Albistea entzun

Historiaren errepide bazterrak

Lesakan errepidea egiten aritu ziren frankismoko presoak dira Gaizka Sarasolaren 'Txoriak eta zauriak' antzezlanaren abiapuntua. Urtarrilaren 6an estreinatuko dute obra, Lesakan
Frankismoko langile behartuen historiaz gainera, gaur egundik gertuagoko gaiak ere lantzen ditu <em>Txoriak eta zauriak</em> antzezlanak.
Frankismoko langile behartuen historiaz gainera, gaur egundik gertuagoko gaiak ere lantzen ditu Txoriak eta zauriak antzezlanak. MAIRU ANTZERKI TAILERRA Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2017ko abenduak 28

Bizi pasatzen dira autoak historiaren gainetik orain, baina 40ko hamarkadan hilabeteak behar izan zituzten nagusiki Toledoko (Espainia) espetxetik ekarritako ehunka langile behartuk Lesakatik (Nafarroa) Oiartzunera (Gipuzkoa) doan errepidea egiteko, eta, hain zuzen, iragan mingarri horri erreparatu dio Gaizka Sarasola antzerkigileak. Errepide horretan lan behartuetan aritu ziren bi preso erreal hartu ditu abiapuntu Txoriak eta zauriak antzezlana sortzeko, eta fikzioa baliatuz bete ditu haien biografietako hutsuneak. «Memoriaren eta errelatoaren inguruan sortzen diren terminologien eta borroka horren inguruan eztabaidatzeko eta pentsatzeko aukera ematen du antzezlanak». Urtarrilaren 6an estreinatuko dute, Lesakan (Nafarroa), eta otsailean emango dute Beran (Nafarroa).

Aurrez ere intereseko zuen frankismoko langile behartuen gaia Sarasolak, eta iaz Lesakan ospatutako Nafarroa Oinez festaren harira izan zuen herriko historiaren pasarte horretan areago sakontzeko aukera. 1940an herrian izan ziren frankismoaren presoen zerrenda osoa egina dute historialariek, esaterako, eta zerrenda horretan topatu zuen Sarasolak antzezlanaren hazia. Izan ere, bertan ageri diren bi gizon dira Sarasolaren antzezlaneko protagonistak: Juan Cabrero Riero ikazkina eta Isabelo Sanchez Alonso musikaria.

Izenak eta lanbideak dira haiei buruz ematen den informazio guztia, eta, beraz, asmatu egin ditu hortik aurrerakoak antzerkigileak. «Kuriosoak egin zitzaizkidan bi pertsona haien ofizioak, eta pentsatu nuen: 'Zergatik ez imajinatu eskapu egin zutela, eta geroztik hemen baso batean ezkutuan egon direla?'. Bi pertsona erreal horietatik abiatuta sortu ditugu pertsonaiak».

Linbo moduko batean kokatzen da antzezlana. Izan ere, ia 80 urte daramatzate beren basoko babeslekuan ezkutatuta pertsonaiek, eta nahasian doaz horregatik iraganari eta egungo munduari buruzko erreferentziak. «Antzerkia egoera nahiko atenporal batean dago. Trama aitzakia bat da memoriaren inguruan hitz egiteko, bai lehengo memoriaren inguruan, baina baita oraingo memoriaren inguruan ere».

Desagertuen bila

Frankismoko langile behartuekin batera, horregatik, beste pertsonaia batzuk ere azaltzen dira eszenan. Lesakatik kamioietan ezkutuan pasatu zuten eta geroztik desagertuta dagoen portugaldar baten emaztea da, esaterako, pertsonaia horietako bat. Eta badira gehiago ere, herritik desagertutako pertsona baten bila dabilen polizia itxurako beste pertsonaia bat ere agertuko baita eszenan. «Bi pertsonaia horiek dira aztoramena sortzen dutenak», dio Sarasolak. «Memoriari buruz eta gaur egungo egoerari buruz solastatzeko aukera ematen digu horrek, eta baita gatazkaren konponbidearen inguruan sortzen diren errelatoaren borrokak aipatzeko ere».

