Herdoila barrez kentzeko

Pez Limbo konpainiak 'Oxido' antzezlana ondu du. Umorearen bitartez hurbildu nahi dute ikusleengana. Maiatzera bitarte, Gasteizko taldeak hamabost emanaldi egingo ditu

Pez Limbo konpainiako aktoreak, Oxido antzezlanaren entseguetako batean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
aitor biain
Gasteiz
2018ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
«Emozioei begiratzen badiegu, denok daukagu zerbait herdoilduta. Eta zer esanik ez harreman gaitasunei dagokienez». Pez Limbo Gasteizko konpainiako kideek barrura begirako, emozioei loturiko eta gizarte harremanen bueltako antzezlana sortu dute berriz ere: Oxido. Raul Caminok idatzi eta zuzendu du lana, eta egoera berezian dauden eta bizitzaren absurdoari aurre egin nahian ari diren pertsonaia batzuk ditu oinarri. «Pertsonaia bakoitzak badauka zerbait emozionalki herdoilduta. Gizarte honen isla da, obrak ere emozioen alde herdoildua islatzen baitu. Azken batean, nola edo hala denok gaude herdoilduta, eta asko dira behar, hutsune edota ezin bati aurre egin nahi dioten pertsonak», erantsi du Ainhoa Alberdi aktoreak. Taularen gainean arituko dira, halaber, Begoña Martin, Aitor Perez Collado eta Eduardo Hernando.

Konpainiak aurrez sortutako lanen ildo berari jarraitzen dio Oxido obrak ere. Hogei minutuko hiru zatik osatzen dute lana, eta antzokiko toki jakin batean egingo dute obraren zati bakoitza. Hori dela eta, emanaldiguztiek mugatua izango dute ikusle kopurua: 80 ikusle hartuko dituzte gehienez, emanaldi bakoitzean. «Hasieran, ikusleak bi taldetan banatuko ditugu,eta talde bakoitza antzokiko toki jakin batean egingo den pieza bat ikustera joango da. Amaitutakoan, pieza aldatuko dute,eta, behin bi piezak ikusita,hirugarren antzezlana ikusiko dute elkarrekin. Hirugarrenpiezan, ikuslea aktoreen inguruan izango da, lauki moduko batean eserita», azaldu du Caminok.

Ikuslearekin lotura estua izan nahi du obrak. Alberdiren esanetan, publikoa beti da obraren parte; beste pertsonaia bat, «hirugarren bat». «Pez Limbo konpainiakook ikuslearengandik oso hurbil dauden obrak egiten ditugu; ez dugu oholtzarik erabiltzen. Oraingo honetan ere publikoa ez da ikusle hutsa: pertsonaia baten barruan sartzen da, nolabait esatearren, nahiz eta ez duen ezer egin beharko», adierazi du Caminok. Bada, ikusleak jarrera pasiboa badu ere, garrantzi handia du obran, egileen esanetan.

Oxido antzezlanean ere umorea darabilte kontakizunaren eta publikoaren arteko zubi lanak egiteko. Baina ez nolanahiko umorea: «umore garratza». «Umorea gai arantzatsuetara iristeko tresna bat da guretzat. Umorez tratatzen baititugu obran hizpide ditugun gaiak, erabateko absurdora iritsi arte. Horrexegatik, sortzen diren egoerak ere erabat groteskoak dira, eta muturreraino eraman daitezke», zehaztu du Alberdik. Pertsonaiak ere muga horretan daude; hain zuzen, «naturaltasunetik apur bat harago», Caminoren arabera.

Konpainiaren ezaugarrietako bat izan da umorea betidanik. Orain arte egin dituzten obretan ere berebiziko garrantzia izan du, baita Oxido antzezlanean ere. Alberdi: «Umorearen bitartez, pertsonaren alde ilun eta garratzak bilatzeko joera hartu izan dute beti. Baina ez da umore erraza izaten. Gai korapilatsuak daude; sakonera garamatzaten gaiak eta egoerak dira. Jendeak barre asko egingo duela iruditzen zait, baina badira barru-barrukoak direnak ere, eta ikusleari zer pentsatua emango dioten egoerak. Batzuetan oso bortitzak dira. Egoerei pisu edo kutsu dramatiko hori kendu zaie, baina, berez, oso dramatikoak izan daitezke».

Lehen aldiz euskaraz

Aurrez beste konpainia batekin elkarlanean egina badu ere, Pez Limbo konpainiak bakarka egiten duen euskarazko lehen antzezlana da Oxido. Caminoren esanetan, «handia bezain polita» izan da erronka, eta gustura daude emaitzarekin. Nolanahi ere, euskarazko zein gaztelerazko bertsioak taularatuko dituzte. «Oinarrian berdinak badira ere, bi bertsio desberdin dira guretzat,ez baitira itzulpen hutsak. Hainbat kontu aldatu ditugu; txikikeriak dira, baina uste genuen beharrezkoak zirela», zehaztu du Caminok.

Obra gazteleraz sortu zuten, eta Alberdi eta Perez arduratu dira gidoia euskaratzeaz. Itzulpen lanak egiteaz gain, euskarako irakasle lanak ere egin dituzte. Izan ere, gainerako taldekideak euskaldun berriak dira. Alberdi: «Sekulako lana izan da, irakurketarekin hasi eta baita entseguak ere». «Erronka polita izan da guretzat. Aktoreak gara, eta oso gustuko dugu emozioak lantzea. Bada, horretarako bidea eman digu», aitortu du Caminok. Horiek horrela, Camino bera arduratuko da gaztelaniazko lana zuzentzeaz; Alberdi eta Perez, berriz, euskarazkoa zuzentzeaz.

Atzo arratsaldean egin zuten euskarazko antzezlanaren estreinaldia, Gasteizko Principal antzokian. Gaur, berriz, obraren gaztelerazko bertsioa aurkeztuko dute jendaurrean. Bi emanaldi emango dituzte: 20:00etan izango da aurrenekoa, eta 21:30ean bigarrena. Edonola ere, ez dira saio bakarrak izango; beste hamabost aurreikusi dituzte maiatzera bitarte. Besteak beste, obra Zumaian (Gipuzkoa), Leioako (Bizkaia) Umore Azokan eta Donostiako arte eszenikoen DFeria azokan taularatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.