Bete ahala hustuz doan botila

Euskal kulturgintzak euskaldunengana heltzeko dituen arazoak eta aukerak aztertu dituzte Lorea Agirrek eta Gotzon Barandiaranek Durangon, XII. Topaldian

Jende ugari bildu zen atzo Durangon Lorea Agirreren eta Gotzon Barandiaranen arteko hizketaldian; Alberto Barandiaranek gidatu zuen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Durango
2015eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
«Une honetan hizkuntza dakitenengana iristeko ere arazo larriak ditu euskal kulturak». Gordin egin zuen diagnosia atzo Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak Durangon (Bizkaia). Euskal kulturak euskararen komunitatearen garapenean zer betekizun duen aztertzeko gonbidatu zuen Euskaltzaleen Topagunearen XII. Topaldiak, eta Gotzon Barandiaran idazle eta kultur eragilearekin batera aritu zen mahai inguruan. «Ez dago artikulatuta irismena, ez zabalpena eta ezta transmisioa ere. Transmisioan akats nabarmenak ditugu. Estatu handietan hiru izan dira transmisio bide tradizional nagusiak: eskola, familia eta hedabideak. Eta hiru horietan nahiko hankamotz gabiltza». Alberto Barandiaran kazetari eta Hekimeneko zuzendariak gidatu zuen saioa, eta galdera hau egin zien Agirre eta Barandiarani: «Galdera ja ez da botila erdi hutsik edo erdi beteta dagoen, baizik eta husten ari den poliki-poliki edo betetzen ari den hortxe-hortxe». Eta bete ahala hustuz doan botila bat deskribatu zuten hizlariek, edo hustu ahala betez doan bat bestela.

Ekintzaren alde lerratu zuen hitzaldiaren amaiera Agirrek. Erresistentzia ariketa modura aurkeztu zuen euskal kulturgintza. «Gure sorkuntza euskaraz izate hutsa nahikoa da? Plano publiko batean, beharbada, bai, nahikoa da, baina neure buruari galdetzen diot ea niretzat nahikoa den, eta erantzuna da ezetz. Zerbait gehiago izan behar da. Euskara hutsean kultura sortze hutsa jada berez bada globalizazioaren aurkako antidoto bat. Bada erresistentzia puntu bat kultura anglosaxoia eta hutsala bultzatzen duen errepide nagusi horren aurka». Eta testuinguruaren argazki orokorra gordina izan arren, ukitu baikorra ere izan zuen Agirreren hitzaldiak. «Nik ez dakit inoiz normalizaziora helduko garen, normalizazioa ingelesak edo gaztelerak duen egoera baldin bada. Beti aukeratu egin beharko dugu, eta ederra litzateke ohartzea aukeratze hutsa eragiletza bat dela. Aukeratzen dugun aldiro eragile baikara, euskaraz sortzen dugun aldiro eragile baikara. Eta ederra litzateke pentsatzea gizarte hobe bat eraiki dezakegula, eta gizarte hobe bat eraikitzeko ezinbesteko dela euskaratik pasatzea». Proposamen zehatz bat ere egin zuen. «Uste dut transmisio, jabekuntza eta sormen eskola batzuk sortu beharrean gaudela herriz herri-edo».

Belaunaldi galdua

Ezkorra izan zen Gotzon Barandiaranen tonua hasieran. Hustuz bere botila. «Euskaldunok ez dugu geure kultura ezagutzen». Sorkuntza, plaza falta, ikusgarritasun eza eta transmisioa dira, haren ustez, arazo fokuak, eta euskal kulturgileak botere guneetara heltzeko beharra azpimarratu zuen horregatik. Izan ere, premia badago, haren hitzetan. «Transmisioa aipatu du Loreak [Agirrek]: uste dut belaunaldi bat gutxienez galdu dugula jada». Proposamen zehatz bat ere egin zuen hori konpontzen hasteko. Eta pixkanaka betetzen hasia zen haren botila ere amaierarako. «Kulturaren kontseilu, mahai edo bilgune nazionala osatu behar genuke honetaz guztiaz hitz egiteko. Euskal Herrian kulturgintzan ari garenok artikulatu beharra dugu, eta lortu behar dugu izatea indar nahikoa gabezia horiek guztiak betetzeko».

Batasunerako deia ere egin zuen Barandiaranek mahai inguruaren aurretik eskainitako bakarkako hitzaldian. «Kulturgintzan ari garenok, bata bestearen aurka ekitera behartzen gaituen diru laguntza sistemak porrot egin du, eta hortik bizi ziren profesionalak, batzuk eroso, oso egoera larrian geratu dira». Guk gEUre Kulturaz (Geuk) ekinbideari buruz eskaini zuen bakarkako saioa, eta hor egin zuen diagnosia. Kultur sistema osoa gonbidatu zuten iaz kulturgintzaren egoerari buruz gogoeta egitera, eta, Barandiaranen ustez, ezinbestekoa da sortzailearengandik hartzailearenganaino doan soka kontuan hartzea. «Euskal kulturgintzari bizkarra emanda bizi zen jende asko gure kulturara ekarri dute jardunaldi horiek». Eta garrantzitsua da harreman hori haren hitzetan. Garrantzitsua, bi aldeentzat. Euskarazko kulturgintzak aparteko artikulazio bat izan behar duela ere aitortu zuen, eta, azaldu zuenez, ondorio hori biltzen du Geuk elkarteak ere. «Euskarazko kulturak bere lanketa propioabehar du».

Borroka sorta handi baten ale gisa irudikatu zuen Agirrek euskal kulturaren aldekoa. «Euskararen defentsa berdintasunaren defentsa dela uste dut, eta, beraz, eskatzen digula bestelako berdintasun borrokekin artikulatzea eta elkar elikatzea». Aniztasunak malkarra du bidea, haren ustez. «Egiturak berak ez du uzten benetako hizkuntza ekologia bat aplikatzen, zeren Europako demokrazia liberaletan eskubide kolektiboak ez dira kontuan hartzen». Durangoko Landako gunen dagoen pintaketa bat ekarri zuen gogora: «Sormena da bide bakarra». «Euskararen eta kulturaren etorkizuna sormen gaitasunak definituko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.