Albistea entzun

Mitoak eta tradizioak ardaztuko dute 79. Musika Hamabostaldia

Abuztuaren 2an hasi eta irailaren 1era bitartean egingo da jaialdia, Donostian. 'Italiarra Aljerren' ekoizpen propioa taularatuko du, eta Kukaik 'Adio' estreinatuko du Arantzazun
<em>Italiarra Aljerren</em> ikuskizuna ekoitzi du Musika Hamabostaldiak, Gioachino Rossiniren obran oinarrituta.
Italiarra Aljerren ikuskizuna ekoitzi du Musika Hamabostaldiak, Gioachino Rossiniren obran oinarrituta. MUSIKA HAMABOSTALDIA Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Lizarralde -

2018ko maiatzak 30 - Donostia

Tradizioaren eta mitoaren erakusle ez ezik, horien eragile ere izan da musika urteetan, eta harreman hori ospatu nahi du aurten Donostiako 79. Musika Hamabostaldiak. San Telmon ekainean Pradoko jainkoak. Artea eta mitoa erakusketa irekiko dutela-eta, eta museoarekin aspaldian hamabostaldiak duen harremana baliatuta, mitoa eta tradizioa izango dira aurtengo egitarauaren hari gidariak. Hala, musikaren, tradizioaren eta mitoaren artean sortu diren loturak agerian jarriko dituzte emanaldi askok. Hamabostaldia abuztuaren 2tik irailaren 1era egingo da, ohi bezala, nagusiki Donostian, baina baita Gipuzkoako hainbat tokitan eta Euskal Herriko beste ingurune batzuetan ere.

«Iazkoaren pareko aurrekontua» izango du jaialdiak, Patrick Alfaya zuzendariak azaldu duenez: 2,4 milioi euro inguru, hain zuzen ere. «Gustura nago», adierazi zuen atzo zuzendariak hamabostaldiaren aurkezpen ofizialean, nahiz eta txantxarako beta ere izan zuen: «Beti dago gehiago eskatzea, baina, tira, juxtu-juxtu ibiltzeagatik ez naiz kexatuko». Abonamenduekin eta Musika Hamabostaldiaren «lagunek» egindako ekarpenarekin, aurrekontuaren %42 osatua dute dagoeneko, eta ostegunean sarrerak salgai jartzearekin batera aurrekontua osatzeko moduan izango direla uste du Alfayak.

Musika Hamabostaldiak 93 ikuskizun programatuko ditu aurten, iaz baino hamabost bat gehiago. Eta azkeneko urteetan egindako bideari jarraikiz, Gipuzkoako herrialdean hedatuko da batez ere. Ohi bezala, organoko, antzinako musikako, interprete gazteen eta musika garaikideko zikloak izango dira; haurrek beren hamabostaldia izango dute, Musika Aitzakia programazioak Euskal Herrira eramango du hamabostaldia, eta Kursaaleko auditoriumak kontzerturik handienak hartuko ditu. Horiek baino aukera gehiago ere izango dira, ordea. Hauek dira aurtengo jaialdiaren ardatzetako batzuk.

INAUGURAZIOA

Abuztuaren 2an, ostegunarekin, hasiko da hamabostaldia. Egun horretan doako hamaika kontzertu izango da —David Six pianista Juan Luis Goenaga pintoreak lagundua, Cuarteto Idomeneo, Easo Araoz abesbatza, Uniqart Dance Company—, eta iluntzean, berriz, Joseph Haydnen Kreazioa taularatuko du La Fura dels Bausek, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera. Alicia Amo sopranoa, Gustavo Peña tenorra eta Thomas Tatzi baritonoa ariko dira kantuan kreazioaren epopeiaren inguruan Haydnek sortu zuen unibertsoaren interpretazio dramatiko honetan.

EKOIZPENAK ETA ESKAERAK

Buenos Airesko Colon Antzokiarekin eta El Escorialeko (Espainia) San Lorenzo jaialdiarekin batera, Gioachino Rossiniren Italiarra Aljerren ekoitzi du aurten hamabostaldiak. Ikuskizun «handi bat», Alfayak berak onartu duenez; Paolo Arrivabenik (musika) eta Joan Anton Rechik (eszena) zuzendutakoa. Itsasotik eskolara ere ekoitzi du hamabostaldiak; haurrentzako ikuskari berria da, Donostiako hainbat erakunderen arteko elkarlanaren emaitza: Easo eskolania, Araoz gaztetxo abesbatza, Maushaus eta Emaus. Bestalde, hamabostaldiak obra bat eskatu dio Mikel Urkiza konpositoreari, eta lan hori Musika Garaikideko zikloan estreinatuko dute. Era berean, Jesus Guridiren Hamar euskal doinu obraren egokitzapen bat eskatu dio Juan de la Rubia organistari, Artzai Onean entzun ahal izango dena.

KUKAI ARANTZAZUN

Musika Hamabostaldiaren eskariz, dantza konpainiak Adio aurkeztuko du, Arantzazuko santutegiko espaziorako berariaz prestatutako lana. Oskara eta Erritu ikuskizunen zati batzuk eta guztiz berriak diren beste batzuk batuko dituzte ikusgarri berrian Kukaikoek, oraingo honetan Iñaki Salvadorren, David Azurzaren eta Landarbaso abesbatzaren lankidetzarekin. Adio-k Arantzazurekin oso lotutako bi pertsona izango ditu gogoan: Bitoriano Gandiaga eta orain dela ez asko zendutako Iñaki Beristain.

KURSAALA

Ikuskizunik handienak hartuko ditu Kursaaleko auditoriumak, tartean Kreazioa eta Italiarra Aljerren. Atal sinfonikoa Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertu batekin hasiko da. Andra Mari abesbatzarekin eta Christian Zacharias pianista eta zuzendariarekin ariko da abuztuaren 18an, eta Joseph eta Michael Haydnen eta Wolfgang Amadeus Mozarten obrak interpretatuko ditu. Krzystof Urbanskik zuzenduko du Hanburgoko NDR Philarmonie, Yannick Nezet-Seguinek Rotterdams Philharmonisch, Yukka-Pekka Sarastek Koloniako WDR Sinfonieorchester, eta Ivan Fischer maisua arduratuko da Budapest Festival Orchestra zuzentzeaz. Bere bigarren saioan Donostiako Orfeoia izango du ondoan Hungariako orkestrak.

Kursaaleko eskaintza Amoria obraren estreinaldiarekin osatuko da. Katia eta Marielle Labeque pianisten proiektu berria da, euskal musika omentzeko egina. XVIII. mendeko abesti tradizionalak eta Pablo Sarasate, Maurice Ravel, Jesus Guridi, Aita Donostia eta abarren obrak jasoko ditu, eta Labeque ahizpekin batera proiektuan ariko dira, besteak beste, Carlos Mena kontratenorra, Thierry Biskarri eta Eñaut Elorrieta kantariak, Oreka Tx taldea eta Easo eskolania.

VIKTORIA EUGENIA

Lehen kontzertua abuztuaren 6an emango du Alexandre Tharaud pianistak. Ondoren, Jordi Savall violagambistak eta Carlos Nuñez gaita jotzaile eta flautistak tradizio zeltan arakatuko dute (abuztuaren 20an), eta, azkenik, Herve Koubi dantza konpainiak Les Nuits Barbares ikuskizuna taularatuko du, zeinak Mozarten eta Faureren requiemen zatiak, Afrikako musika tradizionala eta hip hopa uztartzen dituen.

Informazio gehiago jasotzeko, jo webgune honetara: www.quincenamusical.eus

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Jon Ander Urresti —sariaren txartelari eusten—, gaurko ekitaldian, epaimahaikideekin eta babesleekin batera. ©Marisol Ramirez / Foku

Jon Ander Urresti aktorearen 'Eucalyptus' proiektuak irabazi du sormen beka

Andoni Imaz

Eukaliptotik abiatuta, «lurren eta bizitzen kudeaketari» buruzko lan bat sortuko du Urrestik, antzerkia eta dantza uztartuz. Beka 15.000 eurokoa da, eta datorren urteko azokan aurkeztu beharko du emaitza.

Gaztetxo talde bat, atzo goizean, Durangoko Azokako ateak irekitzeko zain. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Galdera olde bat ateei bultzaka

Andoni Imaz

Ehunka gazte izan dira Durangoko Azokako Ikasle Goizean, eta haiek ekarri dituzte azokaren itzulerako lehen pilaketak. Kontzertuetan eta tailerretan ere parte hartu dute gazteek
Ikasleak, atzo, Landako gunean. ©Marisol Ramirez / Foku
Aurten, 248 erakusmahai jarri dituzte guztira Landako gunean, eta 930 nobedade daude bertan salgai. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Eta azkenik argia?

Itziar Ugarte Irizar-Iñigo Astiz

Itxaropentsu daude liburu eta disko saltzaileak aurtengo Durangoko Azokak har dezakeen itxurarekin. Azken bi urteak gorabeheratsuak izan direla diote, eta izan da 2020. eta 2021. urteak «hekatonbetzat» jo dituenik ere

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.