Eliztar berriak 'katedralean'

Astelena pilotalekuan jokatuko dira Emakume Master Cupeko finalak, igandean, eta jendetza biltzea da antolatzaileen helburua. Bi finaletan ez dago faborito argirik. Bideoa albistearen amaieran.
Laboral Kutxa Emakume Master Cupeko finaletan ariko diren pilotariak, atzo Eibarren eginiko aurkezpen ekitaldian. Ezkerretik eskuinera: Patri Espinar, Alaitz Badiola, Amaia Vicario, Ohiana Orbegozo, Ainhoa Urien, Leire Etxaniz, Olatz Arrizabalaga eta Eneritz Arrieta.
Laboral Kutxa Emakume Master Cupeko finaletan ariko diren pilotariak, atzo Eibarren eginiko aurkezpen ekitaldian. Ezkerretik eskuinera: Patri Espinar, Alaitz Badiola, Amaia Vicario, Ohiana Orbegozo, Ainhoa Urien, Leire Etxaniz, Olatz Arrizabalaga eta Eneritz Arrieta. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko martxoak 21
Astelena Eibarko pilotalekua da pilotaren katedrala. Pilotaren historiako izen handi ia guztiak aritu dira han. Isasi kaleko aldapetan eraikitako pilotalekuak, baina, zor handi bat du pilatua: emakumeak. Mende hasieran, bertan zegoen Euskal Herriko erraketista eskola garrantzitsuenetako bat, baina hura desegin zenetik Elite Mailako emakumezkoen partidarik hartu gabea zen, are gutxiago eskuz. Zor historiko hori igandean hasiko da ordaintzen, bertan jokatuko baitira Laboral Kutxa Emakume Master Cupeko Lehen eta Promozio Mailako finalak (11:30). Eibarko Udalak dohainik utzi die pilotalekua antolatzaileei, eta, horrenbestez, sarrerak doan izango dira.

«Sartu garenean, telebistaz handiagoa dirudiela iruditu zaigula komentatu dugu», esan zuen lotsagabe atzo Patri Espinarrek, Astelenan bertan eginiko finaleko aurkezpenean. Sartzen zen lehen aldia zuen. Sakrilegioa, baina, berehala garbitu zuen. «Niri ilusio handia egiten dit horrelako pilotaleku mitiko batean jokatzeak. Astelena pilotaleku historikoa da, eta orain emakumeei ireki dizkie ateak. Emakumezkoen pilota zabaltzeko balio dezala keinu honek».

Espinarrek Lehen Mailako finala jokatuko du, Eneritz Arrietarekin batera, Olatz Arrizabalaga eta Leire Etxaniz iazko txapeldunen ondoren. Azken horiek iragan astean 1.051 pilotakadako finalerdia irabazi zuten, baina eskuek ondo eutsi zioten tratuari. Espinarrek eta Arrietak, berriz, 400 pilotakada pasatxokoa jokatu zuten, baina Espinarren eskuek ubelduta bukatu zuten. «Eskuak gaizki ditut, baina txapelketa guztian izan ditut horrela. Aste honetan masaje emailearengana joan naiz, eta finalean jokatu ahal izango dut», aurreratu zuen.

Finalerdiak oso ezberdinak izan ziren, finalean ariko den bikote bakoitzaren ezaugarriak bezala. «Finala partida oso ezberdina izango da. Atzera joz bakarrik ezingo dugu irabazi, baina Patri [Espinar] ahalik eta gutxien sar dadin lortu behar dugu», azaldu zuen Olatz Arrizabalagak. Iazko aurrelari txapelduna ere pilotalekuaz mintzatu zen: «Emakumeok beti pilotaleku txarrenetan jokatzera ohituta gaude. Mutilak handira eta gu txikira, edo txarrera. Txapelketa honekin hori pixka bat aldatu da».

Emakume Master Cup da emakumezkoen pilotaren mugarri nagusia egun, eta iaztik bilakaera ikusi du Leire Etxanizek. «Goraka doa, iaz baino jende gehiago ibili da, eta maila hobea da. Txapelketa honen inguruan emakumeen beste partida batzuk antolatzen hasi dira herrietan, eta dagoeneko hasi dira uda honetarako deitzen». Eneritz Arrieta aurten Promozio Mailako lau eta erdiko txapeldun izan da, eta nabaritu du Lehen Mailarekiko aldea. «Nik uste nuen Lehen Maila handi zetorkidala, eta, begira, finalera iritsi naiz Patrirekin. Hori bai, jauzia nabaritzen da promozio mailatik; emakumeen pilota asko garatzen ari da».

Bi autobus zaleekin

Astean bitan Azpeitian (Gipuzkoa) esku-huska modalitatean entrenatzen den pilotari multzoko kide da Arrieta; hamabi bat dira guztira, eta kide bat baino gehiago izango dute finaletan. Izan ere, Promozio Mailan, Oihana Orbegozo eta Alaitz Badiola azpeitiarrek Ainhoa Urien eta Amaia Vicarioren aurka jokatuko dute. Bi bikoteak finalerdietan 18-17 irabazita sailkatu ziren, eta ez dago faborito garbirik iganderako.

Azpeitian autobus bat antolatu dute zaleak finalera eramateko, eta Etxeberrian (Bizkaia), Leire Etxanizen herrian, ere bai. Finalerdietan, Oñatin, goizean 950 ikusle izan ziren Zubikoa pilotalekuan. Astelenak 1.250 eserleku ditu, eta harmailak ondo betetzea da helburua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna