Albistea entzun

'Ulises', azkenean euskaraz

James Joyceren nobela laudatua euskaratu du Xabier Olarrak, hiru urteko lanaren ostean.

Itzulpenean oinarrituta, antzerki lana emango du gaur Donostian Agerre Teatroak
Xabier Olarra, Maggi Wilce eta Oihana Lekuona, atzo, <em>Ulises</em> itzulpenaren eta <em>Molly Bloom, emakume baten aurpegiak</em> antzerki lanaren aurkezpenean.
Xabier Olarra, Maggi Wilce eta Oihana Lekuona, atzo, Ulises itzulpenaren eta Molly Bloom, emakume baten aurpegiak antzerki lanaren aurkezpenean. JON URBE / ARP Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Argote -

2015eko irailak 8

Euskaraz mintzo da, azkenean, James Joyceren Ulises. Orain hiru urte abiatutako lanari amaiera jarri dio Xabier Olarra itzultzaile eta editoreak, eta liburua salgai dago dagoeneko hala Igela argitaletxearen webgunean nola liburu dendetan, azal bigunean zein gogorrean. XX. mendeko liburu gorenetakoa eta ingelesez sekula idatzitako onena da, askoren ustez, Joycek 1922an Ulysses jatorrizko izenburuarekin argitaratu zuena.

Joyceren eleberri mardula euskarara ekartzeko asmoa «ez da atzo goizekoa», Olarrak azaldu duenez. Esaten dutenez —baina baieztatu gabe dago—, Gabriel Arestik ere egin zuen obraren itzulpen bat, baina guardia zibilek kendu zioten kontrol batean, eta galdutzat ematen da gaur egun. Ordutik, itzulpengintzari buruzko mahai inguruetan ohikoa izan da «eta Ulises, noizko?» galdera, Olarraren arabera. «Mitoaren maila lortua duen liburuari heltzeko garaia heldua izan zitekeela pentsatzen hasi ginen batzuk orain dela hamabosten bat urte», dio itzultzaileak. 2012ko ekainaren 16ra arte ez zion ekin, ordea, erronkari. Twitterren bota zuen asmoaren berri, «beste norbait lan horretan ari baldin bazen, edo itzuli eta tiraderaren batean gordeta baldin bazeukan, horrelako nekerik hartu beharrik ez izateko». Inor ez zebilen lan horretan, antza, eta, hala, egitekoari eutsi zion Olarrak, «XXI. mendeko euskal irakurle saiatuek agian estimatuko zutelakoan».

Hamar urteko epea ezarri zion itzultzaileak bere buruari, lana osatu ahal izateko. Epeak, dena den, dezente murriztu dira ordutik: «Kalkulu bat egin nuen, nire asmoa inolako presarik gabe hartzea zelako. Pentsatu nuen egunean 500 karaktere itzuliz gero, alegia, lau txiok ematen dutena, 2022rako prest edukiko nukeela, hau da, argitaratu zeneko mendeurrenean. Noski, horiek ez dira benetako kalkuluak. Halako obra bati heldu behar badiozu benetan heldu behar diozu, eta egunean zortzi edo hamar ordu eskaini». Itzulpen egitasmoak, gainera, Europako Batasunak emandako diru laguntza bat jaso zuen, epeak azkartzearen truke. Ondorioz, aurreratu da argitaratze data.

«Gustura» egin du lana Olarrak, testu konplexua izanagatik. Hizkuntza baliabide eta erregistro ezberdinak erabiliz idatzia da, puntuazio arau bereziak baliatuz. Akaso horregatik, itzultzeko libururik zailenetarikotzat jo izan da sarri. Korapilo askorekin topo egin du Olarrak ere, baina garaile irten da erronkatik: «Itzulpen honen barruko problema eta zailtasun batzuk egun batean konpontzekoak dira, eta beste batzuk ehun urtean ere ezin dira konpondu». Nolanahi ere, «ondo informatzea» da korapilo horiek askatzeko bidea, Olarraren irudikoz. Don Gifforden Ulysses Annotated liburura jo du horretarako, «ez korapilo guztiak askatzeko, baina bai behintzat arazoak non dauden ikusteko». Gainera, frantsesezko, alemanezko, gaztelerazko eta baita galegozko itzulpenetara ere jo du Igelako arduradunak, itzulpenerako baliabide bila.

James Joycek egin bezala, euskarazko hizkuntza maila ezberdinak baliatu ditu Olarrak ere itzulpena egin eta «parodiatzeko moduak» bilatzeko. Jatorrizko obrako pasticheak —hainbat autore eta estilo konbinatzeko baliabidea—, bestalde, Joyceren bidetik osatu ditu itzultzaileak ere. Alegia, jatorrizko egileak egin bezala, garaian garaiko autoreen estiloengana jo du Olarrak ere, kasu honetan, euskal literaturaren itsasoan bilatuz, «hasi Etxeparerekin, segi Leizarragarekin eta gero Axularrekin jarraituz».

