Londresek EBren itun komertzialei eutsi nahi die trantsizio aldian

Europako Batasuna utzi ondorengo faserako proposamena egin du Erresuma Batuak. Bruselak etzi zehaztuko du bere jarrera. Bi aldeek martxoan ekinen diote negoziazioen bigarren faseari

David Davis Erresuma Batuaren brexit-erako negoziatzailea, atzo, Middlesbroughen. ANDY RAIN / EFE.
mikel rodriguez
2018ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Erresuma Batuaren eta EB Europako Batasunaren arteko negoziazioak bigarren fasean sartzekoak dira martxoan. Hitzartutakoaren arabera, hilabete honen bukaeraren aitzinetik aurkeztu behar zituzten brexit-a gertatu ondorengo trantsizio aldirako proposamenak; hau da, hurrengo urteko martxoaren 29aren ondoren hasiko den fasean Erresuma Batuak EB modu hitzartuan eta ordenatuan uzteko aplikatu beharreko neurriak. EB etzi aurkeztekoa da bere proposamena, eta Erresuma Batuak atzo egin zuen aurkezpena. Londresek harreman komertziala zehaztea du lehentasun. David Davis negoziatzaileak atzo Middlesbroughen (Ingalaterra) adierazitakoaren arabera, Londresen asmoa da EBk bertze herrialde batzuekin dituen harreman komertzialez baliatzen jarraitzea trantsizio aldian, eta, horrekin batera, bi aldeko akordio propioak egitea. «Herrialde independente gisa, Erresuma Batuak merkataritza politika propioa edukiko du berriz ere», adierazi zuen Davisek.

«[Brexit-aren] Gauzatze aldi horren helburua ziurtasuna ematea da, eta gogoan eduki behar dugu bertze harreman batzuetarako zubia izanen dela», erran zuen negoziatzaileak. «Erresuma Batuak gaitasuna izan behar du harreman berri horietarako prestatzeko; ez Europako Batasunarekin bakarrik, baita mundu osoarekin ere». Davisek nabarmendu zuen Erresuma Batuak EB ofizialki utzi eta hurrengo egunean oraindik indarrean egonen direla batasuneko arauak, eta horiek pixkanaka utziko diotela eragina izateari. Arau horien artean daude EBk batasunetik kanpoko estatuekin dauzkan merkataritza hitzarmenak. «Merkataritza akordio horiek definizioz onuragarriak dira biontzat. Erresuma Batuaren eta EBren interesekoa da sinatuta dauden akordio horiek indarrean jarraitzea aldi horretan». Davisentzat, «pauso sinplea» da Erresuma Batuak akordio horien parte izaten segitzea, «negoziazioek jarraitzenduten bitartean akordio horien eraginak betiko luzatzeko». EBk horrelako 65 hitzarmen dauzka.

EBko herritarren errolda

EBko herritarrek Erresuma Batuan izanen luketen estatusaren inguruko proposamena ere egin zuen Davisek. Aitzinetik hark eta Theresa May lehen ministroak errandakoak berretsi zituen. 2019ko martxoaren 29a baino lehen Erresuma Batuan bizi diren EBko herritarrek trantsizio aldian ez dute eragozpenik izanen «bizitzeko eta lan egiteko». Data horren ondotik Erresuma Batura migratzen dutenek, berriz, errolda batean izena eman beharko dute. «Horrek zerbitzu publikoak hobeki antolatzen lagunduko digu, eta etorkizuneko immigrazio sistemarako hobeki prestatzen».

Davisek ez zuen aipatu trantsiziorako epe jakin bat. Erresuma Batuko The Guardian egunkariaren arabera, EBk beharrezkotzat ikusten du data jakin bat ezartzea, eta hori 2020ko abenduaren 31n ezarri nahi du.

Brexit-arenak negoziazio gogorrak izan dira orain arte, eta ez da espero martxotik aitzinerakoak samurragoak izanen direnik. Gainera, Erresuma Batuko gobernu kontserbadoreak etxean ere aurre egin behar die zailtasunei. Hasteko, alderdi barrenean dituen eztabaidei. Philip Hammond Ekonomia ministroak herenegun Davoseko bilkuran (Suitza) egindako adierazpenek sortu dute azken ekaitza. Hammondek erran zuen espero duela EBren eta Erresuma Batuaren arteko harremanen urrutiratzea «hagitz txikia» izatea. Erresuma Batuko hedabideek atzo titulu nagusi anitz bete zituzten tory euroeszeptikoenen haserre erreakzioekin. Davisek garrantzia kendu nahi izan zion polemikari, eta erran zuen ez dagoela «ezberdintasunik» bere ikuspegiaren, Mayrenaren eta Hammondenaren aldean.

Alderditik kanpo, gobernuak ez du lortu behin betiko ixtea brexit-ari buruz bertze erreferendum bat egiteko eztabaida. The Guardian-ek ICM etxeari agindutako inkesta bat argitaratu zuen atzo, eta, horren arabera, herritarren %47k erreferendum bat egin nahiko lukete Londresen eta Bruselaren arteko azken akordioa bozkatzeko, eta %34 daude horren aurka. Erresuma Batuak 2016an bozkatu zuen EB utzi ala ez erabakitzeko, eta %52k egin zuten uztearen alde. Bi aldeek iazko abenduan itxi zuten akordioaren lehenbiziko fasea: Londresek ordaindu beharreko faktura, herritarren eskubideak, eta Irlanda barreneko muga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.