Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kultura Mugen arteko formak

Publizitatea

Kultura

Mugen arteko formak

Aitor Etxeberria margolariak pastel tonuko koloreen aldeko hautua egin du, eta grabitazio itxura eman die Mexiko Hiriko Casa Galeria arte espazioan ikusgai jarri dituen lanei
Aitor Etxeberria, Mexiko Hiriko Casa Galerian, <em>Gravitaciones</em> saileko hiru lan atzean dituela.
Aitor Etxeberria, Mexiko Hiriko Casa Galerian, Gravitaciones saileko hiru lan atzean dituela. IGOR SUSAETA

2017-03-22 / Igor Susaeta

Elementu deformatuak, «mantxak», konstante bat izan dira, eta dira, oraindik ere, Aitor Etxeberria margolariaren jardunean (Mendaro, Gipuzkoa, 1958). Sasoi batean, batez ere paisaiak lantzen zituenean, haren margolanek oihalaren mugetatik kanpo jarraipen bat zutela zirudien. «Orain, aldiz, koadroan gertatzen den guztia agerian dago», argitu du Etxeberriak. Margolanaren mugen barruan sartu ditu formak, eta grabitazio itxura eman die. Gravitaciones erakusketako lanak apirilaren 8ra arte ikusgai egongo dira Mexiko Hirian, Gorka Larrañaga artista azkoitiarrak zuzendutako Casa Galeria arte espazioan.

Pintura akrilikoarekin landutako 30 bat lan bildu ditu, eta, kolorearen erabilerari dagokionez, pastel tonukoen aldeko hautua egin du. «Iruditzen zait nire nortasuna azaltzen dela kolorea lantzeko orduan. Eta esan izan didate lanek oro har badutela ukitu malenkoniatsu bat», azaldu du Etxeberriak. «Nire paisaietan grisa landu dut batez ere, eta uste dut horrek zerikusia duela gure lurralde klimatikoki lainotsuak utzi digun arrastoarekin». Gravitaciones-ek ere badu «gris ukitu hori», baina orain arte erabiltzen ez zituen koloreekin ausartu da margolaria.

Haren aurreko bakarkako erakusketa 2015ean egin zuen, eta hartan hasi zen grabitazioen saila lantzen: Deabruaren kantuak mostran. «Oraingo lanetako elementuak ere azaltzen ziren duela urte batzuk egiten nuen pinturan, baina beste agertoki batean azaltzen ziren. Egin dudana izan da elementuari edo formari berari garrantzia eman eta handitu, indartu». Etxeberriaren oraingo margolanak, hortaz, «abstraktuagoak» dira. «Behin erabaki nuen koadroetan elementu jakinik ez sartzea, nire formekin beste paisaia batzuk sortzea». Haren irudiko, gainera, paisaia bera, kontzeptu moduan, oso irekia da. «Lan hauek ere paisaiak izan daitezke, baina beste leku batzuetakoak; espaziokoak, adibidez». Lehen, ordea, inguruko elementuak eramaten zituen oihalera: zuhaitzak, etxeak, mendiak... Etxeberriaren lanean, hasieran, bazegoen, haren iritziz, ikusten zuena mimetizatzeko ahalegin bat. «Gero, denbora batez, figurazioaren eta abstrakzioaren arteko mugan ibili nintzen, eta erabaki dut abstrakziorantz jotzea. Hor badago prozesu bat».

Pentsatzen du, dena den, edozein forma dela abstrakzio bat. «Kontua da batzuk ezagunak zaizkigula. Mahai bat, adibidez, formaz abstrakzio bat da. Zuhaitz bat ere forma abstraktu bat da, baina identifikatua daukagu, izen bat jarri diogu. Beraz, jada ez dugu formetan pentsatzen». Gravitaciones erakusketako margolanetako elementuek ez dute forma argirik, eta margolanek izenik ere ez dute. «Apropos egin dut; ikusten duenak erabaki dezala».

Esateko modua

Prozesua oso garrantzitsua da Etxeberriarentzat. «[Jorge] Oteizak esaten zuen behin bukatuta lana ez zitzaiola interesatzen...». Esperimentazioari emana dago orain, eta egiten duenak «ezustean» harrapatu behar du. «Oihal zuriaren aurrean jartzen naizenean, gainera, ez dakit zer pintatu behar dudan, ez baitut zirriborrorik egiten. Hor arrisku bat dago: estetikoki badakizu zer nahi duzun, baina bilatu egin behar duzu...». Egonezina kaleratzeko margotzen du, eta erabateko askatasunean egin nahiko luke. «Egitea baino askoz ere errazagoa da esatea. Askotan gehiago pentsatzen duzu kanpoko horretan: non erakutsi behar duzun, jendeak zer esango duen... Denok ezetz diogu, ez dela hala, baina atzetik badago hori [barreak]».

Egin behar duena planteatzeko orduan, Etxeberriak uste du margolariak saiatu behar duela, «ikuspegi aldetik», lana norberarena dela erakusten, ez kopiatzen. «Hainbeste informazio dugunez, txarrena da, nahi gabe, gogoan gelditzen diren gauzak azaltzen direla lanean askotan, eta batzuetan ez zarela momentuan konturatzen. Baina konturatzen naizen momentuan aldatzen saiatzen naiz».

Izan ere, «esateko modua» lehenesten du artistak. «Nik uste dut ez dudala lortuko hizkuntza piktoriko bat... Egin dudana hitzez ere ezingo nuke azaldu. Irudiak berak esan behar du. Ikusten duenak jakin behar du pintoreak baduela asmo bat eta zerbait esan nahi duela». Eta hitzez esatea kostatzen zaion arren, Etxeberriari iruditzen zaio grabitazioen sailekoak lan «baketsuak edo lasaiak» direla. «Pentsatu nahi dut nire pinturarekin batera bizitzea nahiko erraza dela. Izan ere, askotan, etxean koadro bat jarri, eta koadro horrek berak agintzen du». Etxeberriaren muga arteko formetako batzuk Mexiko Hiriko Perfida jatetxean eta Curie#10 galerian ere egongo dira ikusgai.

Publizitatea

Sortu kontua
Igor Susaeta Igor Susaeta

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak