Eskarmentua eta jarrera oldarkorra

The Prodigy 90eko hamarkadako elektronika industrialaren talde ikurretako batek kontzertu basatia eskaini zuen herenegun BBK Live jaialdian.Foster the People gorabeheratsu aritu da

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2014ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Beterano izateak ematen duen eskarmentua dauka The Prodigyk. Hogeita bost urte beteko ditu taldeak 2015ean, eta urteek ematen duten segurtasuna daukate. Duela sei urte bigarren mailako talde gisa jo zuten ingelesek Kobetamendin, eta ostiralean kontzertu nagusia izan zen. Zeresana eragin du horrek, urteak baitira lan azpimarragarririk aurkezten ez dutenetik, eta jendea erakartzeko gaitasun urriagoa izan dezaketela baitzioten askok. Baina kontzertuaren ondoren, iritzi horiek guztiak isilarazi zituzten, emanaldi gordin eta bizia eskaini zuten-eta hasieratik bukaeraraino. Eta horretarako, euren ibilbide luzean sortu eta eskaini izan dituzten kantu azpimarragarrienak jo zituzten.

Elektronikaren esparruan mugarria izan da The Prodigy, eta lehenengotarikoak izan ziren hardcorea techno industrialaren uztarketarekin halako sona lortzen. Rocketik ere asko edaten dute, baina oinarrian erritmo elektroniko gogorrak dauzkate. Eta horrela hasi zuten euren emanaldia ere. Breathe ezagunarekin anabasa sortu zen ikusleen artean, eta ondorengo abesti guztietan mailari eusten jakin zuten. Erdi mailako kanta ugari jo zituzten, baina erritmo gordin hori nahikoa izan zen jendearengana iristeko. Denak dantzan jartzeko. Ezinbesteko abesti ugari ere jo zituzten, ordea. Besteak beste, Firestater, Voodoo People, RockEeiler, Thunder eta Spitfast erogarriak. Azkenerako Smack My Bitch Up ezaguna utzi zuten, nahiz eta zuzenean indarra falta izan zitzaion. Edozein moduz, kantu gordin eta astunez osatutako errepertorioarekin, The Prodigyk argi utzi zuen zergatik egin dioten lekua aurtengo BBK Live jaialdiko talde nagusien artean.

Azpimarratu beharra dago Keith Flint eta Maxim Reality abeslarien jarduna. Ez ziren une bakar batean ere geldirik egon, eta jende artera ere behin baino gehiagotan jaitsi ziren. Hala ere, bitxia zen Flint aurrera eta atzera korrika eta une oro biraka eta dantzaka ikustea. 90eko hamarkadan diskoteketan gailentzen zen estetikari fidel eusten dio oraindik, eta adinean gora doan pertsona batengan arraroa egiten da halakorik ikustea. Nolanahi ere, argi erakutsi zuten indartsu eta gogotsu eusten diotela. Horretarako, ikusleei behin eta berriro egin zien erreferentzia, Bilboren izena batek daki zenbat aldiz errepikatu arte. «Bilbo» eta «spanish people» (espainiarrak), besterik ez ahotan, baita abestiak eskaini eta dantzarako gonbita egiteko orduan ere. Hori horrela izanda ere, ikusleen gehiengoa irabazi zuten hasieratik amaierara arte.

Ostiral iluntzeko kontzertuek zerikusi gutxi izan zuten, ordea, The Prodigyk eskaini zuen elektronika oldarkorrarekin. Euren aurretik Foster the People estatubatuarrak igo ziren agertoki nagusira. Pop eta rock doinu dantzagarriak eskaintzen ditu hirukoteak, eta formula horrekin itzelezko harrera izaten ari da. Aparra bezala egin du gora, martxoan argitaratu zuten Supermodel diskoak entzuleen oniritzia jaso ondoren. Eta eragin hori agerian geratu zen baita Bilbon ere. Jendetza bildu zen euren emanaldirako, eta horiek guztiak dantzan jartzea lortu zuten. Coming of Age diskoko singlearekin jo zuen goia kontzertuak, hortik aurrera indarra galtzeko. Epeldu zen ikusleen harrera, baina Pumped Up Kicks kantuak berotu zituen berriro. Hortik amaierara arte berriz ere goia jo zuen emanaldiak. Agerian utzi zuten sasoian dagoen taldea dela, eta euren apustua berretsi zuten.

Gauza bera egin zuen, Jack Jonhson bakarlariak ere —BBKn bigarren aldiz aritu zen estatubatuarra, herenegun—. Foster the Peopleren aurretik jo zuen bigarren agertokian, eta kontzertu goxo eta atsegina izan bazen ere, tamaina horretako jaialdi baterako ez dela oso egokia esan daiteke. Giro ona sortzen du, eta etsairik handienak ere adiskidetzeko doinuak eskaini. Baina formula hori luzeegia izan daiteke ordubete pasatxoko kontzertu baterako. Ondoren zetozen talde bizi, basati eta dantzagarriekin zerikusi gutxi zeukan. Horietarako girotzeko lanik ez zuen bete, kontzertu lasai eta atsegina eskaini baitzuen, gorabehera gutxikoa. Kontrara izan zen, ordea, El Columpio Asesino iruindarrena. The Prodigyren emanaldi geldiezinaren ondoren behar bezalako jarraipena eskaini zioten. Doinu ilunetatik jo zuten hasieran, baina Toro ereserkiak agertoki txiki osoa saltoka jarri zuen. Lasai eta goxo hasi zen egunak gauarekin batera hartu zuen indarra eta gordintasuna.

Ikusmina Black Keysekin

Azken egunerako utzi zuen antolakuntzak The Black Keysen emanaldia, modako taldeetako bat. Horien emanaldia inor gutxik jarriko du zalantzan, El Camino diskoa argitaratu zutenetik goi mailako talde bihurtu baita bikote estatubatuarra. Atzo gauean izan ziren taula gainean, The Lumineers eta MGMT taldeekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.