Eskas bat betetzeko asmoz

Gastibeltza Filmak enpresa martxan jarri berri dute, euskal zinema ekoitzi eta banatzeko. Senperetik ari da lanean, baina Euskal Herri osoari begira da jarria
Gastibeltza egituraren sortzaileak: Eñaut Castagnet, Ximun Fuchs, Katti Pochelu, Josu Martinez eta Manex Fuchs.
Gastibeltza egituraren sortzaileak: Eñaut Castagnet, Ximun Fuchs, Katti Pochelu, Josu Martinez eta Manex Fuchs. ISABELLE MIQUELESTORENA

Nora Arbelbide Lete -

2018ko maiatzak 18
Senperen (Lapurdi) bulegoak jarririk, Gastibeltza Filmak egitura abiatua da, euskal zinema ekoitzi eta banatzeko. Lapurdin kokatuta da, baina «euskaldun guztientzako» lan egin nahi duela zehaztu du Josu Martinezek, egiturako kide, film egile, ikerlari eta irakasleak. Muga administratiboak ukan ditzakeen «abantaila txikiak» erabiltzeko ideiarekin daude; bai koprodukzioei esker, baita banaketa aldetik ere. Banaketa sarea Euskal Herrian bertan zabaltzeaz gain, Frantzian ere hedatzekoa dute, eta baita Europan gaindi ere.

Ez da lehen egitura Lapurditik zinemaren munduan sartzen dena. Gabarra banatzailea hor dago, eta Urruñako La Fidele ekoiztetxea ere bai. Baxenabarreko Kanaldude egiturak ere zenbait esperientzia egin izan ditu, eta garatuz doa alde hori ere. Badago Zinegin euskal zinemaren Hazparneko jaialdia ere. Bada, preseski, horiek guztiek erakusten dute hor aukerak badaudela beste egiturentzat ere: «Badaude baldintza objektibo batzuk filmak egiteko lehen posible ez zen modu batean», deritzo Martinezek.

Egitura horiez gain, publiko bat badago, eta badago zinemagile izan daitekeen belaunaldi bat ere; hori ere ohartarazi du Martinezek. Ipar Euskal Herriaren «instituzionalizazio» bat ere bada: «Eta horrek aukera bat ematen du politika kultural bat plantan emateko eta hor ikus entzunezkoek ukaiten ahal dute lekukotxo bat».

Argazki orokor horretan, ekoiztetxeak faltan ikusi dituzte Gastibeltzaren proiektuaren oinarrian direnek. Ekoizpenetik banaketara doazenak. Martinezek esplikatu du horretara datozela: «Zinema egiteko osagai guztiak mahai gainean dira. Orain falta da dena nahastea eta norbaitek bizkotxoa labean sartzea. Eta gero hori zerbitzatzea».

Helburua ez dela bakarrak izatea eskaintzen dutena eskaintzen; alderantziz, hori ere gaineratu du Ximun Fuchs antzerkilari, aktore eta film zuzendariak: «Behar ditugu anitz, eta konkurrentzia sortu. Konkurrentzia, zentzu literalean. Elkarrekin korrika egin, eta bakoitzak filosofia bat eraman». Hasteko, horra sortzaileak, filosofia hori zein izan daitekeen ikusteko. Sortzaile gisa zaie, hain zuzen, ideia bururatu, bizi esperientziatik. Josu Martinez eta Ximun Fuchsez gain, Manex Fuchs anaia ere badago, hori ere antzerkilari eta aktorea. Bi anaiak Non filmarekin sartu dira bereziki zinema munduan. Gastibeltzan sartu den Eñaut Castagnet ere Non filmarekin hasi da bereziki zuzendari lanak egiten. Lantaldeko bosgarrena Katti Pochelu da, besteak beste, Zinegin jaialdiko antolatzaile lanetan aritua dena.

Lau proiektu abian

Bultzatzen dituzten filmen artean, lau dituzte mementoko. Batetik, Joseba Sarrionandiaren obran oinarritu Gure oroitzapenak filma. Hamabi film zuzendariren piezekin osatua da; Gastibeltza koekoizle da, eta banatzekoa du Ipar Euskal Herrian eta Frantziako estatuan. Bigarren proiektua Lezo: Amets kontrabandista dute. Hor ere koprodukzio lanetan ari dira. Josu Martinezen dokumental bat da, eta Lezo Urreiztietaren bizitza du kontatzekoa. Thomas Lacosteren L'hypothese democratique (Hipotesi demokratikoa) dokumentala ere koekoizten ari dira. Lanak euskal gatazkaren historia kontatzea du helburua, Espainiako gerratik ETAren desegitera arte. Filma frantsesez izanen da, nahiz eta elkarrizketatu anitz euskaraz izan. Non filma dute laugarren proiektua; ez dute haiek ekoitzia. Haien lehen banaketa esperientzia izan dute. Film horrekin dute bereziki sentitu Gastibeltzaren gisako egitura baten sortzeko beharra. Orain, Hego Euskal Herrian gaindi banatzekotan dira.

Urtean hiruzpalau proiektu bultzatzea dute helburua: «Ekonomia bat eta ohiturak sortzeko», Ximun Fuchsek. Zinemara doanak«ez dezan pentsa 'ari naiz ikusten filma bat euskaraz', baizik eta 'ari naiz ikusten film bat'. Puntu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna