Bertsoz bertso, plazatik plazara

Baionan erakutsi ostean, 'Kargak & Deskargak' kaleko emanaldia Gasteizera helduko da astelehenean. Lizarran, Ondarroan eta Bilbon emango dute ikuskizuna datozen asteetan

Kargak & Deskargak-eko kideak, atzo, zortziko emanaldian, Baionan, Hotel Monbarren aurrean. EKHI ERREMUNDEGI.
Peru Azpillaga Diez.
Bilbo
2017ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Urteak igaro dira Unai Iturriaga (Durango, Bizkaia, 1974) eta Igor Elortza (Durango, Bizkaia, 1975) izatezko bertsolari bikotea eta Josu Zabala (Otxandio, Bizkaia, 1949) Hertzainak taldeko kide ohia lehen aldiz elkartu zirenetik. Eta 7 Eskale eta Gu ta Gutarrak egitasmoen bidez, hamaika herri bertsoz eta musikaz bete zuten behin baino gehiagotan. Urteak igaro dira, baina badirudi haien lan egiteko eta sortzeko grinak ez duela etenik. Eta bueltan dira berriz ere, Kargak & Deskargak kale emanaldiarekin.

Oraingoan, laukotea osatu dute Rafa Rueda musikariarekin (Mungia, Bizkaia, 1972), eta «antzokietatik kaleetara» egin dute salto. Tarte laburrean arituko dira, baina beren kaleko bertso eta musika proposamen ibiltariarekin arrastoa uzteko asmoarekin herrietako kaleetan. Unai Iturriagak azaldu duenez, bi aukera daude: «Bata, jendea zugana etortzeko zain egotea; eta, bestea, zu jendearen bila joatea. Jendea kalean dago, eta gu jendearengana goaz».

Egitasmo berriak hiru geldigune ditu emanaldi bakoitzean, «30 minutuko emanalditxoak». Eta plazatik plazara mugiarazten du jendea, batetik besterako tartean musika joz, ibilbidea girotzeko. «Bertso inprobisatuak eta musika izaten dira ibilbidean», Iturriagaren esanetan. Kalean nonahi aurki daitezke oztopoak, baina, eta trasteak garraiatzeko «modu sinple bezain konplikatuan antolatzen» saiatu direla erantsi du.

Kalekoen logika

Kaleko musikarien logika erabiltzen dute Kargak & Deskargak proposamenean, «kode horietara» eramanez bertsoa eta musika. Iturriagaren ustez, funtzio hori, normalean, «beste mota bateko musikek edo artistek» betetzen dute, eta, haatik, nahi izan dute esparru horretara joan. Azaldu duenez, emanaldia «oso soila» da: soinu bat, gitarra bat eta bi ahots. «Oso oinarrizkoa eta kalekoa da, plazan ikusten dugun edozein musikarirena bezalakoa. Beraz, argi dugu jolasetik ere asko daukala».

Bidalketa enpresa baten istorioa kontatzen du bertso-musika proposamenak. «Leitmotiv bat behar genuen kalera joateko, eta hortik etorri zen bidalketa enpresaren istorioa». Hots, herriek dituzten «kargak» kantatuko dituzte eta, bide batez, «deskargatzen» lagundu. «Partekatzen dugun poz, min, pena... horren guztiaren bidez, gu ere deskargatzea espero dugu». Horrez gain, hirietan «zerbaitetan» aritzen den jendearekin lankidetzan aritu nahi dutela erantsi du.

Kutxa bat darabilte emanaldian. «Guztira bost emanaldi bakarrik izango direnez, antolatzaileek beren artean nolabaiteko harremana izatea nahi genuen», azaldu du Iturriagak. Antolatzaile batek besteari pasatuko dio kutxa, eta artista laukotea izango da zeregin horretan bitartekari.

Baionako jaietan egin zuten lehen emanaldia, eta opari andanarekin beteta agertu zen han kutxa: fruitu zuku ekologikoa, inkesta soziolinguistikoa, pistola bat... Bilbotarrek betea zen kutxa hartarako, Bilbon izango baita azken emanaldia, abuztuaren 22an. Bitartean, beste hiru saio egingo dituzte: Gasteizen, astelehenean; Lizarran (Nafarroa), asteartean; eta, hilaren 17an, «karanbola batengatik», Ondarroan (Bizkaia). «Lehenago ezin izan dugu prestatu, eta, gero, bertsolaritza txapelketa dator. Nik ez dut parte hartuko, baina Igorrek bai. Horregatik dira emanaldi denak abuztuan».

Adiskidetasuna oinarri

Musikaren eta bertsoen gainetik, bada laukote horrek berezia duen beste ezaugarri bat, Iturriagaren esanetan. «Gu bertsolari moduan, eta Josu eta Rafa musikari moduan, lagun garen batzuk berriz elkartzea da lehenengo gauza». Erantsi du, gainera, Elortza izan dela «aspalditik» kalerako zerbait egiteko ideiarekin zebilena. Ez ei da erraza izan, hala ere, familia, lana eta beste uztartzea. «Argi dago gure artean gogoa badagoela gauzak egiteko, baina bizitza da agintzen duena». Orain, hilabete bakar batez bada ere, kalera bueltatu dira. «Ez da disko bat izango. Gure bizitzek utzi diguten neurrian antolatutako emanalditxoa da». Hots, bertso inprobisatuak, musika eta tokian tokirako jarritako bertso sorta pare batekin osatutako kale emanaldi berezia. Gu ta Gutarrak baino «askoz ere bertsolariagoa», Iturriagaren aburuz. «Inprobisazio askokoa», eta, musikaren eta bertsoen oinarria mantendu arren, «oso bestelakoa» dela uste du: «Askoz efimeroagoa».

Euren deskarga proposamenak izan dezakeen etorkizunaz galdetuta, zuhur baina itxaropentsu mintzo da Iturriaga: «Argi dago Gabonak arte stand by egongo dela proiektua. Igor txapelketan abendura arte egotea espero dut». Aurreko proiektuetan aldez aurretik «lan gehiegi» hartu izan dutela uste du, eta, oraingoan, «gozatzera» atera nahi ei dute zuzenean. «Azken finean, berriz elkartzea zen helburua, gozatzen dugun ala ez ikusteko». Etorkizunean berriz elkartzeko ideiari ez dio muzin egin nahi, hala ere: «Zergatik ez. Ikusiko dugu udaberrian edo udan, baina gozatzen badugu, izan liteke, hori baita asmoa azken finean».

Musika eta bertsoa, bertsoa eta musika. «Kargak eta deskargak, kale kantoian. Goikoak behean jarriz, eta behekoak goian». Martxan da kaleko bertso emanaldi musikatua. Umorez beteriko errima eta bertso artean, Euskal Herriko kaleetako arazoak jaso eta plazaz plaza arintzeko intentzioarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.