Badira ukitu surrealista batzuk ere antzezlanean. Eta jakin-mina ere badu egileak ikusleen erreakzioa zein izango den ikusteko. «Egoera batzuetan eta momentu batzuetan deserosotasun bat sortuko dela pentsatzen dut», onartu du. «Baina umorea ere badu, eta ez dakit nola hartuko duten. Halakoetan, nahi duzu eragin eta gai batzuk paratu, baina inoiz ez dakizu ikusleak nola erreakzionatuko duen».

Sarasolak idatzi eta zuzendu du antzezlana, eta Lesakako Mairu Antzerki Tailerrak oholtzaratuko du pieza. Sei aktore izango dira, guztira, eszenan: Juanan Saralegi, Ritxi Abril, Ainara Ribera, Josune Etxepare, Gotzone Rekondo eta Sarasola bera. Lehenagotik ere taularatuak dituzte Sarasolaren lanak, eta ezagun dute haren lan egiteko modua horregatik. Lesakakoak izanik, gainera, «berezia» egiten zaie herriko historia landu ahal izatea.

Talde amateurra da berez, eta horrek lan egiteko moduan ere eragin duela dio Sarasolak. Entseguak eta saio bakoitzean egin beharreko lana ongi programatuta eraman behar izan dituzte, eta kanpoko begirada baten laguntza ere eskatu dute horregatik antzezlana sortzerakoan.

Txorien kantuak

Manex Fuchs antzerkigileak egin ditu zuzendari laguntzaile lanak antzezlanean. Le Petit Theatre Du Pain konpainiako kide da Fuchs, eta, besteak beste, aktore izan da Hamlet eta Francoren bilobari gutuna antzezlanetan, baina zuzendari ere aritu da behin baino gehiagotan, eta, esaterako, hark zuzendu du Huts teatroaren Hozkailua lana. Oraingoan, Sarasolak dioenez, pertsonaiak azalera ekartzen lagundu du Mairu Antzerki Tailerrekoak. «Antzezlanaren forma ezkutuago jartzen eta pertsonaien arima presenteago egiten lagundu digu», azaldu du Sarasolak.

Asier Gogortza artistak sortutako bideoproiekzio bat ere txertatu dute antzezlanean, eta musikak ere izango du bere pisua. Euskal kantutegian txoriei egiten zaizkien aipamenak biltzen ditu, esaterako, antzezlanerako hautatutako musikak. Eta kasu honetan Igor Telletxeak, Aitor Mitxelenak eta Sarasolak berak egin dituzte musika moldaketak. «Pertsonaia bakoitza txori bat bezala definitu dugu, eta denek badute zauriren bat».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Emakume bat Rosa Valverderen hainbat kutxari begira, Donostiako San Telmo museoko laborategian jarri duten erakusketan. ©Andoni Canellada / Foku

Kaxetan bildutako mundu bat

Ainhoa Sarasola

Rosa Valverde artistak bere ibilbide osoan ondutako 52 kutxa daude ikusgai Donostiako San Telmo museoan, Arte kaxak erakusketan. Artistak askotariko objektuekin zuen harremanaren lekuko dira.

Arte eszenikoen dFeria jaialdiaren antolatzaileak eta sustatzaileak, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako aurkezpenean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Oreka izango du ardatz aurtengo dFeria jaialdiak

Alex Uriarte Atxikallende

Arte eszenikoen jaialdia martxoaren 14tik 17ra bitartean egingo dute, Donostiako hainbat agertokitan. Festibala hasi baino bi egun lehenago, ‘pre-feria’ izeneko egitarau berezia izango da.

Leire Vargas, Aner Peritz, Haizea Arana eta Oihana Arana, <em>Erre</em> emanaldiaren sortzaileak. ©LANKU

Kategoriak arrakalatzera

Ane Eslava

Leire Vargasek, Aner Peritzek, Oihana Aranak eta Haizea Aranak 'Erre' saioa estreinatuko dute otsailaren 5ean. Lankuk ekoitzi du

Lautan Hiru jaialdiaren antolatzaileak, gaur, Bilbon. ©Marisol Ramirez / Foku

Lautan Hiru antzerki jaialdia egingo dute laugarrenez Bilboko Zazpikaleetan

Olatz Enzunza Mallona

Euskaltzaindiak, Cafe Bar Bilbaok, Zazpi Katu gaztetxeak eta Bira kulturguneak antolatu dute egitaraua, elkarlanean, eta otsailaren 3an abiatuko da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.