Eztabaidagarriak izan daitezkeen erabakiak hartu ditu Olarrak, hala nola he (hura edo bera, gizonezkoa denean) eta she (hura edo bera emakumezkoa denean) bereizketa egiteko emakumezkoen kasuan hura eta bera tildez markatuta ematea; edo emakumezkoa bere buruarekin hizketan noka jartzea, tradizioak emakumeak bere buruari toka egiten diola agindu arren.

«Muturrekoak» ere hartu ditu itzultzaileak, «zerbait konpontzerik ez dagoenean, edo konponduta dagoela uste eta gero horrela ez denean», baina, dioenez, «aurretik jakin beharrekoa da hori». «Optimismo patologiko» bati esker eutsi dio Olarrak lanari, eta bide neketsua izanagatik, erronkak ez dio itzulpengintzan jarraitzeko gogorik kendu, barre artean dioenez. Orain, lana amaituta, argi du, «itzulpen guztiek bezala, badagoela zer hobetua». Baina lasai mintzo da itzultzailea, gogoz egindako lanaren ziurtasunarekin: «Irakurleak esan beharko du lagundu ote diodan obra horrekin gozatzen. Nik ahalegin guztiak egin ditudala esan dezaket, eta baita nire aldetik jar nezakeen guztia jarri dudala ere».

Itzulpenetik, antzezlana

Olarrak egindako itzulpenean oinarrituta, Agerre Teatroa konpainiak, Maite Agirrek zuzenduta, Molly Bloom, emakume baten aurpegiak antzerki lana emango du gaur, 19:30ean, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Molly Bloom pertsonaiak Ulises eleberriaren azken kapituluan egiten duen barne bakarrizketa jasotzen du antzerki lanak, bi hizkuntzatan emana: euskaraz eta ingelesez. Aurretik gazteleraz landua zuen Agirrek barne bakarrizketa hura, eta horregatik jo dute berarengana euskarazko testuaren gainean obra lantzeko.

Testua hiru emakumezko aktoreren ahotik lantzea erabaki du zuzendariak. Molly Bloomek, hortaz, hiru aurpegi izango ditu. «Gogoan dut gazteleraz egin nuenean denbora dezente behar izan nuela bakarrizketa hura ikasteko», azaldu du Maite Agirrek. «Oraingoan hilabete batzuk baino ez genituen, eta dena antzezle batek egitea gehiegi iruditzen zitzaidan. Horregatik pentsatu genuen hiru ahotsetara egitea. Horrek gainera, arintasun bat emango dio ikusleari».

Oihana Lekuona, Nia Acosta eta Maggi Wilce aktoreek jokatuko dute Molly Bloomen pertsonaia. Ingelesez egingo du azken horrek, euskaraz beste biek. Santi Ortegak, bestalde, Leopold Bloom Ulises eleberriko protagonistaren rola antzeztuko du.

«Hitz jarioa, uholdea» da bakarrizketa, Agirreren ustez, «Joyceren jenialtasuna» gordetzen duena. Horregatik, «Joycerekin maitemindutako asko» espero ditu gaur, publiko artean.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

EHZko kideak Kanboko gaztetxean egin duten biltzar nagusiaren ondoren ©EHZ

Arberatzen izanen da 2024ko EHZ

Ekhi Erremundegi Beloki

Gaur egin dute biltzar nagusia EHZko laguntzaileek, Kanboko gaztetxean, eta heldu den urtean Amikuzera mugitzea erabaki dute. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean izanen da festibala Nafarroa Behereko herri horretan.

Victor Erize zinema zuzendaria, atzo, Donostian, Lumiere anaiei keinu egiten dien kamiseta erakusten. ©JON URBE / FOKU

Erize: «Jatorrian, film bat ikustea kontenplazio ekintza bat zen»

Itziar Ugarte Irizar

Zinema ikustearen «esperientzia publikoa» eta aretoak defendatu ditu Victor Erizek 'Cerrar los ojos' filma aurkeztu berritan. Ana Torrent aktorearen eskutik jaso zuen atzo gauean Donostia saria
<b><em>Great absence <em>filmeko zuzendari Kei Chika-Ura eta Tatsuya Fujiaktorea, atzo, Donostian.</em> </em></b> ©JUAN HERRERO / EFE

Aita-seme batzuen elkartzea

Jone Bastida Alzuru

Kei Chika-Ura zinemagile japoniarrak dementziaren eta familia istorio baten inguruan gertatzen den pelikula bat aurkeztu du Zinemaldiko Sail Ofizialean: 'Great Absence'

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...