Kateak urrun, kaleak hurre

'Txertaketa' da Broken Brothers Brass Band haize instrumentuz osaturiko Iruñeko taldearen laugarren diskoa. Donostiako Dabadaba aretoan aurkeztuko dute, bihar
Broken Brothers Brass Band taldeko kideak, euren haize eta perkusio instrumentuak hartuta.
Broken Brothers Brass Band taldeko kideak, euren haize eta perkusio instrumentuak hartuta. BROKEN BOTHERS BRASS BAND

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko apirilak 12
Diskoaren kontrazalari erreparatuta, Additional Flammable Material izeneko atala topatuko du hartzaileak; Broken Brothers Brass Band Iruñeko haize instrumentuen taldearen musika ulertzeko moduaren lehen begiratuko sinopsi bat izan liteke. Txertaketa disko plazaratu berria (Errabal) ontzeko aldez edo moldez begi-belarrien miran izan dituzten musikari eta kantuen zerrenda bat da. «Batzuk modu agerikoagoan identifika daitezke; besteetan keinuak ageri dira, abesti zatiak sanpleatuta adibidez», zehaztu du Ion Celestino taldeko kide (tronboia eta ahotsa) eta kantuen musika nahiz kantu hitz askoren egileak.

Dut taldearen Ezjakintasunaren kateak suntsitu kantua da identifikatzen errazenetakoa, haren bertsioa baita osoki. «Nerabezarotik asko maite izan dudan kantu bat da. Dut-en lehenengoa beti irudi izan zait sekulako diskoa, eta ez da askorik nabarmentzen. Kantua bera ederra da. Hip hopa entzuten hasia nintzen, eta euskarazko rap moduko bat da, baina rocketik etorri beharrean, musika beltzetik argi edaten duena». Istorio ederra baitu atzean Hondarribiko (Gipuzkoa) rock taldeak 1995ean plazaratu zuen diskoan ageri den kantuak. Kantu hura Miles Davisen Jean Pierre piezan zegoen oinarritua, eta hura, aldiz, 1870eko sehaska kanta frantses batean, Jean-Baptiste Weckerlin musikologoak jasotakoan. Hartara, joan-etorrian dabilen kantu bat da, labur esanda. «Atlantiko beltza esaten dioten horren adibide polit bat. Adierazten du Atlantikoaren ertz batetik bestera nola etortzen diren musikak. Eta gaiak eta egiteko moduak». Egiteko moduetako bat da, adibidez, New Orleansko brass bandei erreparatzea:«Bertsioak egiten dituzte sarri, eta bertsio horiek askotan izaten dituzte hit lokalak oinarrian. Bertan asko entzuten diren kantuak, edozein estilotakoak, hartu eta euren moldera ematen dituzte».

Broken Brothersek ere bere eremura eraman du Dut-en kantua, eta erakutsi du itxitasunaren kateak apurtzea dutela egitekoetako bat musikaren munduan, estilistiko nahiz aurreiritzizkoena. Bandaren osaketatik beretik apurtzen dituzte hainbat estereotipo eta kate. Musikari andana batek osatzen du taldea, espazio handia hartu arren, zerrendatzea merezi duen musikari taldea: Mario Diaz de Rada (tronpeta); Iñaki Rodriguez (saxo baritonoa); Miguel Moises, Adrian Martinez eta Eneko Urrestarazu (tronboiak); Alfonso Areta eta Juanpe Medrano (sousafoiak); Dani Lizarraga Monstruito (tanburina, washboard-a, snare drum-a); Gorka Gaztanbide (snare drum-a) eta Jon Uribeetxeberria (bass drum-a).

Ekoizpen landuagoa

Bederatzi kantu bildu ditu Broken Brothersek bere ibilbideko laugarren lanean. The Live We Reserve (2012), In the Mud (2014) eta Ildoa landuz (2016) izan ziren aurreko hirurak; guztiak Errabal zigiluarekin plazaratuak. Euren ildoa lantzen jarraitzen dute, aldika-aldika berritasun eta ñabardurak gehituz. «Aurreko lanaren segida modukotzat ikusten dut hau, baina aldaketaren bat izan baldin bada, soinuaren ekoizpenean izan da. Mamiragoa joan garela uste dut. Ildoa landuz-en ekoizpena oso jazz ildokoa izan zen; guztia zuzenean joa. Oraingoan, aldiz, badaude gauza espontaneoagoak, baina oro har, soinua garaikideagoa da, ekoizpenari buelta pare bat eman dizkiogu».

Jazzaren etiketapean sartu ohi da Broken Brothersen musika jarduera. Baina jazza ulertzeko modu zabal eta heterogeneoa du taldeak; hor ere kateetatik urruti. Kaleetatik hurbil. «Guretzat jazza be-bop-aren ortodoxiatik haragoko zerbait da; oinarrian musika beltza duen edozein doinu kaletar, alegia». Eta Txertaketa izenburuak berak adierazten du musika beltzarekiko elkarketa hori ere: «Luis Soldevilla Katakrakeko [liburu denda] sukaldari eta ideologoetako batek erabiltzen du hitz hori Iruñerrian azken urteetan gertatzen ari den mugimendua islatzeko. Eta gu horren barruan gaudela esango nuke. Musika afrokaribearra deitzen du berak. Gure hirira eta kaleetara ekarria, jakina. Jazza guretzat lanabes bat da, bizi garen lekuan musika berriak sortzeko tresna».

Kalea musikarako berreskuratzea, kolektibotasunetik eragitea eta heterogeneotasuna. Horren isla dira diskoa zabaltzeko eta ixteko sortu duten Agur Jaunak piezaren bertsio bana, musika latino eta manbotik edaten duen Martin & Marcela, rapean oinarritutako Xiri guztiak ez dira irinak —zeinak Imanol Lartzabalen George Jackson kantuaren zati bat sanpleatzen duen—, Eljhadi Ndiayeren istorioa kontatzen duen kantua, Iruñean bertan egonkortutako Benation Senegalgo taldeak abestua —2016ko urriaren 25ean Iruñeko Espainiako polizia etxean hilik agertu zen jatorri senegaldarreko gizona zen Eljhadi Ndiaye, eta kasua ez zen ikertu—, eta Hedoi Etxarte idazle eta taldekoen adiskidearen hitzak daramaten Greba mugabea eta Geure gainetik kantuak.

Taldeko kidea da Dani Lizarraga, eta hark sortua Monstruito Special kantua. Ahotsetan Nerea Erbiti, Teresa Gradin eta Silvia Perez de Cirizaren laguntza izan dute hiru piezatan, koru bat osatuz: Broken Sisters deitu diete.

Bihar aurkeztuko du lan berria taldeak, Donostiako Dabadaba aretoan —20:30ean hasita; Koban taldea ariko da aurretik—. Hara doanak, Additional Flammable Material atalari jarraituz, jolas modukoa egin dezake, zein kantuk ezkutatzen dituen ondorengo talde eta keinuen oihartzunak: Balerdi Balerdi (Iruñea Motor City), Cabezafuego (Chino Blues), Chosen Few Brass Band (Tuba Fats), The Mowhaks (The Champ), Generoso Jimenez (El trombón majadero), Joxean Artze (Gizon haundia da mundua, eta mundu ttikia gizona)...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna