Eresbilek omenaldia egingo dio Ez Dok Amairu mugimenduari

Donostia 2016rekin batera hainbat proiektu egingo dituzte udazkenean.Errenteriako Euskal Rock & Film jaialdian hiru dokumental aurkeztuko dituzte urtarrilaren 21, 26 eta 28an

Ez Dok Amairu taldeko kideak Atahualpa Yupanqui kantariarekin, Usurbilgo Saltxipi jatetxearen aurrean. JOSE MARI ZABALA.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2016ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Urte borobila izan du Eresbil euskal musikaren artxiboak, eta proiektu ugari aurkeztuko ditu aurten ere. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuarekin bat eginez, hiru egitasmo antolatuko ditu udazkenean; garrantzitsuena Ez Dok Amairu mugimendua omentzeko emanaldia izango da. Eresbileko zuzendari Jon Baguesek iazko datuen balantzea aurkeztu zuen atzo, eta aurten egingo dituzten proiektuak aurreratu.

EZ DOK AMAIRU OMENDUZ

Duela 50 urte sortu zen Ez Dok Amairu mugimendua; mugimendu horretan bildu ziren Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Benito Lertxundi, Julen Lekuona eta Jose Angel Irigarai, besteak beste. Eresbilek, Donostia 2016ren babesarekin, musikari horiek garai hartan sortutako hamabi melodia aukeratu eta abesbatzentzat egokituko ditu. Moldaketak belaunaldi askotako musikagileek egingo dituzte, hala nola Jesus Egigurenek, Jabi Bustok, Eva Ugaldek eta Josu Elberdinek.

Hala, Ez Dok Amairu mugimenduan sortutako hamabi melodia berreskuratuko dituzte. Baguesen esanetan, proiektuaren helburua belaunaldi gazteei abesti horiek ezagutzeko aukera eskaintzea da. Moldatutako abestiak gazteekin osatutako lau abesbatzek kantatuko dituzte: Durangoko Bogoroditsiek, Errenteriako Landarbasok, Nafarroako Ganbera Abesbatzak eta Oñatiko Ganbara Abesbatzak. Udazkenean aurkeztuko dute proiektua, eta osagarri moduan pianoan Mikel Laboaren hainbat melodia eskainiko dituzte.

EUSKAL MUSIKA EUROPAN

Euskal musikagileek Europako hizkuntzatan hainbat obra idatzi dituzte aurreko mendeetan, eta horiek berreskuratu, katalogatu eta itzultzeko proiektua martxan jarriko du Eresbilek, Donostia 2016ren barruan. Baguesen esanetan, obra askoren egileak jakitea ez da erraza: «Sorozabalen hainbat lan badaude, baina XVIII. mendean idatzitako partitura askoren egileak zein ziren jakitea ia ezinezkoa da».

'CORALE' PROIEKTUA

Eresbilek aholkulari lanak egingo ditu Donostia 2016ren barruko Corale proiektuan. Udan, Saran aurkeztuko dute egitasmoa, eta udazkenean, Donostian egingo dute. Juan Antonio Agirre lehendakariak 1937an sortutako Eresoinka talde folklorikoaren omenezko proiektua da Corale, etaabesbatza tradizioa, musika erlijiosoa, musika garaikidea eta dantza biltzen ditu.

EUSKAL ROCK& FILM

Hilaren 21, 26 eta 28an Euskal Rock & Film jaialdia egingo dute Errenterian. Bertan, hiru dokumental aurkeztuko dituzte: Kampsa, Emarock eta Vinyland. Emarock dokumentalarekin batera, emakumearen eta rockaren inguruko erakusketa jarriko dute, eta azken egunean DJ saioa egingo dute.

MUSIKASTE

Aurten Musikasteren 44. aldia egingo dute, maiatzaren 19tik 28ra. Andra Mari abesbatzaren 50. urteurrenari leku berezia eskainiko diote, eta ahotsaren inguruan antolatutako egitaraua eskaini.

WEBGUNE BERRIA

Iaz Usandizaga omentzeko webgunea eta txistuaren inguruko gunea sortu zituen Eresbilek, eta aurten webgune berria aurkeztu dute, urtetan katalogatutako informazio eta material guztia denen eskura utzita.

ERESBILEN IKERKETAK

Azken urtean lau ikerketa tesi babestu ditu Eresbilek, eta Xabier Armendarizek Nafarroako Goi Mailako Unibertsitatean aurkeztutakoa nabarmendu du Baguesek, etorkizunean eskaini ditzakeen baliabideengatik. Itsuek musika irakurtzeko erabilitako tresnak ikertu ditu Armendarizek Práctica musical de los ciegos en España (1920-1980): El fondo de Felix Madinabeitia en Eresbil tesian. Braillez idatzitako artxiboekin egin du lan Armendarizek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.