Linbotik lurreko borroketara

Asier Serranoren 'Linbotarrak'-ek irabazi du literaturako Euskadi saria. Euskarazko saiakerarena Arantxa Urretabizkaiak jaso du, Hondarribiko alardeari buruzko lanarekin

Arantxa Urretabizkaia eta Asier Serrano, Euskadi sariak ezagutarazi ostean, Gasteizko Florida parkean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2017ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Linbotik lurreko borroketara arteko bidea egiten dute Euskadi Literatura saria jaso duten lehen hiru lanek. Asier Serranoren Linbotarrak poema liburuak jaso du euskarazko literatura saria; Arantxa Urretabizkaiak euskarazko saiakeraren sariarena Bidean ikasia idazlanagatik, eta Fernando Aranbururen Patria-k gaztelerazko literaturarena. Saritu bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu. Halaber, 4.000 euro gehiago ere jasoko dituzte saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada. Bi aste barru jakinaraziko dituzte falta diren lau sarituak: euskarazko haur eta gazte literatura, ilustrazioa, euskarazko literatura itzulpena eta gaztelaniazko saiakera. Sari banaketa azaroaren 13an izango da, Bilboko Azkuna zentroan.

Asier Serranok «gure gizartearen fresko poetiko bat» irudikatu duela baloratu dute epaimahaiko kideek. Idazlanari izenburu ematen dion linbo horretan «gizaki arruntak» bildu dituela adierazi dute, baita oreka lortu ere «iruditeri surrealista» eta «poemen ulergarritasunaren» artean. «Hemengoak eta oraingoak dira linbotar horiek: irakurlea bera sentitzen da bertako biztanle». Halaber, poema bildumak «batasun berezia eta izaera ahaltsua» duela adierazi dute, olerkietan ehundutako «sinbolo eta irudien berariazko sare» baten bitartez.

Linbotarrak idazlanean, zer kontatzeaz gain, nola kontatu hausnartu duela azaldu du Serranok. «Nire lana izan da, poesia genero moduan hartuta, gauzak ahalik eta sinesgarrien eta gertuen eta ulergarrien ematea; hor dago liburu honen misterioa, edo nire literaturaren ibilbidea».

Serranok azaldu du «letra larrian idatzitako gu batean» jarri duela arreta, saritutako poema bilduman. Aurretik, Ate osteko itzalak liburuan, ni bat azaltzen zela azaldu du. Ni hori indartu zuenean, gizartera zabaldu zuela begirada Linbotarrak idazlanean. Gizarteak berak olerkiei izaera surrealista eman diela gaineratu du. «Gizarte surrealista batean bizi gara, eta nire lan bakarra izan da hori papereratzea; edozein lekutan aurki dezakezu, nahi izatera, poesia».

Mosaikoa osatzeaz gain, horretarako kultura garaikideko esparru anitzetik edan izana ere txalotu diote. «Gauza askotaz gutxi dakien pertsona naizela esan ohi dut; iturri askotatik edan izan dut, horretan ere lagundu dit gauari bizitzarako orduak lapurtzeak».

Kronika «lazgarria»

Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia mamian «sakona» dela nabarmendu dute epaimahaiko kideek, eta, forman, «idazkera aratz eta joria» duela. «Heldutasun betean errealitateari bere osotasunean begiratzen jakin duen idazlearen emaitza da liburua». Idazlanak kronika eta lekukotza «lazgarria» eskaintzen dituela uste dute, alarde parekidea abiarazi zutenetik igaro diren hogei urteetan. Berdintasunaren aldeko borrokaren kontakizuna dela esan dute, baita gaineratu ere borroka hori txertatzen duela «askotan tradizioari zaion atxikimendu irrazionalaren testuinguruan». «Edozein generoko literatura onak duen goi helburua bete-betean erdietsi du: irakurlea asaldatzea, baina prosa eder batekin laztantzea eta gai baten inguruan argi egitea».

Halaber, epaimahaiko kideek baloratu dute «gorrotorik gabe» idatzita egotea. Idazleak eskertu du hausnarketa hori, «lehenengo lerrotik» hartutako erabakia izan baitzen: «Batzuetan, irakurleak aurkitzen du idazlanean zuk propio jarri ez duzun zerbait; kasu honetan, ordea, propio eginda dago gorrotorik eza». Idazleak argitu du, hasieratik, saiatu dela inor ez mintzen. «Norbait mintzearekin baten batek senti dezake mendekuaren gozotasuna, baina nik nahi dudana da kontu hau konpontzea».

Epaimahaiko kideek, lana saritzeaz gain, Bidean ikasia «arazo bat konpontzeko esparru partekatua» izateko desioa agertu dute. Urretabizkaiak, hitzok eskertu arren, beste testuinguru batean kokatu du bere lana. «Hizkuntza apal batean idatzitako liburu apal bat; ez dut mundua konpondu nahi liburu honekin». Areago, hasiera-hasieratik nabarmendu du idazlana pertsona bakar baten lana dela, ez Jaizkibel konpainiarena. Edonola ere, Sariak Jaizkibel konpainiari kalterik egingo ez dion ustea duela gaineratu du: «Horrekin, ni konforme».

«Anbizioa eta zehaztasuna»

Fernando Aranbururen idazlanak epaimahaiko kideak «harritu» ditu, erakutsi duen «anbizioagatik», eta azken lau hamarkadako gizartea «zehaztasun handiz» irudikatzeagatik. Eleberriaren erritmo arina ere nabarmendu dute, baita idazleak egindako narrazio tresnen erabilera ere. Patria-k izan duen harreragatik poztu direla ere esan dute. «Erakusten du kalitatezko literatura kritikoak oraindik transzendentzia soziala duten eztabaidak eragin eta gure historia hobeto ezagutzen lagun dezakeela». Aranburu ez zen egon sarien berri emateko prentsaurrekoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.