Bildumazale baten armairutik

Mendea beteko da aurki Cristobal Balentziagak bere lehen negozioa ireki zuela Donostian. Jostunaren bezero izandako Rachel L. Mellonen piezekin osatuko dute erakusketa bat

Igor Uria, Denis Itxaso eta Miren Vives, atzo, Donostian, jostunaren lehen dendaren irudia atzean dutela. BALENTZIAGA MUSEOA.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2017ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Bitxi diseinatzaile batek jarri zituen harremanetan. Cristobal Balentziagaren hainbat diseinu eros zitzan aholkatu zion bitxigileak Rachel L. Mellon estatubatuarrari, eta jostunaren hainbat laguntzaile emakumearen etxera joan ziren, hari neurriak hartzera. Balentziagaren bezero oparoenetakoa bihurtuko zen denborarekin, eta haren jantzien bilduma zabala osatu zuen. Getarian (Gipuzkoa), Balentziaga museoaren esku daude pieza horietako asko egun, nahiz eta orain arte gehienak ez dituzten jendaurrean jarri. Aurki erakutsiko dituzte, jostunak Donostian bere lehen denda ireki zuenetik ehun urte betetzear direla aitzakiatzat hartuta. Urteurrenaren harira, egitarau berezia prestatu du museoak urte osorako, eta, horren barruan, erakusketa zabal bat irekiko dute maiatzean: zentroko areto guztiak hartuko ditu, eta heldu den urteko urtarril amaierara arte egongo da zabalik. Ekitaldi guztiak atzo aurkeztu zituzten Miren Vives museoko zuzendariak, Igor Uria bildumen zuzendariak eta Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak.

Collecting Elegance. Rachel L. Mellon's Legacy izenburua izango du erakusketak, eta Hubert de Givenchy diseinatzaileak zuzenduko du. Bai Mellon bai Balentziaga, biak ezagutu zituen Givenchyk. Rachel Lowe Lambert Mellon (1910-2014), Bunny goitizenez, XX. mendeko AEBetako goi burgesiako emakume aberats bat izan zen. Filantropoa, arte bildumazalea eta lorategien diseinatzailea zen, eta baita kennedytarren lagun mina ere. Balentziagaren «goi mailako joskintzako bezero esklusiboaren arketipo» gisa definitu zuten museoko arduradunek; goi mailako esfera guztietan harremanak zituen —Ingalaterrako erregina bere etxean hartzeraino—, baina aldi berean, oso diskretua ei zen. Hil zenean, bere bildumako 400dik gora pieza utzi zizkion legatu gisa museoari.

Orotara, Mellonen 500 bat pieza ditu gordeak museoak, askotariko jantziak, osagarriak eta bestelako dokumentuak barne —jostunarekin trukatutako gutunak, fakturak, argazkiak...—. Horietatik guztietatik, 90 jantzi aukeratu ditu Givenchyk erakusketarako, eta beste horrenbeste objektu jarriko dituzte erakusketa osatzeko, bai osagarriak —fularrak nahiz buruko apaingarriak—, bai dokumentazioa —jostunak Melloni bidalitako diseinuen zirriborroak eta argazkiak—. Museoaren bildumakoak dira pieza gehienak, baina Londresko Victoria & Albert museoak eta Parisko Balentziaga Artxibategiak utzitako batzuk ere jarriko dituzte ikusgai. Piezen %70 orain arte erakutsi gabekoak dira. Museoko arduradunen ustez, garai hartako testuinguru soziokulturalaz hitz egiteko aukera emango du erakusketak. Maiatzaren 28an irekiko dute, eta 2018ko urtarrilaren 25era arte egongo da zabalik. Parisen eta Madrilen ere aurkeztuko dute.

Bergara kaleko hastapenak

Balentziagaren sortzaile figura ez ezik, enpresari gisa egindako ibilbidea ere gogoratu nahi du aurten museoak, Donostian lehen negozioa zabaldu zueneko mendeurrena ez ezik, Parisen lehen denda ireki zuela 80 urte betetzen baitira. 50eko eta 60ko urteetako Parisko goi mailako joskintzaren erreferente nagusietakoa izan zen etxeak, beraz, Donostian izan zituen hastapenak. 22 urte baino ez zituen Balentziagak 1917an, matrikula industrialeko liburuan inskribatu zenean; C. Balenciaga izenarekin, Bergara kaleko 2. zenbakian ireki zuen lehen denda. Urtebetera, inskripzioa aldatu zuen, Lizaso ahizpak bazkide moduan sartu baitziren negozioan, eta sei urterako sozietate mugatu bat sortu zuten, Balenciaga & Cía izenekoa. 1924an, elkartea desegin, eta Cristobal Balenciaga izenarekin, Askatasunaren Hiribideko 2.era aldatu zen. 1927an, negozioa dibertsifikatzeko asmoz, marka berri bat sortu zuen: Martina Robes et Manteaux deitu zion aurrena, eta EISA Costura geroago —bi izenekin Martina Eizagirre amari egin zion erreferentzia (hura ere jostuna zen)—. Bi enpresek batera jardun zuten: lehena 1937. urtera bitarte egon zen irekita, gerra zela-eta Balentziaga Parisera joan zen arte; eta bigarrenarekin, Madrilen eta Bartzelonan ireki zituen bi denda. Jostunak 1969an itxi zituen sozietate guztiak; ordurako 2.000 langile inguru ari ziren horietan.

Urteurrena dela eta, jostunaren inguruko erakusketak zabalduko dituzte Parisko Palais Galliera eta Londresko Victoria & Albert museoek ere, udaberrian. Getariako museoak, baina, erakusketa nagusiaz gain, beste hainbat jarduera antolatu ditu urteurrena gogora ekartzeko. Hala, Central Saint Martins-University of Arts London eskolarekin batera, proiektu bat jarriko du martxan; Getarian izango dira eskola horretako 60 ikasle, Balentziaga ezagutu, eta proiektu bat garatzeko. «Nazioarteko lankidetza estrategikoak» lantze aldera, etorkizunean egitasmoa munduko beste eskola batzuetara zabaltzea da asmoa. EHUko Udako Ikastaroetan, berriz, «modaren munduko ekintzaileei» lotutako gaiak jorratzeko eskola bat antolatuko dute, eta sortzaile gazteentzako espazio bat ere zabalduko dute museoan. Donostian ere izango da ekitaldirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.