Ez baitira soilik Ordorikarenak

Hamaika musikarik Ruper Ordorikaren omenezko kontzertu bat eskainiko dute Bilbon, martxoaren 14an. Besteak beste, Ken Zazpi, Petti, Mice eta Bernardo Atxaga izango dira
Aitor Narbazia Loraldia jaialdiko ordezkaria, Mikel Uraken musikaria eta Javier Corral <em>Jerry</em> Izar&Star zikloaren antzolatzailea.
Aitor Narbazia Loraldia jaialdiko ordezkaria, Mikel Uraken musikaria eta Javier Corral Jerry Izar&Star zikloaren antzolatzailea. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2018ko martxoak 7

Gutxi izango dira larre berdeak, etxe zuri, teila gorriak gurutzatu, eta jendarmeen auto bat bidean bildots artean pasatzen topatu gabeak diren euskal musikariak. Izan ere, 38 urte pasatxoko ibilbidearekin eta hamalau disko baino gehiagorekin, Ruper Ordorika erreferentzia garrantzitsua da hainbat sortzaile belaunaldirentzat, eta haren hainbat abesti euskal musikaren historia garaikidearen parte dira jadanik. Horregatik da zaila Martin Larralde abestian deskribatutako paisaia zeharkatu gabeko musikaririk aurkitzea, eta horregatik beragatik antolatu dute Ordorikarentzako omenaldia Loraldia jaialdiak eta Izar&Star zikloak. Haren omenezko kontzertua antolatu dute hilaren 14an, Bilboko Kafe Antzokian, eta hamaika musikari bilduko dituzte bertan. Ordorikaren abestien bertsioak joko dituzte guztiek, eta bertan izango dira, besteak beste, Ken Zazpi, Petti, Balerdi Balerdi, Ixiar Oreja, Mikel Uraken eta Miren Narbaiza. Gainera, Bernardo Atxaga eta Fermin Etxegoien idazleak ere izango dira oholtzan, beren ekarpenekin gidari lanak egiten.

«Rupertorioa». Ordorikak berak izen hori jarri ohi dio, txantxa modura, kontzertuetan eskaintzen duen abestien zerrendari, eta hitz hori aipatu dute kontzertuaren aurkezpenean ere. Ez dute argitu, ordea, nork zer joko duen; soilik esan dute ez dela abestirik errepikatuko, eta, Ordorikaren kanta ezagunenekin batera, normalean zuzenekoetan entzuten ez diren batzuk ere eskainiko dituztela. «Edozein kasutan, bikaina da kartela», laburbildu du Javier Corralek, Jerry Izar&Star zikloko antolatzaileak.

Guztira, hamabost edo hamasei abesti entzungo dira, zuzenean. Hortaz, bi edo hiru kanta joko ditu talde bakoitzak, baina, Ordorikaren diskografia zabala izanik, ez da arazo handirik izan abestiak hautatzerakoan, Mikel Uraken musikariak onartu duenez. Halere, onartu du ardura moduko bat sentitzen duela. «Duela bi hilabete jaso nituen Jerryren deia eta proposamena, eta ufa! Baina erronka polita iruditu zitzaidan».

Kanta ezagunez harago

Esaterako, hark abesti ezezagun xamarrak hautatu ditu. «Musikari ospetsu bat omentzen duzunean, beti egoten dira abesti batzuk oso esanguratsuak direnak, eta nahitaez hor egon behar dutenak. Etxeko apalategietan nuen disko bat hartu nuen nik, duela urte dezente kaleratutakoa, eta horko bi kanta aukeratu ditut. Uste dut hor dagoela horrelako omenaldien berezitasuna». Uraken gitarrarekin soilik igoko da agertokira, eta, aurreratu duenez, bi abestiak Ordorikarenak izango diren arren, bere estilora eramango ditu.

Eta, Urakenek bezala, berdin beste taldeek ere.

Adibidez, Jerryk zehaztu duenez, Ken Zazpikoak izan ziren abestiak hautatzen lehenak, eta, zehaztu du hiru abesti «enblematiko» aukeratu dituztela. «Sorpresak ere izango dira».

