Taldekakoa izanen dute aurten

Ipar Euskal Herriko Xilaba bertso txapelketaren formula berria estreinatuko dute larrazkenean. Dagoeneko hogeita hamar bat bertsolari dira parte hartzekoak
Taldekako Xilaba antolatzeko, larunbatean ukan zuten bilkura bertsolariek eta Bertsularien Lagunak elkartekoek, Baionan.
Taldekako Xilaba antolatzeko, larunbatean ukan zuten bilkura bertsolariek eta Bertsularien Lagunak elkartekoek, Baionan. BOB EDME

Nora Arbelbide Lete -

2018ko maiatzak 16
Xilaba Ipar Euskal Herriko bertso txapelketaren hamar urteentzat formula berria estreinatzear dago aurten Bertsularien Lagunak elkartea: taldekako Xilaba. Beste herrialdeetan egiten dira gisa horretako bertso ekitaldiak, baina Xilabarentzat lehen aldia izanen da.

Ez da izanen erabateko aldaketa. 2020ko urtean banakako antolaketara pasatuko da berriz ere Xilaba. 2021eko Euskal Herriko bertso txapelketa nagusira joateko, Ipar Euskal Herritik hiru bertsolari sailkatu behar dira: «Hori erabakitzeko nahitaez antolatu behar dugu banakako Xilaba», zehaztu du Xumai Murua Bertsularien Lagunak elkarteko presidenteak. Baina 2018 honetan sailkatze behar horretatik libratzen direla nolazpait, bazuten aukera beste bideen esploratzekoa. Edo, aukera baino gehiago, «behar» bat, Muruaren hitzetan. Duela bi urte, orduko Xilaba bururatu eta balorazio lanetan hasi zirela sentitu zuten «behar» edo «gogo» hori: «Bertze manera bat atzematea elkarren artean bertsotan aritzeko». Banakako lehiaketa aski «zorrotza eta zurruna» izan daiteke. «Aldiz, taldekakoan, lehiaketa izanik ere, lehia aitzakia da, eta, beraz, bertze manera batez iristen da plazara eta bertze giro bat sortzen du entzulearengan ere». Iaz Xilabarik gabeko urtea zutela eta, urtea baliatu zuten, hain zuzen, Euskal Herrian egiten diren beste proiektuak hurbilagotik begiratzeko. Izan dadin Bardoak Nafarroan edo kuadrillen artekoa Araban. Ideiak ekarri eta egokitzen hasi ziren orduan.

Hor baita konstatazioa. 2016an hamabost bertsolarik parte hartu zuten Xilaban. 2008an, lehen aldian, hamasei ziren izan. Ez da, hortaz, hainbeste handitu parte hartzaileen kopurua. Hori arazo bat ote den galdetzerakoan, Muruaren iritziz ez da arazo bat. Haren irudiko, gaur egun bizi den egoera «memento» batean da. «Eta memento hori da bertso eskoletan biltzeko prest den jendea plazara helarazteko. Bertso eskolatik taula gainerako zubi hori laguntzeko. Gazte andana batek, lizeora arte, bertsoa jasotzen du bertso eskolan. Eta lizeoan ez dute denek oraino egina bertso eskolatik taularako jauzia».

Izena ematea zaila zaielako

Kontua da Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako bertsolariek ez dutela errazki ematen izena banakako txapelketan. Eta ez baitezpada maila kontu batengatik, Muruak gaineratu duenez: «Maila izanik ere, ariketak egiteko gai izanik ere, izena ematen ez dutenen partetik ongi egin nahi hori sentitzen da lurralde honetako bertsolarigaien artean. Eta, beraz, bere burua ez badu zinez prest sentitzen, ez du izena ematen». Aldiz, taldekakorako anitzez gehiago dira berotu, hori iragarri du ere Muruak. Delako banaka senti ditzaketen freno haiek nolabait gainditzeko balio duela formulak poztu da. Xilaba honetan 30 bat bertsolari arituko dira, gutxienez: «Horretarako, iruditzen zaigu lurralde honetako bertsolaritzarentzat arnasa berri bat emateko manera egokia dela. Esperantzarekin 2020an banakakora berdin gehixeago ausartuko garela taldekako horretatik».

Txapelketako parte hartzaileen kopuruarekin ez baita dena errana. Bertsolaritzaren bilakaeraren argazkiarekin segitzeko, horra beste bi datu. 2008an hamar bat bertso eskola zeuden, eta 70 bat ikasle. Gaur egun, berriz, 34 bertso eskola dira. Lehen mailatik helduetara arte. 300 bat haur eta gazte ibilki dira. Hezkuntza arautuan bost irakasle aldizkatzen dira urte guzian ikastoletan eta eskola elebidunetan lanean.

Talde bakoitza bost kidek dute osatuko. Haien arteko hiru bertsotan ariko dira. Eta hiru horien artean, bakar batek duke jadanik Xilabako finalean parte hartu izan. Taldeen arteko mailak zaintzea dute xede. Boskoteko beste bat antolaketan ariko da, eta bosgarrena, gai emaile gisa. Oraindik arau guztiak ez dituzte erabat trenkatuak. Baina oraingoz erran daitekeena, hauxe: «Lehiakortasunari zama arindu nahi bazaio ere, lehia aitzakia gisa erabiliko da, eta, ondorioz, saioak epaituak izanen dira. Saio bakoitzean irabazle bat eta galtzaile bat izanen da. Eta, hortik, taldeak multzoka banatuko dira». Bada hein batean auto-antolakuntza bat non talde bakoitzak beharko duen bere saioa antolatu. Baina, aldi berean, elkartetik laguntzekoa dute antolaketan «edo behintzat oinarriak finkatzen. Eta komunikazioan. Bururaino joan dadin eta lehiaketaren aitzakian elkarrekin bertsoaz gozatzeko memento goxo eta duina izan dadin. Bai kantatu behar dutenentzako leku egokia izanez, baita entzutera etortzen direnentzat ere saio ahal bezain gustagarrienak izanez».

Oraindik ez dute dena erabat finkatua. Baina larunbatean zuten bilkuratik zenbait irizpide martxan jarriak dituzte. Izena emateko epea ere ez da arras bururatua, maiatzaren 31 arte baitute luzatua.

Xilaba bera larrazkenean da iraganen, aitzinekoak bezala. Baina Xilaba aitzin, irailean, Hernandorena sariaren aldia da izanen. Irailetik urri hasieraraino iraungo du. Eta ondotik dio hartuko lekukoa Xilabak, urri erditsutan hasi eta abenduaren lehenera arte. Abenduaren lehenean izanen du finala edo «bururatze besta» deitu daitekeena.

Euskaraldiaren garai berean dela ere ikusia du elkarteak. Eta, justuki, «herri bakoitzean kasu eginen dugu batak bestea lagundu dezan. Ez dugu geure burua Euskaralditik kanpo ikusten. Ildo berean ikusten dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna