Derbi bat, bi aldarte

Alaves eta Athletic aurrez aurre izango dira gaur Mendizorrotzan, sasoiko azken derbian. Oso egoera ezberdinean iritsiko dira

Ander Iturraspe eta Alfonso Pedraza, lehian, lehen itzulian San Mamesen jokatutako partidan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
enaut agirrebengoa
2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Lehen begi kolpean, nahiko urardotua dirudi gaur Alavesek eta Athleticek jokatuko duten lehiak. Izan ere, bi taldeek jada ezer gutxi dute jokoan. Arabarrek arazorik gabe eutsi diote mailari, eta bizkaitarrak ez gora ez behera gelditu dira. Nolanahi ere, ondo begiratuz gero, badago Mendizorrotzan jokatuko den partida erakargarri egiten duen aldagairik. Batetik, gaurkoa denboraldiko azken derbia izango da —11 jokatu dira orain arte—. Bestetik, postu eta puntu bakarraren aldea dago sailkapenean bi taldeen artean: hamahirugarren dago Alaves, 44 punturekin, eta hamalaugarren Athletic, 43 punturekin.

Eta, horretaz landa, aldarteen derbia ere izango da, kontrako umorez baitira batzuk eta besteak. Alavesek bekoki alaia du, eta ez da gutxiagorako. Sasoi hasiera beltza osatu ondotik, dinamika irauli, eta erraz eutsi dio mailari. Susperraldia Abelardo Fernandezek gidatu du aulkitik, eta asteazkenean beste urtebeterako berritu zuen. Manu Garcia kapitainak ere berritu zuen, 2020ra arte. Athleticek, ordea, aurpegi zurbila du. Taldeak ez du esperotako maila eman, eta klubak herenegun jakinarazi zuen datorren sasoian Jose Angel Ziganda Kuko-k ez duela jarraituko zuri-gorrien aulkian.

Gaurkoa izango da sasoi honetan Mendizorrotzan jokatuko den azken lehia, eta Alavesek azken hilabeteetako jardunari ginga jarri nahiko dio bere zaleen aurrean. Min hartuta daude Ruven Duarte, Carlos Vigaray eta Antonio Sivera. Teknikari espainiarrak ez du uste bizkaitarrengan eraginik izango duenik jakiteak Zigandak ez duela segituko. «Partida modu profesionalean prestatuko du, aurreko 36ak bezala, eta jokalariak prest egongo dira».

Egun osoan, omenaldia egingo zaio 1997-98ko sasoian Lehen Mailara igo zen taldeari. Derbia festa giroan emango dute, beraz, gasteiztarrek.

Duin amaitu nahian

Ospakizunetarako motiborik ez du, ordea, Athleticek. Goiko postuei begira ekin zion sasoiari, azken lau urteetan Europan lehiatu ondotik. Alabaina, Zigandak ez du asmatu taldeari zukua ateratzen, eta jokalariek ere beren maila onenetik urrun jardun dute. Ahazteko moduko denboraldia izan da zuri-gorrientzat, baina, bederen, duin bukatu nahi dute. Azken partidan 2-0 irabazi zioten Betisi, hiru defentsako sistemarekin. Gaur Zigandak apustuari euts diezaioke. «Ondo bukatu nahiko nuke, eta hori joko onarekin dago lotuta», adierazi zuen atzo.

Oscar de Marcos Iñigo Lekueren ordez ariko da, eta aurrean Iñaki Williamsek, Iker Munianek eta Aritz Adurizek jokatuko dute berriro.

ALAVES-ATHLETIC

Alaves. Pacheco; Martin, Maripan, Ely, Dieguez; Pina, Manu Garcia; Ibai, Munir, Sobrino; eta Demirovic.

Athletic. Kepa; Unai Nuñez, Yeray, Iñigo Martinez; De Marcos,Beñat, Mikel Rico, Saborit; Williams, Aduriz eta Muniain.

Epailea. Estrada Fernandez.

Lekua. Mendizorrotza (19.810 ikusle).

Ordua. 18:30ean (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.