Iturburu natural eta ezkutua

'Gure (zinemaren) sor lekua' argitaratu du Josu Martinez zinemagile eta ikerlariak.Andre Madreren 'Gure sor lekua' euskarazko lehen filmaren inguruko tesia du oinarri liburuak

Euskal Herriaren inguruko film dokumentalen inguruan ikertzen ari zela izan zuen Josu Martinezek Gure Sor Lekua filmaren inguruko berri. ISABELLE MIQUELESTORENA.
2015eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Euskal Herria gai duten film dokumentalen inguruan tesi bat prestatzen ari zen orain pare bat urte Josu Martinez zinemagile eta EHUko ikerlaria (Bilbo, 1986). Horretan ari zela, Gure Sor Lekua zelako pelikula baten aipamena topatu zuen, eta hariari tiratzea erabaki. Ezer gutxi topatu zuen hasieran: M. Madre zelako batek 1953an Euskal Herriaren inguruan ondutako dokumentala zen hura; baina hariari tiraka segi, eta filma euskarazkoa zela eta egilea Andre Madre koronela zela topatu zuen. Ez zen aurkikuntza makala, euskaraz ondutako lehen pelikula zen hura. Hariari ondo heldu, eta tiratzen jarraitu zuen Martinezek, zinta topatu arte. Bilaketa hori guztia kontatu du orain Gure (zinemaren) sor lekua liburuan, EHUn egindako tesian oinarrituta. Berriki argitaratu da liburu formatuan. Prozesu guztia azaltzearekin batera, dokumentalaren, Madreren eta testuinguruaren analisi historikoa egin du, eta Euskal Herriaren inguruan egin diren beste dokumentalekin erkatu du.

Martinezek topatutako pelikularen kopiak ez du soinurik, eta, beraz, ezin daiteke euskarazko hitzik entzun. Baina jakin badakite euskarazko pelikula dela, garai hartako prentsak hala jaso zuelako eta lekukoek hala berretsi dutelako. Irudiak aztertuta, ikus daiteke zein den filmaren gaia: «Euskaldun fededun baten bizitza, garai hartako euskaldun prototipoaren bizitza, jaiotzetik eta hiltzeraino», azaldu du ikerlariak.

Euskal Herriaren inguruko irudi «mitikoa» agertzen du Madrek ondutako dokumentalak, Jimenezen ustez. Hala da, agian, diasporako euskaldunentzat egin zuelako, haien herrimina apaltzeko. Garai hartan Parisen bizi zen koronela, eta laguntza ugari behar izan zuen ordu eta erdiko filma egiteko. Laguntzaileen artekoa izan zuen Jean Elizalde Zerbitzari euskaltzain eta apaiza. Martinezek jakin ahal izan duenaren arabera, hark egin zuen filmaren gidoia. Bilaketa luze baten ostean, lanerako erabilitako gidoiaren parte bat topatu zuen ikerlariak Zerbitzariren paperen artean: «Lehenengo orrialdea eta azkena, grapa batez lotuak, eta erdiko beste guztiak faltan zituela». Euskaltzainaren iloba baten semeak zituen paperak. Kartoizko kutxetan gordeak zituen, besteak beste, argitaratu gabeko nobelak, eta Zerbitzariren eta Pier Lafitteren eta Piarres Lartzabalen arteko gutunak. Paperen artean, Madreren zenbait gutun zegoen: 1953an, Zerbitzariri pelikulan parte hartzeko eskakizuna egin zion horietako baten bidez.

Historia bizia

Euskal zinemaren bibliografiak ahaztu egin zuen, nolabait, Andre Madrek ondutako dokumentala euskarazkoa zela, baina tokiko zaharrek ondo gogoratzen zuten filma. Ipar Euskal Herriko prentsan ere bazegoen dokumentalaren inguruko informaziorik. «Inork ez zuen horretan arakatu», nabarmendu du EHUko ikerlariak. Hori hala izan bada, neurri batean, euskal zinemaren historia diziplina gaztea delako eta erdaldunek egin dutelako izan da, Martinezen ustez. «80ko hamarkadatik egin da, eta egin dute euskaraz ez zekiten Hegoaldeko historialari batzuek. Haietako askok oso gutxi zekiten euskal kulturaren inguruan, eta ez zitzaien ezta otu ere egin Iparraldeko euskarazko hedabideetara jotzea, ezta frantsesezkoetara ere».

Aurkikuntza egin zuenean, Martinezi atentzioa eman zion Ipar Euskal Herrian zein naturalki hartzen zuten filma euskarazkoa izatea. «Hegoaldeko begiekin heltzen ginen hara, eta haientzat ez zen gauza handi bat. Euskarazko lehen filma da, baina naturala zen. Filma egin zutenean ere, ez dut uste kontziente zirenik zerbait historikoa egiten ari zirela. Madrek kanpoan zeuden euskaldunentzat egin zuen, eta euskaraz egin zuen eurek filma uler zezaten. Ez zuen filma egin euskara salbatzeko kontzientziarekin, oraindik ere gauza asko egiten diren bezala, normalizazioa lortzeko, ez».

Euskal Herri «utopiko» bat

Madreren lana Euskal Herriaren inguruko beste dokumentalekin alderatu du Martinezek. Azaldu duenez, asko dira bai euskaldunek, bai kanpotarrek Euskal Herriaren inguruan egindako film dokumentalak. Horietako gehienek oso irudi antzekoak azaltzen dituzte. Gehien-gehienek Euskal Herri «utopiko» bat sortzen dute. «Euskal Herria herri berezi gisa irudikatzen dute». Horrez gain, irudiak «harrigarriki antzekoak» direla dio Martinezek. «Elkarren segidan pasatzen badituzu, badirudi pelikula bera ikusten ari zarela denbora guztian. Berdin du hainbat hamarkadatan egindakoak izatea. Nik uste dut hori gertatzen dela Euskal Telebista sortzen den arte».

Baina badira zenbait ezaugarri kanpokoek eta etxekoek egindako lanak bereizten dituztenak: euskal herritarrek egindako gehienak «Kixote idealista batzuek» egindako lanak dira, laguntzarik gabe egindakoak, eta zailtasun handiz. Atzerritarrek ondutakoek, berriz, ekoizpen etxe handiak izaten dituzte atzetik, eta, oro har, «azaleko azalpenak» ematen dituzte. Hala gertatzen da, esaterako, Moris Chanpreauxek, naziek eta Orson Wellesek ondutako pelikuletan.

«Film horiek guztiak eta, bereziki, euskaldunek egindakoak, Euskal Herriaren XX. mendeko historiaren isla dira», ikerlariaren ustez. Hala ere, beti bezala, historiaren zati baten isla baino ez dira. Izan ere, Euskal Herri «utopiko» bat azaltzen dute guztiek. Gure Sor Lekua-ren kasuan, adibidez, Madrek kanpo uzten du garaiko Euskal Herri industriala, eta herri bukoliko bat irudikatzen du». Tesia egin, eta, bitartean, ikerketa prozesua filmatu zuen Martinezek, eta horrekin dokumental bat ondu du. Lana udazkenean estreinatzea espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.