Beste munduko bidaiak

Bihar hasiko da GetxoPhoto jaialdiaren 9. ekitaldia.Christian Caujolle komisarioaren azken urtea izango da aurten.30 argazkilariren lanak erakutsiko dituzte

Besteak beste, Alejandro Cartagena argazkilariaren Carpoolers seriea jarri dute Ereagako hondartzaren alboan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Getxo
2015eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Selfie makila soinean dabiltza turista ugari egunotan. Bastoiko botoi bat sakatuta, saiatzen dira argazkietan izozten haien bidaietako une ugari. Gehien-gehienek milioika lagunek ateratako argazki berak ateratzen dituzte, perspektiba beretik, eta plano bera erabiliz. Bestelako bidaiak irudikatzen dituzte, ordea, Ereagako hondartzaren ondoan (Getxo, Bizkaian) kokatutako zenbait argazki erraldoik: lanera bidean, pick up furgoneten atzeko aldean bidaiatzen duten eraikuntzako beharginak. Hala, urtero legez, herriko txoko ugari argazkiz bete ditu GetxoPhotok, eta, hain zuzen ere,bidaiak izango ditu aztergai argazkilaritza jaialdiaren bederatzigarren ekitaldiak. Christian Caujolle izan da komisarioa hirugarrenez, eta erakusketa honekin amaitu du Beste munduak trilogia. Guztira, hogei erakusketa atondu dituzte, eta ikusgai egongo dira bihartik urriaren 4ra bitartean. Erakusketak ez ezik, hainbat jarduerarekin josi dute egitaraua. Esaterako, ostiralean, George Meliesen Le Voyage dans la Lune (1902) film mutua emango dute, eta Gari kantariak eta Jon Agirrezabalagak (We Are Standard) zuzenean musikatuko dute emanaldia.

Mota ugariko bidaiak agertzen dituzte GetxoPhotoko argazkiek, baina, guztiak ere, konpromiso politikotik, etikotik eta estetikotik mintzo dira. «Ikusiko ditugun argazkiek ez dute zerikusirik hedabideetan ikustera ohituta gauden irudiekin», nabarmendu du Jokin Aspuru jaialdiko zuzendariak. «Zintzotasunaren logikari heltzen diote argazki guztiek».

Teknika eta estilo ugariren bidez landutako irudiak hautatu ditu Caujollek: argazki dokumentalak, apropiazioak eta argazkilaritza kontzeptuala kasu. Haren ustez, «badira irudi batzuk, problematikoagoak direnak, eta egoera garaikideekin zerikusia dutenak. Garrantzitsu deritzot hori publikoari erakusteari».

Hiru urte hauetan Caujollek egindako lana goraipatu du Aspuruk, eta penatuta agertu da haren azken urtea delako jaialdiko komisario gisa: «Oso pozik gaude, Christianek [Caujolle] oso maila altuko programazio artistikoa egin duelako: trinkoa, koherentea, aberasgarria eta hunkigarria; baina, aldi berean, triste gaude, dakizuenez, GetxoPhotok hiru urtean behin aldatzen duelako komisarioz, eta hau bere azken urtea delako».

Ametsak, Borrokak eta Bidaiakdira Beste munduak trilogia osatu duten hiru jaialdiak. «Mundu garaikidearen arazoak erakusten saiatu naiz hiruretan, eta oraingoan ere hala izan da», zehaztu du Caujollek. Haren ustez, bi egoerek markatzen dute egun bidaien egoera: bidaia antolatuen ekonomia masiboak eta migrazioek. «Gogoeta egin beharko genuke, zer dela-eta aritzen diren turista guztiak telefonoekin argazkiak ateratzen, baita argazkilari profesionalak ere», azaldu du. Haren ustez, argazki mota horiek, gehienetan, interes gabekoak dira, eta beste hamaika lagunek ateratakoen berdinak. «Gauza onik ere badu horrek, zenbait argazkigile eraman ditu egungo irudien inguruan gogoetatzera». Gogoeta horri heldu dio Corinne Vionnetek, eta turistek sare sozialetan jarritako argazkiekin hainbat monumenturen irudi espresionistak ondu ditu —Punta Begoñan ikus daitezke—.

Bidaia garaikideak markatzen duen bigarren egoera da migrazioa, Caujolleren arabera. «Udaizugarria izan da, migrazio masiboei dagokienez. Izan gerragatik, izan arrazoi ekonomikoengatik, dramengatik, iparraldera ihes egin dute lagun ugarik hegoaldetik. Jaialdiak hori islatzea oso garrantzitsua zen niretzat».

Begirada desberdinak ekartzen saiatu da Caujolle hiru urtez; eta horretarako, argazkilari ezezagun ugariren lanak ekarri ditu Getxora. Horietakoa da Anusorn Charoensuk argazkilari thailandiarra; haren Voyages (Bidaiak) serieko hainbat argazki jarri dituzte ikusgai Punta Begoñan. Baliabide ekonomiko eskasak izanik, Charoensukek haren lagunekin eta senideekin batera, etxeko garajean erretratatu du bere burua. Argazkilariak berak eskuz pintatutako muralen aurrean hartu ditu irudiak, amestutako bidaiak irudikatzeko. Esaterako, Hollywoodeko muinoan baleude bezala agertzen dira argazki batean. «Izan nahiko zuen eta izan ezin den turista bilakatzen da horrela», azpimarratu du Aspuruk.

Besteak beste, Paul Fusco, Alejandro Cartagena, Ambroise Tezenas, Eugenia Maximova, Jason Larkin, Reinaldo Loreiro, Zhan Kechun, Corinne Vionnet, William Gaye, Elena Chernyshova, Nophoto, Jesus Etxebarria, Oscar Monzon, Anusorn Charoensuk, Clement Briend, Hong Menea, Christian Rodriguez, Francesco Giusti, Jacques Henri Lartigue eta Philon Sovan argazkilarien lanak jarri dituzte ikusgai.

Berritasunak

Jarduerei dagokienez, zenbait berritasun dakartza aurten jaialdiak: haurrentzako eta familientzako egun bat antolatuko dute, Ikusi-makusi izenpean, eta zenbait jarduera berezi izango dituzte haiei zuzenduta. Ohiko bisita gidatuez aparte, gauez bi bisita gidatu antolatuko dituzte; eta jaialdiko programa hilabete osora zabalduko dute. Hala, astebururo, tailerrak, hitzaldiak, mahai inguruak eta bestelako ekintzak antolatuko dituzte. Adibidez, Argazkiaren gaua egingo dute zapatuan San Nikolas plazan, eta Euskal Herriko hamabi argazkilariren lanak proiektatuko dituzte. Besteak beste, Gari Garaialde, Markel Redondo, Bego Anton eta Miren Pastor argazkilarien lanak jarriko dituzte ikusgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.