Zentsurak kulturgintzan izandako eragina aztertuko dute Donostian

EHUko MHLI ikerketa taldeak 'Zentsura eta literatura: memoria eztabaidatuak' kongresua antolatu du ekainaren 21 eta 22rako. Erakusketa bat ere izango da, jardunaldien osagarri
Alex Gurrutxaga, Lourdes Otaegi, Mari Jose Olaziregi eta Ismael Manterola MHLI ikertaldeko kideak; talde horrek antolatu du kongresua.
Alex Gurrutxaga, Lourdes Otaegi, Mari Jose Olaziregi eta Ismael Manterola MHLI ikertaldeko kideak; talde horrek antolatu du kongresua. JON URBE / FOKU

Ainhoa Sarasola -

2018ko maiatzak 31
Soka luzea da zentsurarena, gaur eguneraino luzatzen dena. Hizpide izaten jarraitzen du egunotan, baina iraganetik datorren praktika da. Hala ere, akademiak gutxi ikertu izan duela uste du EHUko Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikertaldeak (MHLI). Horregatik, auzia aztertzeko kongresua antolatu du, Zentsura eta literatura: memoria eztabaidatuak izenburupean. Donostiako Miramar jauregian izango dira jardunaldiak, ekainaren 21ean eta 22an, eta hamaika adituk hartuko dute hitza bi egunez. Ardatz nagusia literatura izango bada ere, beste kultur adierazpideetan zentsurak izandako ondorioei ere helduko diete. Halaber, Joan Mari Torrealdai omenduko dute, antolatzaileen iritziz, hark ikertu baitu sakonen zentsuraren eragina euskal kulturgintzan.

Mari Jose Olaziregi eta Lourdes Otaegi dira kongresuaren zuzendari akademikoak, biak MHLI taldeko kideak. Olaziregik zentsuraren definizio «xume bat, pragmatikoek ematen dutena» azaldu du: «Zentsuratu egiten da arrazoi ideologikoengatik norbaitek beste bati zerbait adieraztea zernahi modutan oztopatzen duenean. Beraz, zentsurak ideologiarekin du zerikusia, eta boterea duenak zentsuratzen du». Beste hainbat adituk zentsura estrukturalaz hitz egiten dutela gehitu du, askoz ere sotilagoa dena eta gizartearen beste arlo askotan ere badagoena. «Guk kongresuan frankismo garaiko zentsurari helduko diogu batez ere, baina baita frankismo ostekoari; saiatuko gara bere itzala antzematen eta zer estrategia baliatzen dituen adierazten». Kongresuak egun «puri-purian» dagoen gai baten inguruan egin diren ikerketa akademikoak agertu nahi ditu, Olaziregiren hitzetan.

Topaketen lehen eguna «Iberiar penintsulako naziotasunetako kulturetako zentsura» aztertzeari eskainiko diote; hau da, katalanez, galegoz, gazteleraz nahiz euskaraz sortzen duten esparruetako kasuak izango dituzte hizpide Euskal Herriko zein nazioarteko 25 ikerlarik. Berta Muñoz Caliz Madrilgo Unibertsitate Autonomoko aditua izango da lehena hitza hartzen, eta zentsuraren ikerketa akademikoak egun zertan diren azalduko du. Halaber, beste hainbat adituk zentsura jasan duten «hiru egile funtsezkoren» lana aztertuko dute: Max Aub izango du mintzagai Valentziako Unibertsitateko Joan Oleza Simok; Federico Garcia Lorca La Platako Unibertsitateko Raquel Macciucik; eta Alfonso Sastre Tourseko Unibertsitateko Paula Martinez-Michelek. Frankismo garaiko eta osteko urteetako zentsuraren askotariko aurpegiak izango dituzte hizpide, halaber, Xose Manuel Dasilvak, Xavier Plak, Xelo Candel Vilak, Lourdes Otaegik, Javier Lluch-Pratsek eta Francisco Jose Lopez Alonsok.

Joan Mari Torrealdari omenaldia eginez hasiko dute bigarren eguna. Euskal liburugintzaren eta zentsura frankistaren inguruan egin dituen ikerketen garrantzia aitortu nahi dute horrela. «Euskal literatur sistemaren deskripzioan dihardu azken ia 40 urte hauetan, berau ezagutzeko lan funtsezkoak diren ikerlanak eskaini dizkigularik», Otaegiren hitzetan. Horien artean, Euskal idazleak gaur (1977) nahiz Euskal kultura gaur (1997) liburu «oinarrizkoak» aipatu zituen. Torrealdairen bigarren ikergai nagusia «euskarari mendeetatik hona datorkion erasoaren gaia» izan da, Otaegiren esanetan. «Hirugarren ildo bat du bere ikerketak, bere ibilbide akademikoan garapen handiena izan duena: euskal kulturak bizi izandako zentsurari buruzko lana. Arlo horretan, guretzat, bera da aditu nagusia». Torrealdairen beraren solasaldiarekin hasiko da eguna, zeina Andres Urrutia euskaltzainburuak aurkeztuko duen.

Haren ondoren hitza hartuko duten zazpi adituek «nolabaiteko omenaldia eta jarraipena» egingo diote Torrealdairen lanari, Otaegiren esanetan. Euskal kulturgintza eta zentsura izango dituzte denek aztergai: Ismael Manterolak Zentsura artean izeneko hitzaldia emango du; Mikel Aierbek Zentsuraren irakurketak izenekoa; Idoia Geren?uk frankismo garaiko euskal antzerkiari erreparatuko dio; Amaia Elizaldek Jon Miranderen kasua aztertuko du; Ben?at Sarasolak Orixeren Euskaldunak; Miren Ibarluzeak itzulpengintzaz eta zentsuraz hitz egingo du; eta Ana Gandarak, azkenik, Zentsura eta errealitate sinbolikoa izeneko hitzartzea egingo du.

Mekanismoak, ondorioak

Jardunaldien osagarri, Koldo Mitxelena Kulturuneak erakusketa bat hartuko du. Ekainaren 20an zabalduko dute, kongresua hasteko bezperan, eta uztailaren 21 arte egongo da ikusgai, liburutegiaren lehen solairuan. Ismael Manterola eta Alex Gurrutxaga taldekideek egin dituzte komisario lanak; Debekatuak baina ez ahaztuak jarri diote izena, adierazteko bertako adibideak zentsuratuak bai, baina ikertuak ere badirela, Gurrutxagaren hitzetan. Zentsura instituzionalaren mekanismoen eta euskal kulturgintzan izandako eraginaren argazki orokor bat egiten du erakusketak, azalpen teoriko eta historikoak eta askotariko lekukotzak bilduz.

Manterolak azaldu du panelen eta bitrinen bidez banatuko dituztela edukiak; gehienak dokumentalak izango dira. Aurkezpen orokor batekin hasi, eta zentsuraren xede eta tresnak, kasu zehatzak eta sortzaileek hari ihes egiteko saiatutako bideak aztertuko ditu erakusketak, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna