Nola birlandatu Euskal Herria Patagonian

Euskal Herriko emigrazioa kontuan harturik, Argentinan euskal kolonia bat sortzeko Florentzio Basalduaren proiektuaren historia bildu du Kepa Altonagak 'Patagoniara Hazparnen barrena' liburuan
PAMIELA /

Iñigo Astiz -

2017ko maiatzak 9
Kokapen zehatz eta guzti aurkeztu zion Euskal Herria birlandatzeko bere asmoa Florentzio Basaldua bilbotarrak Julio Argentino Roca Argentinako orduko presidenteari 1897an: euskaldunentzako Eskal-Berri izeneko kolonia sortu nahi zuen Patagoniako Chubut eskualdean. 44o30' eta 47o30' artean S latitudean, eta San Jorge golkotik Txileko mugaraino longitudean, zehazki. 166.000 kilometro koadro lur, eta izen eta guzti markatu zituen mapan zenbait gune: «Donostia», «Bilbao», «Bayona», «Pamplona», «Alsasua», «Vitoria»... Hiru urtean 10.000 familia euskaldun eramatea zen Basalduaren asmoa, eta, besteak beste, bakoitzari bina esne behi eta behor, bi txerri ernari, hogei lincoln motako ardi, hamar ahuntz, golde bat eta 1.000 kilo hazi ere eman behar zitzaizkiola kalkulatu zuen. Ordurako antzekoak eginak ziren galestarrak eta juduak, esaterako, eta begi onez hartu zuten horregatik proposamena Argentinan, baina diruak kale egin, eta bertan behera gelditu zen Basalduaren proiektua. Kepa Altonaga idazleak berreskuratu du orain egitasmo haren historia Patagoniara Hazparnen barrena, Lotilandiakoak herri birlandatuan liburuan (Pamiela).

Fikziorik batere ez dago liburuan, Altonagak zehaztu duenez. Dokumentu bidez baieztatuta daude bertan kontatzen diren guztiak, eta are Basalduaren proposamenak izan zuen harrera ona ere nabarmendu du idazleak. Alde zuen galestarren esperimentua. «Berak faktible ikusi zuen beste Euskal Herri bat sortzea han, proiektua landu zuen, finantzatu nahi izan zuen, eta sasoi horretan bazegoen Argentinan sare ikaragarri bat. Han ziren Joxe Mendiaga eta Pello Mari Otaño bertsolariak, eta euskal etxeak ere bazeuden. Pil-pilean zegoen. Erdara ikasteko liburuak ere kaleratu ziren euskaraz. Substratu bat bazegoen horrelako proiektu bat planteatu eta gauzatzeko». Eta euskarari pisu berezia ematen zion, gainera, Basalduak proiektu hartan.

Babesa bazuen proiektuak, baina sosak falta. «Alde finantzarioak eragin zuen porrota», laburbildu du Altonagak. Abiapuntutik egon zen diru falta, eta, azkenean, orri batean egindako marrazki soil bat baino ez zen izan Basalduaren Euskal Herri berri hura.

Garrantzitsua da testuingurua. XIX. mendeko azken hamarkadetan Ipar Euskal Herria pobrezia betean murgilduta zegoen, eta emigrazio handia izan zen Amerikara. Eta paisaia soziopolitiko-demografiko hori da Altonagaren liburuan kontatzen dena. Bi pertsonaiaren historia kontatzen du horretarako. Basaldua da bi pertsona horietariko bat, eta Jean Arbelbide apaiz garaztarra da bestea. Amerikarako emigrazioak herria jendez nola husten zuen ikusi zuten biek, eta galtzen sentitzen zituzten Euskal Herrikotzat jotzen zituzten ohitura, hizkuntza eta erlijioa. Hala bizi zuten haiek egoera, eta sentsazio hori dago bai Basalduaren proiektuaren oinarrian, eta bai Arbelbide apaizaren proposamenen oinarrian.

Euskararen hesi-babeslea

«Lotilandia». Liburuan izen horrekin izendatzen du idazleak landa giroari lotutako eta erlijioaren arabera bizi zen Euskal Herri idilikoa. Altonaga: «Lotilandia parke tematiko bat da euskaldunez populatua, Pierre Lotiren Ramuntcho eleberri ospetsuak 1897an plazaratu zuena. Baina nire begietarako Jean Pierre Alberbide apaiz garaztarrak karakterizatu zuen ondoen Lotilandia hori beste liburu batean: Igandea, edo jaunaren eguna-n, 1895ean. Bere arabera, Euskal Herria euskararen harresi babeslearen barruan dago, hau da, euskarak babestuko du Euskal Herria erdal munduko arrisku guztietatik». Harentzat amets moduko bat baino ez zen izango Basalduaren Eskal-Berria proiektua, eta Euskal Herria barrutik trinkotzea izango zen bere proposamena.

Dokumentu bidez ziurtatzerik ez du izan Altonagak, baina Basalduak eta Arbelbidek elkar ezagutu zutela da bere hipotesia. Hazparnen egingo zuten topo ziurrenik, dioenez. Tokiko apaiza zen Arbelbide, eta hango eskolan ikasi zuen Basalduak, harik eta 15 urterekin Amerikara joan zen arte.

Bidezidorrik ez dago, halere, Altonagaren liburuan. Autobiografia tanta batzuk ere txertatu ditu kontakizunean, eta ez dio muzinik egin beste hainbat gai lantzeko aukerari: Pio Barojaren Bidasoako errepublika, lehen Miss Frantzia izandako Agnes Souret ezpeletarra, Daniel Lizarralde medikuaren dibulgaziozko idazlanak, Buenos Airesko euskara ekumenikoa... «Ibaiak makina bat meandro egingo ditu itsasora bidean distantziarik laburrena bilatu nahirik. Modu berean edo, neu ere hainbat meandrotan abiatu naiz», azaldu du.

Altonagaren idazkera laudatu du Jose Angel Irigarai Pamiela argitaletxeko kideak, hain zuzen ere aurkezpenean: «Oso ongi harilkatzen du gaia, eta oso literarioa da kontatzeko modu hori. Horrek are erakargarriago egiten du kontatzen duena».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna