Bilboko Aste Nagusia 

Konpartsak, motorrak berotzen

Bertako produktuekin ospatuko dute Konpartsakide Eguna, Bilbon, 29 konpartsetako 2.000 kidek. Aste Nagusiko lehiaketa gastronomikoak egun bat gehiago izango du

Bilboko Konpartsetako kideak, Konpartsero Eguna aurkezteko egin zuten agerraldian, atzo. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Peru Azpillaga Diez.
Bilbo
2017ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Usain ederra dario Bilboko Areatzari. Larunbatean hasiko dira Bilboko Konpartsetako kideak Aste Nagusirako motorrak berotzen. 29 konpartsetako 2.000 kide inguruk suak piztu eta lapikoak apaletatik aterako dituzte Konpartsakide Eguna ospatzeko.

Bilboko jaietarako oraindik 38 egun falta diren arren, bertoko produktuz osatutako gurdi eta guzti egin zuten agerraldia Bilboko Konpartsetako kideek atzo. Kolorez beteriko agerraldi alaia izan zen, beraz. Kolorez beteriko eguna izango da larunbata ere, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte horretarako. Konpartsen arteko pintxo lehiaketa, baserriko piperren eta tomateen banaketa, txakolin dastatzea, konpartsen arteko bazkaria eta, nola ez, eguna amaitzeko, erromeria eta kalejira. Bilboko Areatza Aste Nagusirako prestatzen hasiko da horrela, larunbatean egingo dituzten ekintzekin. Oraindik itxura gutxi izango du, baina espiritua bertara iritsiko da.

Espiritu horietako bat janariaren bidez iritsiko da. Aste Nagusian lehiaketa gastronomikoek presentzia handia izaten dute, eta larunbatean ere janaria protagonista izango da. Aurten ere, bertoko produktuekin eta ekoizleekin duten konpromisoa berresteko asmo irmoa plazaratu dute Bilboko Konpartsek. Pedro Prieto Gago Aste Nagusiko lehiaketa gastronomikoaren lehendakariak azaldu duenez, beti egin dute zero kilometroko produktuen alde, eta hala jarraitzeko asmoa dute. «Gure baserritarrak eta arrantzaleak babestuko ditugu beti, bai larunbatean, baita aste Nagusi osoan ere», baieztatu du.

Gainera, gogorarazi du produktu horien atzean familia bat dagoela, galtzen ari den ofizio bat. Beraz, erosketak modu kontzientean egiteko beharra nabarmendu du, jakinik zer lan dagoen ortuko produktu horien atzean. Bilboko Konpartsen konpromisoa berretsi du horrela Gagok.

Larunbatean bertan hara joan eta parte hartu nahi duen pertsona orok, bestalde, Eusko Label sor-markako mila errazio tomate eta 6.000 piper berde dastatu ahal izango ditu, guztiz doan. Hori guztia, gainera, Bizkaiko txakolinarekin lagunduta.

Jolasak, umeen esku

Konpartsakide Egunaren harira, Bilboko Konpartsek intentzioa azaldu dute beste pauso bat emateko umeen parte hartze aktiboa sustatzeko bidean. Horren adibide izango dira larunbatean egingo dituzten umeen jolasak. Lehen aldiz, jolas horiek umeek pentsatuak, diseinatuak eta antolatuak izango dira. Umeek sortuak eta umeentzat izango direla esan daiteke: «Orain arte, hainbat eta hainbat ekintza prestatu eta programatu ditugu gure txikientzat, eta, aurten, pauso bat harago joan nahi izan dugu, eta haiei protagonismo osoa eman. Ziur gaude asko dutela guri irakasteko, eta ildo horretan jarraitzeko asmoa dugu», jakinarazi zuen Oihana Pascual Bilboko Konpartsetako kideak.

Haur jolasetan, haurrek eurek hartuko duten ardura izango da aurtengo Konpartsero Eguneko berrikuntzetako bat. Horrekin batera, Aste Nagusiari lotutako beste berrikuntza bat ere aurkeztu zuten atzoko agerraldian. Hain zuzen, lehiaketa gastronomikoari lotutako berrikuntza. Izan ere, egun bat gehiago luzatuko dela adierazi zuen Pascualek, eta, ondorioz, plater berri gehiago sartuko dira. Horiek horrela, lehiaketa gastronomikoa Aste Nagusiko astelehenean ere egingo dute, orain arte astearteetan hasten baitzen.

Egun berri batek plater berri baten beharra du, eta, horri erantzuteko, ortuko produktuekin egindako platerak lehiatukodira. Horrela, beraz, urteetako aldarrikapenaren ostean, plater begano bat kozinatzeko aukera egongo da Aste Nagusiko lehiaketa gastronomikoan. Astelehenean izango da hori, eta lehiaketari hasiera emango dio. Pascualek adierazitakoaren arabera, patatak saltsa berdean egin beharko dituzte lehiakideek, «aspaldiko garaitik gaurdaino gure etxeetako suteetan mantendu den plater tradizional eta erakargarria».

Azkenik, udan gertatzen ari diren eraso sexistei aurre egiteko deia ere egin dute konpartsek, «emakumeek libre bizi behar dituztelako jaiak». Konpartsakide Egunari eta abuztuan hasiko den Aste Nagusiari erreferentzia egin zioten. «Baita urte osoan eta jai esparru guztietan ere, bestela ez dira-eta izango ez jai herrikoiak, ez jaiak». Beraz, mezu garbi bat bidali dute konpartsakideek: «Erasotzailerik ez: ez Bilbon, ezta inongo jaietan ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.