155.a gainetik kentzeko ordua

Generalitateko Aldizkari Ofizialak atzo argitaratu zituen kontseilarien izendapenak, eta gaur egingo dute karguaren zina. Torrak «gobernua berrezartzea» du helburuetako bat
Joaquim Torra, erdian, Kataluniako Generalitateko presidente hautatu zuten egunean. Gaur hartuko dute kargua kontseilariek.
Joaquim Torra, erdian, Kataluniako Generalitateko presidente hautatu zuten egunean. Gaur hartuko dute kargua kontseilariek. TONI ALBIR / EFE

Jon Ander De la Hoz -

2018ko ekainak 2
Kataluniak gobernu berria izango du gaur. Joaquim Torra presidenteak astearte iluntzean sinatu zuen gobernuaren osaketa desblokeatzeko dekretua, eta atzo argitaratu zituen izendapen horiek DOGC Generalitateko Aldizkari Ofizialak. Hala, gobernu berriko kideek 11:30ean egingo dute beren karguaren zina. Kontseilariek zina egin ahal izateko haietako batzuk ordezkatu behar izan ditu Torrak, Espainiak uko egin diolako kartzelan dauden Jordi Turull eta Josep Rull eta erbestean dauden Toni Comin eta Lluis Puigen izendapenak argitaratzeari, «bideragarritasun arazoengatik». Haien ordez, Angels Chacon (Enpresa), Laura Borras (Kultura), Damia Calvet (Lurralde eta Iraunkortasuna) eta Alba Verges (Osasuna) ariko dira Generalitateko gobernuan.

Kontseilariek kargua hartzearekin batera, urritik indarrean den Espainiako Konstituzioko 155. artikulua bertan behera geratuko da automatikoki. Generalitateak asteartean iragarri zuenez, kontseilu exekutiboaren lehen bileran hartuko duten erabakietako bat izango da 155. artikulua «bere osotasunean» inpugnatzea. Gaur egingo dute lehendabiziko bilera hori, kontseilariek kargua hartu orduko. Torrak ez ezik, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak ere parte hartuko du zin egiteko ekitaldian.

Kontseilari ohiei keinua

Izendapenen dekretua sinatu eta biharamunean Belgikara joan zen Torra, han erbesteratutako kontseilari ohiekin biltzeko. Orduan azaldu zuenez, gobernu berriaren «helburu» izango da aurreko gobernua berrezartzea: «Nire presidentetzako egunik zoriontsuena Puigdemont berriz inbestitzen dugunekoa izango da», adierazi zuen herenegun.

Horretarako, espetxean eta erbestean dauden kontseilari ohiekin noizbehinkako kontaktua mantentzeko agindu die gobernukide berriei; ez bakarrik haien «esperientziaren eta orientazioen» berri izan dezaten, herrialdeak bizi duen «ezohiko egoera» islatzeko keinu bat egiteagatik baizik. Horrez gain, Torrak dei egin die Kataluniako enpresariei elkarlanean aritzeko eta «elkarrizketan inplika» daitezen.

Iazko abenduaren 21eko hauteskundeen emaitzetatik sortuko da gobernu berria. Zazpi hilabete igaro dira ordutik, eta alderdi independentziazaleek hainbat oztopo gainditu behar izan dituzte gobernua osatu eta 155. artikulua deuseztatzeko. Gaur izango da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna