Perspektiba argiztatuak

Hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbidea errepasatu du Javier Valverde artista donostiarrak Iruñeko Mistoen aretoan uztailaren 3ra arte izango den erakusketan

Nafarroa lehorraz eta hezeaz duen ikusmoldea aurkeztu du Javier Valverde artistak Iruñeko Mistoen aretoan dagoen erakusketan. IÑIGO URIZ / ARP.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Maisuki lantzen ditu kolorea eta argia Javier Valverdek (Donostia, 1959). Erdietsi nahi dituen perspektiba ugariak ahalbidetzeko tresna moduan erabiltzen ditu. Bere kasa ikasi zuen margotzen, eta 25 urte zituela hasi zen profesional moduan. Ordutik egun arte artearen munduan egindako ibilbideari errepasoa egin dio Iruñeko Ziudadelako Mistoen aretoan jarri dituen euskarri ezberdineko 38 paisaien bidez. Erakusketa heldu den uztailaren 3ra bitarte bisitatu ahal izango da.

Paisaia basatiek eta naturak erakartzen dute Valverde. Egun Oiartzunen (Gipuzkoa) bizi da, eta etxetik ikusten dituen mendi malkartsuak margotzen ditu, ia modu instintiboan. Paisaia «lehorrek» ere harrapatu dute azkenaldian. Hiru hamarkada baino gehiago dira margotzen duela, eta Isabel Sagues erakusketako komisarioak argi du zertan egon den eboluziorik handiena: «Olioetan, batez ere kolorearen lanketan eboluzionatu duela uste dut. Lehen, paisaiak planoagoak, sinpleagoak ziren. Orain, oihala askoz ere gehiago lantzen du».

Edorta Kortadi arte kritikariak errealismo magikoan eta surrealismoan kokatzen ditu Valverderen lanak. Izan ere, erakusketako lan askotan, plano ezberdinak proposatzen dizkio bisitariari, eta memorian iltzatutako paisaiak parekatzen ditu hainbat perspektiba erabiliz. Gainera, gizakiek ez dute inolako presentziarik. Iruñean ikusi daitezkeen lanetan ez da gizon edo emakume bat ere ageri. «Ez dakit zergatik ez dagoen gizakirik nire lanetan. Niri horrela ateratzen zait. Lan batean mahasti bat ageri da, eta hori gizakiak egina da, baina besterik ez», azaldu du artistak. Ziurrenik bizidunik ez dagoelako, ikuslea protagonista sentiarazten du bere koadroekin aurrez aurre jartzen denean. Modu horretan, uste du artistaren sentimenduak ulertzea errazagoa izango dela.

Ziurrenik, naturak berezko duen handitasuna aitortzeagatik du horrenbesteko presentzia haren obran. Artistak aitortu du argazki kamera hartuta joaten dela margotu nahi duen pasaiaren bila. Hala ere, Oiartzungo estudiora itzultzean, interpretazio propioa egiten du. «Javier [Valverde] lurraren maitale handia da; gizakiaren aztarnarik ez du margotzen, naturari egiten dion zauria delako», argitu du Saguesek.

Erakusketa modu kronologikoan dago antolatua batez ere. Aretoan bi gune ezberdindu daude. Lehenengoan, obra berria dago, 2000ko hamarkadatik aurrera egindako lanak. Saguesek azaldu duenez, ikusgai dauden koadroetako batzuk erakusketa abian jarri baino pare bat aste lehenago bukatu zituen. «Lanak Oiartzundik Iruñera eramateko kamioia etorri zenean, beldur ginen zein egoeratan iritsiko ziren, pintura oraindik lehortu gabe baitzegoen». Bigarren gunean, berriz, 1990eko hamarkadatik 2000kora bitarte egindako obrak daude. Hala ere, badira bi lan 1980. urte inguruan egindakoak: «Erakutsi nahi izan dugu oso ondo erlazionatzen direla hasierako lanak amaierakoekin». Dena den, ordena kronologiko hori zenbait kasutan hautsi egin dute, garai ezberdinetako obren arteko elkarrizketa «ona» erakusteko. Hala, bisitariaren esku uzten dute gunearen garaiari ez dagokion artelana zein den ebaztea. «Joko horren bitartez, bisitariak nondik hasi eta nora joan bere kabuz erabakitzea nahi dut, bere berezko senari jarraituz », adierazi du Valverdek.

Saguesek argitu bezala, artistak berak ere aitortu du zer-nolako garrantzia izan duen koloreak bere ibilbidean: «Koloreak dena ematen du, bolumena, perspektiba...». Alde horretatik, gaineratu du lan asko egiten duela bilatzen duen kolore hori topatzeko. Hala, kolorearekin horrenbeste esan nahi duenez, hori azaltzeko bilatzen dena lortzea eta nahi den sentsazioa emateko gai dena zaila izaten dela esplikatu du.

Batez ere olioa da margotzeko hautatzen duen teknika. Bestelako margotzeko moduak errespetatu arren, olioarekin sentitzen da «erosoen». Den den, Saguesek argitu duenez, koadro batekin hilabeteak igaro ditzake artistak, eta zenbaitetan nekatu egiten da. Horregatik, olioa utzi, eta pastel teknika erabiliz margotzen hasten da beste koadro bat. Hain zuzen ere, haize freskoa hartzeko pastel teknikaren bidez egindako hainbat artelan ere erakutsi ditu Iruñean. «Marra azkarren eta arinen bidez margotzen du. Tamainaz ere txikiagoak dira», esan du Saguesek. Olioak askoz ere landuagoak dira, baina, hala ere, artistaren izaera askotarikoa ezagutzeko aukera paregabea dira pastelaren bidez egindako lanak.

Hori ez da, baina, artistak hartzen duen lizentzia bakarra. Olioaren seriotasuna alde batera utzi, eta eskultura itxura duten kaxak ere egiten ditu. Horiek ere konposizio itxura dute, elementu bat baino gehiago daudelako haien barruan. Orotara, halako lau daude Mistoen aretoan. Horietako batean, esaterako, kaxa liburu bat balitz bezala irekitzen da. Alde batean, plastikozko pinu bat dago loreontzi batean sartuta. Handia da, eta kaxa zulatu duela ematen du, goiko aldea kaxaz gaindi baitago. Beste aldean, berriz, mendi bat ageri da, mendi elurtu bat. Eta azpian, bizarra egiteko xaboia eta isipua daude. Irri artean mintzatzen da Valverde sorkuntza horien inguruan. Koloreak eta argiak eskatzen duten zurruntasunik ez du, artista bera ere jostari eta probokatzaile azaltzen delako, seriotasunaren maskara kendu, eta inolako konplexurik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.