Poesiaz eraikitako paisaiak

Paisaia izango dute ardatz Eako Poesia Egunek, uztailaren 15etik 17ra. Bilbo eta literaturari buruzko hitzaldi bat eta Angela Davis oinarri duen ikuskizun bat estreinatuko dituzte, tartean

Eako Poesia Egunen antolatzaileak eta parte hartzaile batzuk, atzo, Bilboko Plaza Barrian, aurtengo jaialdiko kartelarekin. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2016ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
«Paisaia bat izan daiteke 1) kanpokoa, arrotza, dena nabarmen, dena deigarri, 2) bertakoa, etxekoa, ikusiaren ikusiz ikusezina, harik eta arrotza etorri eta hatzez seinalatu arte arrunta dela soilik norberarentzat. Paisaia, ispilu». Pieza labur horrekin erantzun dio Danele Sarriugarte idazleak Eako Poesia Egunen antolatzaileek egindako enkarguari. Paisaia hautatu dute aurtengo jaialdiaren ardatz gisa, eta gaiari buruzko gogoeta labur bana eskatu diete bertan izango diren sortzaileei. Hiru eguneko egitaraua antolatu dute, eta 33 sortzailek hartuko dute parte eskainiko diren hitzaldi, errezital eta kontzertuetan. Espresuki jaialdirako sortutako hiru emanaldi ere izango dira, eta, beraz, uztailaren 15etik 17ra presentzia nabarmena izango du poesiak Eako paisaian (Bizkaia).

«Paisaia, Bilbo, literatura». Lutxo Egia idazleak dioenez, hiru hitz horiek baino ez zizkioten eman Eako Poesia Egunak jaialdiaren antolatzaileek abiapuntu gisa, eta hiru hari horiei tiraka osatu du horregatik Hiri hori da hiri hau ikuskizuna. Funtsean, Bilboren eta literaturaren arteko harremanei buruzko hitzaldi bat izango da saioa, baina Inun musikariaren doinuek osatuko dute emanaldia. Egiak eman du azalpena: «Bilboko paisaia literarioa, printzipioz, Aresti da. Baina ahalegin bat egingo dut Aresti gainditzeko». Guggenheim museoaren eraikuntzaren ostean hiriari buruz sortutako imaginario bi daudela da idazlearen hipotesia. «Uste dut badagoela beste Bilbo bat gure literaturan, eta saiatuko naiz hori agerrarazten». Uztailaren 16ko goizean estreinatuko dute pieza.

Baltza nazela dineure ikuskizunak ere Ean izango du estreinaldia, uztailaren 16ko bazkalostean. Angela Davis pentsalariaren Emakumeak, arraza eta klasea liburua hartuko du oinarri emanaldiak, eta sortzaile talde zabal batek hartuko du parte bertan: hain zuzen ere, Eider Rodriguezek, Lorea Agirrek, Anarik, Idurre Eskisabelek, Amagoia Gurrutxagak, Maialen Lujanbiok, Ainara Lasak, Kattalin Minerrek, Jule Goikoetxeak, Danele Sarriugartek eta Mursegok. Jaialdiko programan dator haien asmoa: «Belztasunaren adiera anitzak ekarriko ditu plazara, Euskal Herriko hainbat emakume sortzaileren poesia, musika, irudi eta hitzen bidez. Helburua, Davisek idatzitako feminismo garaikideko obra klasikoa euskaratzea».

Paisaia izango du ardatz jaialdiko hirugarren estreinaldiak ere. 17an eskainiko du lehenengoz Elurre Iriartek Landa eremua literaturak kontatua hitzaldia Ean, eta Baztango paisaiak literaturan izan duen bilakaera aztertuko du. Hizlariaren ustez, Baztan bukolikotik Baztan beltza ikustera pasatu dira irakurleak azkenaldiko literatur sorkuntzarekin.

«Ez naizela poesiagura»

Ez da hori dena, ordea. D'Capricho taldearen kontzertua izango da uztailaren 15ean, eta zineman Euskal Herriaren irudikapenei buruzko hitzaldia ere bai, Josu Martinez eta Iratxe Fresneda zinema adituen eskutik. Pako Aristik eta Itziar Gomezek errezitala eskainiko dute 16an, Ardoa eta odola (wino I crew) emanaldia eskainiko dute arratsaldean, eta, gauean, Kalakan eta Mursegoren kontzertua izango da. Igandean, azkenik, Gari musikariaren Gaizki moldatzen dira emanaldia eta Goizalde Landabaso, Galder Perez eta Ane Zabalaren Babeserako kopia ikuskizuna.

Erramun Mendibe Landa artistak egin du kartela, eta publikazio txiki bat ere egin dute. Izan ere, iaz Alaitz Aizpuru Joaristik Joxe Azurmendiren poesiari buruz eskainitako hitzaldia bildu du jaialdiak urtero argitaratzen duen Zaldiarri liburuxka sortako zazpigarren zenbakian. Horrez gainera, www.eakopoesiaegunak.eus orrian jarri dituzte ikusgai Pello Lizarralde idazleak paisaiari buruz propio idatzitako testu bat, eta baita iaz Jose Luis Otamendi poetak idatzitako poema bat ere. Portusoloko zina du izenburu testuak, eta poesiari egiten dion zina deskribatzen du bertan Otamendik. «Zin dagit poesia mundukoak eta mundua/ konprenitzeko tresna ez bada alferrik dela niretzat/ ez dudala ezeren apaingarri gisa behar/ ez dudala ezertarako nahi/ ez naizela poesiagura/ (...) zin dagit/ eta hala deklaratzen dut gaur/ Ean/ erreka honen ondoan…/ erreka honen ondoan eta/ zuen guztion aurrean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.