Arrotzaren mugetara irtetea

'Bihotz handiegia' laugarren ipuin liburua kaleratu du Eider Rodriguezek, sei narrazio berrirekin. Arroztasunaren eta egunerokotasunaren arteko talkan» eraiki ditu istorioak
Eider Rodriguez, atzo, Donostian.
Eider Rodriguez, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Itziar Ugarte Irizar

2017ko azaroak 17
«Zenbat handi izan daiteke bihotz bat?». Galderaren tamainakoa da Eider Rodriguezen (Errenteria, Gipuzkoa, 1977) azken ipuin liburuaren izenburua: Bihotz handiegia. Sei kontakizunetan luzeena eta aurrenekoa den narrazioak jarri dio izena bildumari. Senar ohiaren azken bizi egunez arduratzeko gogorik batere ez duen andre bat agertuko da, alabak hala eskatuta, bere gain hartuko duena gizonaren zaintza. Hala, heriotza inguruan sentituko du kolpetik, eta zituenik ere ez zekien sentimenduak agertuko dizkio barruak.

«Idazle bat hazten, eta hazten, eta hazten ikustea baino pribilegio handiagorik ez da izaten editore batentzat». Eskerrak eman dizkio horregatik Gorka Arrese Susa argitaletxeko editoreak Rodriguezi. Laugarren narrazio bilduma du Bihotz handiegia; aurrekoak ditu Eta handik gutxira gaur (Susa, 2004), Haragia (Susa, 2007) eta Katu jendea (Elkar, 2010 ). Haragia-ren edizio prozesuan ibili zirenetik 10 urte igaro direla gogoratu du Arresek. Hark hamabi narrazio zeuzkan, eta aurkeztu berriak sei, erdia. «Nik horri deitzen diot haztea. Esan nahi baita, bere ipuinek eta esateko moduek gorpuzkera sakonago bat hartu dutela, eta horretan hazi dela idazteko eta eraikitzeko modua; eta, batez ere, hazi dela pertsonaiak begiratu eta tratatzeko modua».

Rodriguezek «lehendik garatutako tonua eta pertsonaia moduak» lan honetan ere aurkituko ditu irakurleak, editorearen arabera. Halere, aurreko lanekiko «transformazio handia» nabari du berak. «Arnasa handiago bat erakusten ari da; horren adibide nagusia Bihotz handiegia ipuina da. Narratzerakoan, pausa eta sakontasunaz gain, irakurleekin eta pertsonaiekin tratua egiteko beste modu bat dago. Hizketan inoiz baino gehiago ikusiko ditugu, eta horrekin ezagutuko ditugu. Ez bakarrik zer dioten, baizik eta nola eta noiz-nori-zer esaten dioten inportantzia berezikoa da».

«Benetako ipuingile bat»

Arreseren arabera, «benetako ipuingile bat atmosfera bat ondo ekartzen duena eta bizitza zati bat eskaintzen diguna da». Hori dela idazle batentzat «zailena», eta lortu izana aitortu dio Rodriguezi. Hori guztia, baina, berarekin lanean «ikasi eta garbi ikusi» dituela onartu du.

Editorea aipatuz hasi du aurkezpena idazleak ere. Aipatuz baino gehiago, aupatuz. «Edizio prozesua Gorkarekin egin ahal izatea plazera izan da, bi errerekin». Lehen liburuan lanean batera aritu zirenetik harremana «hazi» dela dio Rodriguezek ere. Azken lanaren prozesua «dibertigarria» izanagatik ere, «nostalgia aurreratu» batek busti duela sumatu du, Arresek editore lana utziko duelako. «Oso gertu egon da nik idatzi nahi nuenetik, eta lortu du idatzi nahi nuen toki horretara etorri eta hortik idaztea niri. Ez da erraz gertatzen».

Liburua osatzen duten sei istorioek loturarik ez dutela dio, ez «azalekorik» behintzat. Seiak daude kokatuta Euskal Herrian, zehatzago, Hendaia (Lapurdi) eta Donostia arteko espazioan. Alde horretatik, «muga» ipuin bildumako konstante bat bihurtu da, ez gai gisa, ezpada «zeharkako elementu» gisa. «Paisaia gisa dago presente, eta pertsonaiei eragiten die, beraien joan-etorrietan, egunerokotasunean, erlazionatzeko moduan, baina baita beraien bakarrik egoteko moduan ere». Muga «arroztasunarekin» lotzen du idazleak, eta, hala, ipuin bildumak «arroztasunaren eta egunerokotasun egunerokoenaren arteko talka» jasotzen duela dio.

Hamaika muga ageri dira liburuan, ez geografikoak soilik, bistan da. Bihotz handiegia ipuinean heriotza eta bizitzaren arteko muga azalduko da, eta eromenaren eta ez eromenaren arteko muga liburua ixten duen Ez duzu ezer arraroa antzematen? narrazioan. «Tarte txiki bat dago maitasunetik indiferentziara, hunkiberaren eta higuingarriren artean, maitasunaren eta gorrotoaren artean». Muga diren tarteko emozio horiek azaleratzen saiatu da, baita maitasunarenak ere.

Eta aipatutako azkena, arrazoiaren eta emozioaren arteko muga. «Hor korapilo handi bat daukagu, eta korapilo horrekin jolasean eta borrokan aritu naiz. Zer gertatzen zaigu arrazoia eta emozioa kontrapausoan doazenean?». Kontraesan horiei tokia egin die ipuinetan, «bizitzan hartzen duten adinako tokia».

Mugak bereiziak eta batuak

Lurrean marraztutako lerro zuria datorkio burura idazleari, mugaz pentsatzean. Biren arteko bereizketa dakar horrek, baina galdera egin du: «Zatitzeko balio duen lerro horrek berak ez al du balio, baita ere, betiko juntatzeko bereizi nahi diren bi mundu?».

Ezberdin direnak bereizteko nola elkartzeko balio badute mugek, kontraesanek muga horietan «habia» jar dezaketela dio Rodriguezek. «Habia horretako arrautzei erreparatu diet, kontraesanei. Eta arrautza horiek kraskatzen saiatu naiz, nahiko mantso, baita errespetuz».

Liburuaren gainean esan nahiko lituzkeen guztiak azalak jasotzen duela erantsi du idazleak —Lander Garroren lana da—. «Naturaren erdian giza aletxo bat hankaz gora. Hankekin ere hitz egiten du, burua ur azpian dauka, eta gorputzak hartzen du presentzia». Joxe Miel Barandiaranen esan bat josi dio irudiari: «Kultura edo zibilizazio bati buruz jarduteko, lehenago hori bizi egin behar da. Noiz ikasiko dugu lehenengo oinekin pentsatzen, eta gero buruarekin?».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna