Pilota ona pilota txarra ere bada

Bengoetxea VI.ak eta Urrutikoetxeak buruz buruko finalerdirako materiala aukeratu dute, Labriten.Zaratamokoak «pilota on bakarra» aurkitu du: Leitzakoak gustuko ez duena

Oinatz Bengoetxea eta Mikel Urrutikoetea pilotariak, atzo, Labriten, materiala aukeratu eta gero. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
«Ez zaizkit pilotak gustatu». Mikel Urrutikoetxeak argi utzi zuen atzo, Labriten, saskian aurkitutako pilotekin ez zela kontent gelditu. Larunbatean buruz buruko txapelketako lehendabiziko finalerdia jokatuko du Zaratamoko(Bizkaia) aurrelariak, Oinatz Bengoetxearen aurka. Iruñeko frontoian egin zuten bat, atzo, partidarako materiala aukeratzeko. Urrutikoetxeak «pilota on bakarra» aurkitu zuen. Bengoetxea VI.a, berriz, kontent gelditu zen. Ontzat jo zituen saskitik ateratako bi pilotak. Ez, ordea, Urrutikoetxeak gustuko izan zuen bakarra. «Ez dut esanen gehiegizkoa dela, baina ez da egokia Labriterako», kexatu zen. Batentzat ona dena, bertzearentzat txar.

Pilotariek, noski, nork bere jokoaren aldeko materiala bilatu zuten. Patxadaz hartu zuen lana Leitzakoak. Ez zuen presarik izan bere pilotak aukeratzeko. Gero, Urrutikoetxeak hartu zuenean tokia Labriteko kantxan, aurkariaren materialari so gelditu zen pilotari leitzarra. Urrutikoetxeak bere bi pilotak hartu bezain pronto, haietako bat ez zuela batere gustuko argi utzi zuen Bengoetxea VI.ak. «Bote handiko pilota da. Biziegia da».

«Onenen artean»

Pilotariak badaki Urrutikoetxeak zer egin nahiko duen larunbateko finalerdian: «Atzera bidaliko du pilota. Badaki pilota ongi jotzen», erran zuen Bengoetxea VI.ak, aurkariari buruz. Bizkaitarrarekin ez dela fidatzen erantsi zuen. Indartsu ikusten duela, eta urtetik urtera hobera egin duela. «Azken urtean, batez ere, aurrera egin du, eta onenen artean dago orain. Frontoian egoten eta tantoak amaitzen badakiela erakutsi du».

Leitzarra prest da borrokatzeko, hala ere. Partida gogorra izanen dela zalantzarik ez du, baina une honetan sasoiko dagoela erran zuen atzo Bengoetxea VI.ak: «Azken bi asteotan atseden hartzeko denbora izan dut, eta on egin dit horrek. Bete-betean nago».

Seigarren finalerdia izanen da etzikoa Bengoetxea VI.arentzat. Jarraian jokatzen duen hirugarrena izanen da, berriz, Urrutikoetxearentzat. Materiala ez zaiola gustatu argi utzi eta gero, bizkaitarrak Labriten nabarmendu zuen aukera profitatzeko prest dela. «Finalean sartzeko aukera polita dut, eta hori lortzen ahaleginduko naiz».

Materiala motelegia zela erran zuen. «Saskian ziren hamar pilotetatik bakarra ateratzen da ondo frontisetik. Beste guztiak antzekoak dira, motelak». Hala eta guztiz ere, dituen pilotekin bere jokoa egiten saiatuko da Urrutikoetxea. Bengoetxea VI.ak ongi ateratzen badu, min handia egiten ahal diola erran zuen. «Ni gauza bera egiten saiatuko naiz». Gakoa, haren hitzetan, kantxara lasai ateratzea izanen da. Bengoetxea VI.a sasoiko dela uste du Urrutikoetxeak ere. «Zaila izango da, baina ilusioz nago». Iaz, Juan Martinez de Irujok utzi zuen finaletik at. 22-16 galdu zuen Iberokoaren aurka —Irujo txapeldun izan zen gero, finalean Julen Retegiri 22-9 irabazita—.

Gaur, hain zuzen ere, Martinez de Irujo eta Aimar Olaizolaren txanda izango da. 11:30ean geratu dira, Gasteizko Ogeta pilotalekuan, igandean frontoi berean jokatuko duten bigarren finalerdirako pilotak aukeratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.