Arrauna. San Miguel liga

Iraganera itzuli da berriz ere

San Pedrok iraultza egin du taldean, eta, iazko arraunlari ugari falta zituenez, beterano asko batu ditu handik eta hemendik, eta gazteekin elkartu.Aitor Balda da entrenatzaile berria

San Pedroko arraunlariak, denboraldi honetako traineruaren aurkezpenean. SAN PEDROTARRA ARRAUN ELKARTEA.
Aitor Manterola Garate.
2015eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
San Pedron trumoi hotsak entzun ziren aurreko udazkenean, arraun denboraldia bukatu eta arraunlariei galdetu zitzaienean ea bertan jarraituko zuten aurten ere. Ezezkoek eragin zuten ekaitza, ezezko askok. Larrialdiko argia piztu zen klubean, eta, egoera bideratzeko, iraganera jotzea erabaki zuen zuzendaritzak. Izen eta abizenak zeuzkan iraganak: Aitor izenez, Balda abizenez. «Suhiltzailea naizela ematen du, klubean sua dagoen bakoitzean niregana etortzen direlako», esan du Baldak, Lekeitioko estropada bukatu eta lehorrera igo berritan.

Ez baitu aurreneko aldia sua itzaltzen. Duela bost urte bukatu zuen azkeneko lana, orduan ere kluba antzeko egoera batetik atera eta gero. San Miguel ligara igo zuen, eta oso ondo aritu, gero, oilarren artean. Egungo egoera berdintsua dela aitortu du, baina ñabardura bat nabarmendu: «Egoerak antzekoak dira, orduan eta orain estu baitzen kluba, baina ezberdintasuna da garai hartan bazela arraunlari gazteen multzo bat klubean, eta horiekin egin nuen lan. Orain, ez; orain ia hutsetik hasi behar izan dut, handik eta hemendik jendea bilduz».

Batzen hasi arraunlariak, eta argazki bitxi samarra atera zaio: oso beteranoak dira gehienak, eta oso gazteak gainerakoak. «Horrela atera da taldea. Esperientzia polita izango da, batez ere gazteentzat. Beteranoen alboan lan egiteko aukera ari dira izaten, eta aberasgarria izango da haientzat». Baldaren azalpen horretan egon liteke San Pedrok aurtengorako hartu duen ildoa: gazteenak zailtzeko beteranoak ekarri, eta adinduenak esperientzia eta maila handiko arraunlariak direnez aurtengo emaitza ona nolabait ziurtatu.

Hemendik hiru hilabetera ikusiko da helburuak bete dituen. Zein diren ez du ezkutatu entrenatzaileak: «Erdialdean ibili nahi dugu San Miguel ligan, eta, ahal bada, goikoengana gerturatu. Hori lortzen badugu, oso ondo ibiliko gara. Badakigu goiko laurek nolako maila duten, eta oso zaila izango da Urdaibai, Kaiku, Hondarribia eta Oriokoengana gerturatzea, baina saiatuko gara. Garbi daukaguna da ez dugula arazorik izan nahi mailari eusteko». Izan ere, iazko esperientzia gogorra izan zen San Pedrorentzat, azken unera arte lehian ibili baitzen jaitsierako kanporaketari ihes egiteko.

Baldaren jarduna ezagututa, ez da batere dudarik lana beltz egingo zutela neguan, eta hark aitortu du gogorra egin dela lan hori: «Ez da samurra izan, ez. Karga fisikoa handia izan da, bai». Baina badaki udan ondo ibiltzeko ezinbestekoa dela neguan lan ona egitea, eta ligaren hasieratik nahi du lan on hori erakutsi. Aparteko garrantzia eman dio ondo hasteari: «Oso inportantea da hasiera. Lasaitasuna eta konfiantza emango lizkioke taldeari, eta lanean ondo jarraitzeko ezinbestekoak dira bi ezaugarri horiek». Baita talde barruko giro ona ere: «Gustura gabiltza. Alai ari gara lanean, eta oso giro ona daukagu taldean».

«San Juan eta Cabo aurkari»

San Pedro bezala, talde asko dira erdialdean ibili nahi duten taldeak. Horiek guztiek badakite lau onenen artean sartzea oso zaila dela, eta, beheko zuloan inork egon nahi ez duenez, denek aurkezten dute hautagaitza erdialdean ibiltzeko. Baldak galbahea pasatu dio multzo horri, eta beste bi talde ikusten ditu berearen pare: «San Juan eta Cabo izango direla iruditzen zait».

Onartu du, hala ere, ez dakiela zenbait taldek zer eman dezaketen, eta Galiziako beste biak aipatu ditu multzo horretan, Bizkaiko birekin batera: «Tiran eta Meira zertarako gai izango diren ez dakigu oraindik. Portugalete eta Zierbena ere, ikusi egin beharko da nola ibiltzen diren». Bizkaiko bi ontzi horien gainetik badabil San Pedro, ez da seinale txarra izango. Baldaren helburuak betetzetik ez da oso aparte ibiliko hala bada. Beste asmoa —gazteenak zailtzea beteranoan alboan—, hori denborak zehaztuko du, baina ez dituzte maisu txarrak Balda bera, Aizperro, David Iglesias, Mikel Arostegi, Iker Aranburu eta beste hainbat. Iraganetik eraiki nahi ditu oraina eta geroa Libia-k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.