Zaldia herriaren zainetan

Ekaitz Goienetxeak 'Zaldi mamarroa' eleberria plazaratu du, Igartza bekarekin. Heroina, hiesa eta 1980ko hamarkada ardatz hartu, eta gaur egunetik kontatu du, ahots askotatik

Ekaitz Goienetxea, Zaldi mamarroa bere estreinako eleberria aurkeztu aurretik, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
«Ideia bat daukazunean buruan, stand-by-an, badago radar bat gaiari lotuta ikusten dituzun gauzekin berriro pizten zaizuna. Arreta handiagoa jartzen diozu, eta gauza batek bestera eramaten zaitu, mugimenduak mugimendua dakar, eta galdetzeak, erantzunak». Aspalditik zuen Ekaitz Goienetxeak (Miarritze, Lapurdi, 1982) 1980ko hamarkadan jarria radarra, heroinak gazteriari emandako kolpean, hortik eratorri ziren istorioetan. 2016an Igartza saria irabazi zuen Karramarroak trostan eleberri proiektuarekin, eta horrek «behartu» du aspalditik buruan zuen gaia lantzera. Testigantza ugari bildu ditu. Lan «handia» izan dela dio, eta horren emaitza aurkeztu zuen atzo: Zaldi mamarroa.

Bermeon bizi da txikitatik Goienetxea, eta, gutxi aipatu arren, beti sentitu du inguruan heroinak eta hiesak herrian utzitako arrastoa. «Komentatzen genuen herrian bazegoela gai bat gutxitan aipatzen zena, bazeukana mamia. Trago artean eztabaidatzen genuen, hor egon daiteke dokumental bat, kazetaritza lan bat... Azkenean, fikzioa izan da aukera eman didana hori guztia kontatzeko», azaldu du.

1980ko hamarkadan heroinak mendean hartutako herritarrak dira protagonista. Baina gaurtik kontatuta. Goienetxeak berak ez zuelako garai hura bizi, batetik. Eta galdetzean «gaurtik duten akorduez» hitz egin diotelako, bestetik. Hala, gaurko gazteen eta ordukoen dinamiken arteko paralelismoa ere bilatu du zeharka. «Badakit pertsona batzuek saihestu dutela nirekin egotea jakinda nobela hau idazten ari nintzela. Baina beste batzuek libre utzi didate euren bizipenekin nahi dudana egiteko», adierazi du.

Grabagailua mahai gainean, dozena erdi elkarrizketa egin ditu; luzeena hiru bat ordukoa. «Pisuzko dokumentuak daude atzean», onartu du. Ahozko lekukotzetan oinarrituta eraiki ditu pertsonaiak, baina, orobat, garai hartako argazki eta dokumentuetara ere jo du. Bi liburu aipatu ditu: Antonio Escohotadoren La historia general de las drogas, (1983) eta Justo Arriolaren A los pies del caballo (2018). «Ideologikoki kontrako kontakizuna dute; batek defendatzen du heroinazaleak engantxatu zirela ahulak zirelako edo istorio bat ematen zielako horrek; eta besteak Estatuak sartu zuela eta Poliziaren ezkutuko eskua egon zela».

Goienetxeak ez du «tesi fundamentaturik» horrekiko. Bai ohartu da, ordea, lekukotza eskaini diotenek ez zutela bigarrena aipatzen. «Mundu guztiak dauka susmo bat, baina beraien akorduak kontatzean inork ez dio eman zentralitaterik gai politikoari, edo Poliziaren ezkutuko eskuari». Hortik atera du ondorioa egileak: «Jendeak heroina kontsumitzen zuen, horretan gehiegi pentsatu gabe».

Testigantzetatik abiaturik ere, egin duen lana «fikzio totala» dela adierazi du egileak. «Errealitatetik hurbil egon daitekeena, baina fikzioa». Herria, esaterako: «Bermeoren oso antzeko herri bat da, baina ez da Bermeo». Errealitatetik zein distantzia hartu, hori izan da, hain zuzen, idazketa prozesuan gainditu beharreko lehen harria Goinetxearentzat. «Esaten dut fikzio totala, hasieran bai izan delako estutzen ninduen zerbait. Ez nintzen gai idazten jarraitzeko fidel izanda. Bermeo beharrean Herria idatzi dudanean, eta pertsonaiak fikziora eraman ditudanean, orduan hartu du jarioa liburuak. Pertsonaiak testigantzatarrak dira jaiotzez, baina fikzioan hazi eta bizi dira», laburtu du egileak berak.

Ahots ugariz josita

Aldez aurretik erabakia zuen Goienetxeak ikuspegi ugari gurutzatuko zituela. Atal gehientsuenek pertsonaiaren izena daramate, eta bakoitzaren ikuspegian sartu da narratzailea atalez atal. Hain justu, «teknika koral» hori nabarmendu du Xabier Mendiguren editoreak. Tartekatu dituen paragrafo laburrek kontakizunari ematen dioten erritmoa eta idazlearen «bokazio lirikoa» ere goraipatu ditu.

Heroinak Euskal Herriko beste herri ugari jo zituen garai bertsuan, Elgoibar eta Errenteria (Gipuzkoa), esaterako. Haien aldean, bada bereizgarri bat Bermeon Goienetxearentzat: itsasoa. «Eta, horrekin batera, herrian ez zela egon krisi ekonomiko gogor bat. Orduko gazteek dirua zeukaten. Esaten denean itsasotik sartu zela droga, bada, ez: itsasotik sartu zen dirua. Eta diruak ekarri zuen droga kontsumo desproportzionatua». Datuetan ez da sartu kontakizunean, baina asko izan ziren hildakoak. Azken kapitulua hilerri batean kokatzear zela kontatu, eta ordu laurdenera 4-5 post-it eman zizkion herritar batek Goienetxeari, hil zirenen izen-abizenez beteta.«Datu zehatzek baino gehiago, halako gauzek askoz gehiago kolpatu naute».

Igartza beka berria, abian

Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Igartza sariaren bidez argitaratu den hemeretzigarren lana da Zaldi mamarroa. Iaz Miren Amurizak irabazi zuen, eta urtebete barru aurkeztuko du lan berria. Lehiaketaren aldi berria atzo ireki zen, eta ekainaren 30 arte bidali ahalko dira lanak. Orain arte bezala, narratibako lanak izan beharko dute, eta egileak 35 urtetik behera izan beharko ditu. Mendigurenek azaldu duenez, «sari hau zorioneko bihurtu bada, izan da idazleen eta idazlanen kategoriagatik. Eta uste dut bide horisakontzera datorrela Ekaitz Goienetxearen lana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.