Tranpen bi aldeei begira

Pablo Capitan artistaren 'Adimena beste hizkuntza batean' erakusketa jarri dute ikusgai Bilbo Arte aretoan. 1983ko Bilboko uholdeak izan ditu gogoan sorkuntza prozesuan

Hilaren 20ra bitarte izango da ikusgai Pablo Capitanen Adimena beste hizkuntza batean Bilbo Arte aretoan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2017ko irailaren 1a
00:00
Entzun
«Erakusketa osoa tranpa bat da; eta etortzen den ikusleak kanpotik zein barrutik ezagutuko du tranpa hori». Ozeanoaren itxura eman dio Pablo Capitan artistak (Granada, Espainia, 1982) Bilboko Bilbo Arte ekoizpen artistikorako zentroari eta itsaso azpiko errealitatea irudikatu du Adimena beste hizkuntza batean erakusketan. «Norberetzat hartzen ez den espazioa irudikatu nahi nuen», azaldu du Capitanek. Aurrez aurre ditu erakusketarako sortu dituen arrainak harrapatzeko erabiltzen diren piezak eta airean eskegita dauden aluminiozko arrain bitxiak. «Uraren azpiko errealitatea da hau. Ez da gure mundua». Nork bere zentzua eman eta interpretazioa egiteko,erakusketan murgiltzea da onena, artistaren arabera. Irailaren 20ra bitarte izango dute lana ikusgai, astelehenetik ostiralera, 17:30etik 20:30era.

Espazio bitan dago banatuta erakusketa. «Bi diskurtso eraiki nahi izan ditut: bata positiboa eta negatiboa bestea». Oreka tranpak izeneko artelanak dira ikusten diren lehen piezak; arrantzarako erabiltzen diren hainbat neurritako tutuak, alegia. «Interneten aurkitu ikusi nituen lehen aldiz, baina herritar asko dira, etxean, halakoak eskuz eraikitzen dituztenak. Oro har, nahiko eraikuntza pobre eta sinpleak dira».

Kartoia, burdina eta egurra erabilita sortu ditu Capitanek obrak. Neurri ezberdineko tutu itxurako bost pieza jarri ditu ikusgai lurrean, balantza desorekatubaten gisan. «Arrainentzako amua tutuaren bukaeran jarri ohi da. Era horretan, animaliak amua usaindu eta tranpan sartzen direnean, duten pisuarekin eraikuntza desorekatu eta itxi egiten da, harrapakina barruan utziz».

Ur azpiko errealitatea

Artistak egindako harrapagailuetako bat gizakiaren tamaina baino handiagoa da. Harrapakaria harrapakin bihurtzeko arriskua irudikatu nahi izan du Capitanek horrekin. «Ikusleak duen tamainak obran izan dezakeen garrantzian egin dut indar». Eta animalien eta gizakien jokaerak alderatzeko saiakera ere egin nahi du. Hala dio: «Oraindik ere munduan ez dago gizakiak ehizatzeko tranpak fabrikatzen dituen animaliarik».

Arrainak harrapatzeko tranpak kanpotik ikustetik tranpa barruan egotera igaroko da ikuslea erakusketaren bigarren espazioan. Lokatz marra bat dute aretoko hormek, eta uholdeek utzitako arrastoen itxura hartzen du gelak. Hain zuzen, 1983an Bizkaiko hiriburuan izan ziren uholdeei egindako keinua da 1,90 metroko altuerara iristen den hormetako lokatzaren marka. «Artxandatik hartu nuen lupetza, eta, urarekin nahastu ondoren, aretoko hormak zikindu edo margotu nituen. Bertako elementu bat txertatu nahi nuen aretoan, nolabait, bilbotarren iruditeria kolektiboarekin konektatzeko».

Bada uraren maila irudikatzearekin lortu nahi izan duen beste efektu bat ere. «Ikuslea ur azpian kokatu nahi dut». Begien maila berean dauden aluminioz egindako arrainak ere jarri ditu sabaitik zintzilik, efektu hori indartzeko. Ez ditu edonolakoak egin, ordea, bikoiztuta baitaude animalia denak. «Ispilu batean islatuta egongo balira bezala sortu ditut». Zehazki, haitzuloetako urmaeletan bizi diren animaliak dira denak. «Arrain itsusiak dira, trogloditak, itsuak eta, gehienek, ez dute pigmenturik ere».

Areto berean, haurrei mukiak kentzeko erabiltzen den gailu erraldoi bat jarri du. «Ur turrusta botatzeko erabiltzen dira. Baina ur azpian balego, ez litzateke botatzen ari den ura ikusiko». Pieza horrekin itxi nahi izan du Capitanek erakusketa. «Interesgarria iruditu zitzaidan ikusten ez den horrekin azken hausnarketa egitea».

Ezagutzen ez dena

Bi hilabete dira Capitan Bilbora iritsi eta erakusketa prestatzen hasi zela. «Gutxi gorabeherako ideia banuen buruan, baina aretoa ikusita eman diot forma. Aluminiozko animalia pila bat sortu nuen, eta oso gutxi jarri ditut azkenean. Mezua ahalik eta argien agertzea nahi nuen, eta, horregatik, ez dut erakusketa artelanez kargatu. Ikuslea aretora sartzen denean, argi geratzen da urpeko mundua erakusten dudala nire lanarekin».

Ezezaguna den mundu batean murgiltzeko gonbidapena egin du artistak. Hain zuzen, ezagutzarik ezak sortutako paradoxak eman dio izenburua erakusketari. «Ulertzen ez den aditu bat aditua dela ondorioztatzea oso erraza da. Nik, adibidez, esan dezaket alemanez ari den irakasle bat azkarra dela, alemanez ez dakidan heinean. Gauza bera gertatzen zaigu ezagutzen ez ditugun animaliekin ere. Badirudi etengabe dakitela nora doazen eta nondik mugitzen ari diren. Baina, akaso, ez da beti hala izaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.