Berezia da Ixiar Oreja musikariaren kasua. Maixa eta Ixiar bikotean aritu zen 90eko hamarkadan, eta garai hartan trikitiak izandako pizkunde mugimenduaren parte izan zen. Urteak dira, ordea, Orejak zuzenekorik ematen ez duela, eta orain Ordorikaren omenez aritzeko igoko da oholtzara. Musikari ezagunak izango ditu ondoan, antolatzaileek aurreratu dutenez, eta kanta bakarra eskainiko du.

Urakenen hitzetan, omenaldia «zintzoa» eta «bihotzez egindakoa» izango da.

Apirilean kaleratuko duen disko berriarekin buru-belarri dabil oraintxe bertan, eta horrek erreparoa sortu zion hasieran; baina zalantza handirik ez zuen izan, eta berehala onartu zuen gonbidapena. «Ordorika totem bat da», esan du. «Miren Narbaizarekin batera, ni izango naiz karteleko musikaririk gazteena, eta nik baino askoz ere eskarmentu handiagoa dute. Niretzat oso polita da hemen egotea, eta belaunaldi errelebo bat islatu dezake; hori da nire inpresioa».

«Garaiak aldatzen ari dira»

Hori ez da Urakenek igartzen duen aldaketa bakarra. «Euskal musikaren munduan, duela hamarkada batzuetatik hona, izen esanguratsuak beti izan dira Gipuzkoa ingurukoak eta euskaldun zaharrak, eta horren inguruan eratu da euskal musikaren ardatza; ni, berriz, santutxuarra eta euskaldun berriaa izanik, ohore bat izan da barruraino sartu eta hemen egotea [barrez]. Denborak aldatzen ari dira».

Aitor Narbaiza jaialdiko produkzio arduradunak zehaztu du Loraldiak elkarlanerako asmoa duela Bilbon lanean ari diren kultur programekin, eta lankidetza horren emaitza da Izar&Star proiektuarekin batera antolatutako kontzertua. «Erreferente dira», onartu du Narbaizak.

Zortzi urte daramatza Izar&Star zikloak, eta Lou Reed, David Bowie, Leonard Cohen, Wilco eta nazioarteko beste hamaika artista omendu dituzte programan parte hartu duten taldeek. Euskal Herriko hainbat sortzaile ere omendu dituzte tarte horretan: Errobi, M-ak eta Izukaitz, esaterako. Eta Ordorikari etorri zaio orain txanda, Jerryk azaldu duenez. «Ordorika eztabaidaezina da, eta Loraldiarekin elkarlanean aritzea zen hura omentzeko modurik egokiena».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

 ©KURSAAL ESZENA

«Maitatua eta sostengatua sentiarazten nau publikoak»

Ainhoa Larretxea Agirre

Hirugarren diskoa aurkezteko bira bertan behera utzi ondotik, Kursaalean izango da Izaro bihartik aurrera. Pandemiatik bizirik atera izana ospatzearekin «nahikoa» du, oraingoz.
<em>Ama Kuraia</em> antzezlaneko lantaldea, joan den otsailean Bilbon egindako aurkezpenean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU
Bisitari bat Bilboko Rekalde aretoak Agustin Ibarrola artistari eskainitako erakusketan ©Miguel Toña/Efe

Ibarrolaren unibertso artistikoak bete du Bilboko Rekalde aretoa

Iñigo Astiz

Agustin Ibarrola sortzailearen azken lau hamarkadetako 70 lan inguru biltzen ditu 'Agustin Ibarrola, naturalki' erakusketak, eta Jose Ibarrola seme eta artistak egin ditu komisario lanak

Lander Garro idazlea ©Berria

Lander Garrok irabazi du nobelak idazten laguntzeko Agustin Zubikarai saria

Iñigo Astiz

Euskal Herriko giro nahasitik ihesi Bartzelonara doan Xabi Ugarte pertsonaiaren nondik norakoak ditu ardatz proiektuak, eta 'Faith' du behin-behineko izenburua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna