, Warburton, Halfpenny, North eta Roberts beren maila onenera iristen ari dira.

Hala ere, galdera iturri da Gales. Emaitza bikainak lortzeko gai da —azaroan, 12-6 irabazi zion Hegoafrikari —, baina, aldi berean, oso itxura pattala eman dezake —Fijiri irabazteko gorriak ikusi zituen, eta Zeelanda Berriak astindua eman zion—. Irekitzaile postuan dauka zalantza gehien. Hookek ez du konbentzitu, eta Biggar eta Priestlandez dira Gatlanden gustukoak. Zeelanda Berrian jaiotako Anscombek badu zer errana.

FRANTZIA

Iraultzaren uzta

Iaz oso torneo txarra jokatu ondoren, Philippe Saint-Andrek jokalari zerrenda goitik behera aldatzea erabaki zuen. Ekainean oso itxura kaskarra eman zuen, eta azaroan hasi da lanean jokalari berrien multzoa. Frantziako iraultzaren parte sartu ditu Camille Lopez zuberotarra eta Charles Ollivon senpertarra. Scott Spedding Baionako jokalariak ere aukera izan du. Senpereko semea min hartuta dago, baina zuberotarra eta Lapurdin bizi den hegoafrikarra hasieratik ariko dira.

Pario berriak emaitza gazi-geza utzi zuen azaroan —Australia menderatu zuen Frantziak, baina Argentinaren aurka galdu zuen gero—. Torneoan ikusiko da politika berrian asmatu duen ala ez.

ESKOZIA

Vern Cotter buru

Azken urteetan pattal aritu ondoren, Eskoziak Vern Cotter Zeelanda Berriko hautatzaile ospetsua izendatu zuen taldeko buru. Clermonteko entrenatzaile ohiak aldaketa sakonak egin ditu, izar batzuk bazter batean utzi —Cusiter eta Brown— eta hainbat gazte deituta —J. Gray, Laidlaw eta Bennett—.

Oraingoz, ongi atera zaio parioa, ekainean eta azaroan Argentina menderatu baitzuen, eta Zeelanda Berriaren aurka oso itxura ona eman —16-24 galdu zuen—. Torneoan emaitza horiek berretsi nahi ditu.

ITALIA

Ez du azkena izan nahi

Hamabost urte dira Italia Sei Nazioen Torneoan sartu zenetik, eta kostatzen ari zaio Europako selekzio onenen mailara iristea. Ez da sekula podiumera igo, eta txapela amets urruntzat du oraino. Ekitaldi honetan, bere betiko arma erabiliko du: zahartzen ari diren liderren inguruan eraikitako aitzineko lerro sendo bat. Bortolami, Castrogiovanni eta Parisse nabarmentzen dira hor. Eskozian kolpea eman nahiko du, eta etxean, Frantziaren aurka, motibazio bereziarekin jokatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.